Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoako Behatoki Turistikoa aurkeztu du eta protokolo bat sinatu du Segitturrekin lurraldeko helmuga turistiko adimendunen sarbide-puntu izateko, Basquetourrekin koordinatuta

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoako Behatoki Turistikoa aurkeztu du eta protokolo bat sinatu du Segitturrekin lurraldeko helmuga turistiko adimendunen sarbide-puntu izateko, Basquetourrekin koordinatuta

Behatoki hau erakundeen arteko lankidetzatik sortutako tresna bat da, eta turismo-industriari balio erantsia ematea du helburu, bai eta erabakiak hartzea aurreratzeko eta optimizatzeko behar den informazioa ematea ere

2024/07/04
Azahara Domínguez diputatua eta Enrique Martínez Segitturreko presidentea

Azahara Domínguez diputatua eta Enrique Martínez Segitturreko presidentea


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoako Behatoki Turistikoa aurkeztu du ostegun honetan. Proiektua erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da, eta helburutzat du turismo-industria osoari balio erantsia ematea eta erabaki-hartzeak aurreratzeko zein optimizatzeko beharrezko informazioa ematea.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguez arduratu da Behatokia aurkezteaz Hondarribiko Hiruzta upategian egindako ekitaldian. Ekitaldi horretan parte hartu dute Segitturreko presidente Enrique Martínezek, Turismo y Planificación Costa del Sol entitateko Analisi eta Adimen Turistikoaren arloko zuzendari Rafael Fuentesek eta Gipuzkoako turismo-sektoreko ehun ordezkari inguruk.

Diputatuak azaldu duenez, "Behatoki honen bitartez, Gipuzkoak, helmuga turistiko berritzaile gisa eta abangoardiako azpiegitura teknologiko batean finkatuta, turismo jasangarriaren garapena sustatzen du, pertsona guztientzako turismo irisgarria bermatzen duena, bisitariaren eta inguruaren arteko interakzioa eta integrazioa errazten duena eta Gipuzkoako esperientziaren kalitatea handitzen zein egoiliarren bizi-kalitatea hobetzen duena".

Behatokiak Gipuzkoako turismo-ostatuen okupazioari buruzko informazio estatistikoa eskainiko du balio erantsi gisa. Horrez gain, oinarri duen erakunde arteko akordioaren ondorioz, lurralde barruko bisitarien mugikortasunarekin edo naturarekin lotutako hainbat erakargarri turistikoren edukierarekin lotutako datuak ere eskainiko ditu. Hori guztia, turismo-industriak bere erabakiak aurreratu eta optimizatu ahal izateko behar duen ahalik eta informazio gehien izan dezan.

"Badakigu une historiko batean gaudela, baina adierazle guztiek erakusten digute turismoak ez duela goia jo Gipuzkoan. Hori dela eta, inoiz baino garrantzitsuagoa da erakundeok elkarlanean aritzea eta sektoreari eskura dugun informazio guztia ematea, ditugun baliabideak optimizatu eta aurrean ditugun erronka handiei erantzun ahal izateko. Izan ere, argi daukagu Gipuzkoaren helburua ezin dela izan besterik gabe hazteagatik haztea, baizik eta gure lurraldea erreferentziazko helmuga turistiko jasangarrien buruan mantentzen jarraitzea. Horretarako, gure egiturak modernizatu behar ditugu, beharrezko tresnak jarri behar ditugu eskura eta turismo-industriak eskaintzen dizkigun aukerak aldez aurretik irakurtzen jakin behar dugu", adierazi du diputatuak, eta eskua luzatu dio sektoreari aurrean ditugun erronkei aurre egiteko.

Segitturekin protokoloa

Ekitaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Segitturrek jarduteko protokolo bat sinatu dute. Horren bidez, Foru Aldundia, Segitturrekin eta Basquetourrekin koordinatuta, Helmuga Turistiko Adimendunen (HTA) sarbide puntu bihurtuko da, eta sarean sartzeko eskaeren eta helmuga horien HTA bereizgarria lortzeko diagnostiko-eskaeren eta ekintza-planen koordinatzaile izango da.

"Aldundiarekin lankidetzan aritzea funtsezkoa da lurraldeko helmuga turistiko adimendunen eredua kudeatzeko eta bultzatzeko; izan ere, modu koordinatuan eta emaitzetara bideratutako estrategiarekin lan egiteko aukera ematen du”, nabarmendu du zentzu honetan Segitturreko presidentea den Enrique Martínezek

Costa del Sol, arrakastaren adibide

Ekitaldian, Costa del Solen Big Data eta Adimen Turistikoko aplikazioa aurkeztu da, kasu arrakastatsu baten adibide gisa, eta mahai-inguru bat egin da Aldundiko, Basquetourreko, Donostia Turismoko eta Goitur eta Debegesa eskualde-agentzietako ordezkariekin. Merkatu-adimenaren esparruko erronka nagusiak jorratu dituzte mahai-inguru horretan, hura baita Gipuzkoako egungo eredu turistikoaren lan-ardatz nagusienetako bat. 

  

3877