Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek Turismo Mahaia bildu du, sektorearekin hartu zuen konpromisoari erantzunez

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek Turismo Mahaia bildu du, sektorearekin hartu zuen konpromisoari erantzunez

Diputatuak Altzon egindako jardunaldi batean bildu du sektorea. Bertan, lurraldeko turismo-industriaren egoerari eta datozen hilabeteetan aurre egin beharreko erronkei buruz hitz egin du. Gainera, turismo-industria osatzen duten erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan jarraitzeko konpromisoa hartu du, Gipuzkoak erreferentziazko helmuga turistiko iraunkorra izaten jarrai dezan.

2024/11/28
Azahara Domínguez diputatuak Gipuzkoako Turismo Mahaia bildu du

Azahara Domínguez diputatuak Gipuzkoako Turismo Mahaia bildu du


Hartutako konpromisoa betez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek, Gipuzkoako Turismo Mahaia berraktibatu du, ia sei urteko geldialdiaren ondoren, sektorearekin Altzon egindako topaketa batekin. Gure lurraldeko erakundeetako, eskualdeetako, ostatu-sektoreko, ekitaldietako, kongresu-zentroetako eta bestelako turismo ordezkariek osatutako mahaia da. "Gauden testuinguru historiko honetan, Gipuzkoako Turismo Mahai hau ez zen inoiz bertan behera geratu behar", gaitzetsi du Azahara Dominguez diputatuak, eta eskua luzatu dio Gipuzkoako turismo sektoreari, "legegintzaldia hasi zenetik murgilduta gauden elkarlaneko gobernantzaren bidean aurrera egiteko".
Altzon izandako bileran, alorreko foru-arduradunak lurraldeko turismo-industriaren egoera azaldu du. Industria "goraka doa, BPGren % 7,2 da, eta 2024an 5.600 enpresa-establezimendu baino gehiago izan dira, gizarte-segurantzan 39.300 afiliazio inguru sortu dituztenak". Horrenbestez, "funtsezko sektorea" da enplegua eta aberastasuna sortzeko. "Enplegu profesionala, kalitatezkoa eta inklusiboa zaindu eta sortzen lagundu behar dugu, tokiko zein kanpoko talentua erakarriz eta atxikiz, belaunaldien arteko erreleboari lagunduz eta industriako pertsona guztiei, enpresaburuei zein langileei, gure lurraldearen balioak transmitituz", adierazi du Azahara Domínguez diputatuak. Ildo horretan, gogorarazi du azken urteetan aurrerapen handiak egin direla arlo horretan, 2022an ostatuen hitzarmen kolektiboa onartu baitzen, eta urtebete geroago hostalaritzarena, "Gipuzkoa aitzindaria izanik ordutegi-kontrola ezartzen".

Turismo-helmuga adimenduna
Testuinguru horretan, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua Turismoko Plan Estrategiko berria prestatzen ari da. Datozen hilabeteetan gauzatuko da, eta departamentuak lantzen dituen "desestazionalizazio- eta deslokalizazio-erronkei erantzuna emango die".
Horretarako, Gipuzkoako Behatoki Turistikoa "tresna baliotsua" izango da helmuga turistikoa jasangarritasunari eta adimen turistikoari dagokienez kudeatu ahal izateko, "bisitatzen gaituztenak hobeto ezagutzeko eta estrategiarik onenak diseinatzeko aukera emango baitigu".

Turismoa elementu birsortzaile gisa
Diputatuak nabarmendu duenez, "denborek turismo eredu berri baterantz igarotzea eskatzen digute, jasangarria izateaz gain, birsortzailea izango dena". "Turismoaren iraunkortasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoari buruzko lanak adostasun zabalak ditu sektorean. Horregatik, orain da garaia arlo horretan ere aitzindari izateko, aurrerapauso bat emateko eta turismo birsortzailean sakontzeko. Turismo-eredu horrek, jardueraren eragin negatiboa gutxitzeaz gain, turismo-helmugak hobetzeko eta biziberritzeko aukera ematen du, nortasuna indartzen eta bisitatzen gaituztenak gure lurraldeko zaindari bihurtzen lagunduz".
"Gauden une historiko honetan, gure helburua ezin da izan hazteagatik haztea, baizik eta Gipuzkoako eta lurralde osoko balioen jakitun, sentikor eta zaindari izango den bisitari-profila erakartzea. Azken finean, oparotasunaren, ongizatearen eta bizikidetzaren sortzaile izango den bisitaria", esan du Azahara Dominguezek.

  

635