Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua Oñatiko Unibertsitatearen fatxadan jarduten hasi da

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua Oñatiko Unibertsitatearen fatxadan jarduten hasi da

Fatxada nagusiaren eta klaustroko lau fatxaden altxaera ortofotografikoa egin da, erliebeak, dorreen edo kontrahormen alboak, horma-hobiak eta irudiak barne. Lan horiek zaharberritzeko proposamen tekniko baten barruan sartzen dira, eta eraikin historiko honetan egin beharreko esku-hartzea zehaztasunez eta xehetasunez definituko ditu.

Azahara Domínguez eta Izaro Elorza, Oñatiko Unibertsitatean

Azahara Domínguez eta Izaro Elorza, Oñatiko Unibertsitatean


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua Oñatiko Unibertsitatearen fatxadan jarduten hasi da. Errenazimenduko arkitektura-harribitxietako bat da Oñatikoa Euskadin, baina aspaldidanik hondatze-seinale nabarmenak zituen. Une honetan, fatxada nagusiaren eta klaustroko lau fatxaden altxaera ortofotografikoa egin da, erliebeak, dorreen edo kontrahormen alboak, horma-hobiak eta irudiak barne. Lan horiek zaharberritzeko proposamen tekniko baten barruan sartzen dira, eraikin historiko honetan egin beharreko esku-hartzea zehaztasunez eta xehetasunez definitzeko.
Azahara Dominguez diputatuak Izaro Elorza Oñatiko alkatearekin batera egiten ari diren lanak bisitatu ditu astearte honetan, eta datozen hilabeteetan egingo den prozesua azaldu dio. 
Diputatuak adierazi duenez, "une honetan egin beharreko lana bertan dauden narriadurak karakterizatzeko laginak hartzea da, eta esku hartzeko probak egiteko eremuak hautatuko dira. Proba hauek egin eta ondoren laborategiarekin egiaztatuko dira". Lortutako laginen azterketa amaitu ondoren, memoria bat egingo da, eta bertan, lortutako emaitzen arabera erabili beharreko teknikak eta produktuak zehaztuko dira. Memoria horrek, gainera, unibertsitatearen eraikinaren birgaitze integralerako balioko du. 
Hasierako lan horiek Petra enpresak egingo ditu, mota horretako lanetan espezializatuta dagoen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailarekin maiz lankidetzan aritzen den enpresak. 
“Oñatiko Unibertsitatearen eraikinak gure lurralderako duen balio historiko-artistiko ikaragarriaz jabetuta, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik mantentze-lan ugari egin ditugu hura zaintzeko. Hala eta guztiz ere, hainbat faktorek eragin dute eraikina hondatuta egotea, eta, ondorioz, bertan jardun behar dugu. Egiten ari garen jarduera horiei esker, zehatzki definitu ahal izango dugu zer esku-hartze egin behar dugun fatxadan”, nabarmendu du Azahara Domínguezek. 
Bestalde, Izaro Elorza, Oñatiko alkaetak, hau esan du: “Oñatiko Unibertsitatea herriratzeko lanean ari gara azken urteetan Oñatiko Udalean. Oro har, bertara lekualdatu gura dugu turismo bulegoa, eta ikasketa gelak sortu gura ditugu. Horrekin, unibertsitatearen berezko izaera eta balioa indartuko ditugu, behar moduko erantzuna emango diegu herriko zenbait beharrei eta erabiltzaileen profila zabalduko dugu. Alegia, Udaletik bultzatuko ditugun esku hartzeek, Unibertsitateak heziketarako leku bezala duen erreferentzialtasuna indartuko eta zabalduko dute; eta, turismo bulego berriarekin, urrats berria egingo dugu gure herriko ondarearen dibulgazioan, eraikin historikotik bertatik. Hasi berri diren esku hartzeak lagungarri dira bide horretan”.


Eraikin historikoa, narriadura progresiboarekin
Oñatiko Unibertsitatearen eraikina, gaur egun Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Soziologia Juridikoaren Nazioarteko Institutuaren egoitza dena, Euskadiko Errenazimentuko bitxietako bat da. Erainkuntza Rodrigo Mercado de Zuazola gotzainak agindu zuen XVI. mendean eta bere elementurik aipagarrienetako bat plateresko estiloko fatxada dotorea da. Nabarmentzekoak dira, halaber, kasetoi mudejarra, Euskadin oso ohikoa ez dena, Gijabak Avilan haritz-egurrez egina; Errenazimentuko klaustro tipikoa, bi solairukoa, zirkuluerdiko arkuekin eta 32 medailoiekin; edo kaperako erretaula platereskoa, Pierres Picart eskultore frantziarrak egina.
Higiezina Kultura Intereseko Ondasun deklaratuta dago, babes bereziarekin. 1931. urteaz geroztik monumentu historiko-artistiko izendatua izan da. Eta, 1987an, Eusko Jaurlaritzak nazio mailako monumentu historiko-artistiko izendatu zuen.
Eraikinaren balio artistikoaz jabetuta, 1935. urteaz geroztik sei esku-hartze nabarmen egin dira guztira. Eraikinaren azken birgaitze integrala 1993koa da, eta Pablo Borde arkitektoak egin zuen. Hala ere, azken 20 urteetan, 60 mantentze-lan baino gehiago egin diren arren, fatxadak narriadura progresiboa izan du, eta, horren ondorioz, zenbait harrizko elementu apaingarri jausi ziren 2022an.
 

  

4330