Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoako turismo-gida berria aurkeztu du
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoako turismo-gida berria aurkeztu du
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoako turismo-gida berria aurkeztu du
Gida berri hau HAIN GIPUZKOA marka turistiko berrira egokituta dago, eta bat dator turismo-fluxuak desestazionalizatzeko eta deslokalizatzeko estrategiarekin. Bisitariei eta gipuzkoarrei zuzendutako tresna erabilgarri bat da, eta, lehen aldiz, lurralde osoan pertsonalizatutako zazpi plan gida biltzen ditu
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoako turismo-gida berria aurkeztu du astelehen honetan, Zumaiako san Telmo elizan egin den ekitaldi batean. Bertan izan dira Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Jesús María García de Cos Eusko Jaurlaritzako Turismoko eta Merkataritzako sailburuordea eta Gipuzkoako turismo-sektoreko dezenaka ordezkari.
Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu duenez, gida berriak "tresna erabilgarri" izan nahi du, bai tokiko pertsonentzat, bai bisitarientzat, eta Departamentuaren turismo-estrategiara egokituta diseinatu da, "turismo jasangarriaren aldeko apustua eginez, ingurumena eta tokiko kultura ez ezik, gipuzkoarrak ere errespetatzea eta zaintzea lehenetsiz; euskal kulturaren eta euskararen ezagutza sustatuko duen turismoa; norberaren lurraldeko agentzia eta gidariekin eta tokiko merkataritzarekin lankidetzan arituko dena, gure ekonomia indartzen lagunduz; eta jarduera jasangarriak egingo dituena, garraio publikoaren erabilera eta birziklatzea sustatuz, besteak beste".
Lau hizkuntzatan aurkeztuko da (gaztelania, euskara, ingelesa eta frantsesa), eta eskuragarri egongo da gure lurraldeko turismo-gune eta ostatu guztietan. Baina, gainera, iraunkortasunaren ikuspegia kontuan hartuta eta gero eta teknologikoagoa den gizarte baten erabilera eta ohitura berrietara egokituta, edozein gailu mugikorretan egongo da eskuragarri QR kode baten bidez.
Planen gida
Hain Gipuzkoa Donostia marka turistiko berria iturri gisa hartuta, gidak, lehen aldiz, zazpi gida biltzen ditu, Gipuzkoa osorik gozatzeko aukera ematen duten publiko guztiei zuzendutako plan pertsonalizatuekin.
Hain naturala atala Gipuzkoan ditugun parke naturalei eta beste gune babestu batzuei buruzkoa da, ingurune natural pribilegiatu batean murgiltzeko aukera ematen digutenak.
Hain industrialak lurraldearen izaera industriala balio turistiko bihurtzen du, eta bidaia bat proposatzen du gure industriaren bilakaera kontatzen duten industria-gune enblematikoetara, artisau-tailerretara eta museoetara, tradizioa eta modernitatea uztartuz.
Turismoa udan ardaztuz, Hain kostakoak Gipuzkoako udaz gozatzeko eta kostalde moldakorreko 86 kilometroei etekina ateratzeko hainbat jarduera jasotzen ditu, kokaleku paregabeekin eta hondartzekin, Gipuzkoak dituen zerbitzu guztiekin.
Natura maite dutenentzat, Hain lasaiak lurraldeko atsedenleku eta aisialdi guneetara gerturatzen gaitu.
Gidak adrenalina probatu nahi duten abenturazaleei ere keinu bat egiten die Hain abenturak: gure mendietako tontorretatik hasi eta gure uren sakoneretaraino, Gipuzkoak turismo eta abenturako jarduera aktiboen eskaintza zabal bat du, profesional onenek bermatua.
Gainera, Gipuzkoak familientzako erreferentziazko opor-helmuga izan nahi du. Horretarako, Hain familiarrak adin guztietako pertsonentzako hezkuntza-plan dibertigarriak eskaintzen ditu lurraldeko herri askotan.
Azkenik, Gipuzkoako turismoa gastronomiarekin estuki lotuta dago, eta, beraz, Hain zaporetsuak gonbidatzen gaitu mokadu eta zurrutada bakoitzean gozatzera, murgiltzen garen bitartean ehun urtetik gorako tradizioez, emozio biziez eta gure lurraren funtsa islatzen duten benetako esperientziez betetako sukaldaritza-bidaia batean.
Turismo-fluxuen desestazionalizazioa eta deslokalizazioa
Azahara Domínguez diputatuak azpimarratu du Gipuzkoa gaur egun "une historiko" batean bizi dela turismo-jarduerari dagokionez, eta gogorarazi du "industria horretan gero eta familia gehiago bizi direla, gaur egun BPGaren % 7,1 baita". "Turismoa gaur egun Gipuzkoarentzat den traktore ekonomikoari balioa eman behar diogu, eta lan egin behar dugu gure lurraldea erreferentziazko helmuga jasangarri izaten jarrai dezan. Horretarako, ezinbestekoa da aurrera egitea turismoaren desestazionalizaziorantz eta deslokalizaziorantz", adierazi du Domínguezek, eta azaldu du gida helburu hori lortzeko pentsatuta dagoela.
"Gipuzkoak hamaika altxor ditu gozatzeko. Nahi dugu gu ezagutzera datozenak gurean murgildu daitezen, hots, gure lurraldean sar daitezen, nor garen eta nondik gatozen jakin dezaten, gure kultura, gure tradizioak, gure ingurunea eta gure jendea deskubritu ditzaten. Hori guztia bidaide direlarik iraunkortasuna eta bikaintasuna. Horregatik, gida hau aliatu berri gisa aurkezten dugu, ez bakarrik Gipuzkoa munduari ezagutarazteko, baizik eta gipuzkoarrok gure lurraldeak eskaintzen dituen aukera izugarriez gozatu dezagun", nabarmendu du.
1651