Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Pasaiarekiko duen konpromisoa berretsi du
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Pasaiarekiko duen konpromisoa berretsi du
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Pasaiarekiko duen konpromisoa berretsi du
Azahara Domínguez diputatuak eta Teo Alberro alkateak bilera egin dute bi erakundeei eragiten dieten gaiak aztertzeko.
Besteak beste, herri-portu harremana, Lurraldebus zerbitzua, Pasaiako txaluparen integrazioa Mugi sisteman, Pasaia Itsas Festibala, eta Pasaialdea berroneratzeko urteroko hitzarmena hartu dituzte ahotan
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Pasaiako Udalarekiko konpromisoa berretsi du. Hala jakinarazi dio Azahara Dominguez diputatuak Teo Alberro alkateari, Pasaiako udaletxean bi erakundeei eragiten dieten gaiak aztertzeko alkateak eskatuta egin duten bilkuran.
Bilera horretan, Alberro alkateak Dominguez buru duen departamentuari Pasaia biziberritzeko konpromisoari eusteko eskatu dio. Zehazki, herritarren erabilerarako portu-espazioen mantentze-lanen finantzaketan eskatu dio.
Diputatuak alkateari jakinarazi dio Pasaiako Udalari zuzendutako aurrekontu-partida bat dagoela gune horiek mantentzeko lanak diruz laguntzeko, Udal horrek eta Portu Agintaritzak dagokion hitzarmena sinatu ondoren. Horri esker, Pasaiako Udalak mantentze-lanen eta kontserbazioaren gastuei aurre egin ahal izango die, gaur egun administrazio-portuetako espazioetan dauden zerbitzu eta instalazio publikoak bermatu ahal izateko.
Badiaren hiri-berroneratze integraleko jarduketei dagokienez, Alberrok diputatuari eskatu dio orain arte bezala manten dezala departamentuaren inplikazioa, dirulaguntza funtsezkoa baita Pasaia herri kohesionatua, modernoa eta iraunkorra izan dadin. Horregatik, alkateak urtero sinatzen zen dirulaguntza berreskuratzeko eskatu dio.
Ildo horretan, Azahara Dominguezek Aldundiak konpromisoa duela Pasaiako badiaren biziberritze integralerako berretsi du. Aurrekontuak luzatzeko egungo egoerak hau zailtzen duela adierazi du. Hala ere, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua lanean ari da impasse horri irtenbide bat eman ahal izateko.
Bestalde, Azahara Domínguez prest agertu da Pasaiako portuko ingurumenaren jarraipenerako batzordean parte hartzeko. Erakundeen arteko mahaia Pasaia, Lezo, Errenteria-Orereta eta Donostiako udalek, Portu Agintaritzak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatu izan dute.
Mugikortasunari dagokionez, erakundeetako bi ordezkariak pozik agertu dira Pasaiako motora Mugi sisteman txertatu izanagatik, eta beharrezko jarraipen-lanak egitea erabaki dute, urtero 100.000 pertsona inguruk erabiltzen duten garraiobide hori Mugi sistemara behar bezala egokitzen dela bermatzeko.
Azkenik, Oarsoaldea-Bidasoko Lurraldebus zerbitzuaren proiektu aldatuari dagokionez, alkateak bere “kezka” agertu du eta diputatuak adierazi dio, behin zerbitzua martxan jarrita, eta behar berriak hautematen direnean, “beharrezko doikuntzak eta aldaketak” egingo direla.
Azkenik, maiatzaren 9tik 12ra bitarte ospatuko den Pasaia Itsas Festibala ere izan dute hizpide Dominguezek eta Alberrok. Diputatuak berretsi du egun horietan zehar lineako autobusen maiztasuna indartuko dela. Horrez gain, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Pasaiari agindutako finantziazioa bermatuko diola ere ziurtatu du Dominguezek.
1473