Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek Turespañako IV. Konbentzioan parte hartu du

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek Turespañako IV. Konbentzioan parte hartu du

Azahara Domínguez Tenerifera joan da Espainiako industria turistikoaren topaketa honetan parte hartzeko, sektorearen digitalizazioari buruzko gogoeta egingo duen edizio batean. Konbentzioaren aurretik, diputatuak Lope Alfonso Tenerifeko Kabildoko lehendakariorde eta Turismo kontseilariarekin bildu da Gipuzkoan. Bi erakundeek bi lurraldeen turismo-ereduari buruzko hausnarketak partekatu dituzte, baita aurre egin beharreko berehalako erronkei buruzkoak ere.

2024/10/02
Azahara Domínguez eta Lope Alfonso Chillida Lekun

Azahara Domínguez eta Lope Alfonso Chillida Lekun


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Azahara Domíguez, Tenerifera joan da Turespañako IV. Konbentzioan parte hartzeko. Joan den urtean Gipuzkoan egin zen topaketa hau eta sektore turistikoa, publikoa eta pribatua elkartzeko, informazioa eta jardunbide egokiak trukatzeko eta Espainiaren garapen turistikoari, helmugei eta enpresei buruzko hausnarketa bateratua egiteko gune gisa sortu zen. Aurtengo edizioa turismoaren sektorearen digitalizazioa izango du ardatz. Ildo horretan, bisitarientzako produktu eta esperientzia berriak garatzeko eta helmugen eta enpresen kudeaketa-ereduak hobetzeko tresna berriak aztertuko dira, turismo-jardueraren jasangarritasun eraginkorra bermatzeko lagungarriak direnak.
Gipuzkoak hilabeteak daramatza gai horretan lanean; izan ere, uda hasieratik, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoako Turismo Behatokia jarri du martxan. Tresna horren helburua turismo-industriari balio erantsia ematea eta industria horri beharrezko informazioa ematea da, erabakiak aurreratzeko eta optimizatzeko.


Bilera Tenerifeko Turismoko kontseilariarekin eta lehendakariordearekin
Tenerifera joan aurretik, Azahara Dominguez diputatuak Lope Alfonso Tenerifeko Kabildoko lehendakariorde eta Turismo kontseilariarekin bildu da Chillida Lekun. Bi erakundeetako ordezkariek hausnarketak partekatu dituzte bi lurraldeen turismo-ereduari, haren indarrei eta aurre egin beharreko berehalako erronkei buruz. 
Azahara Domínguezek Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren estrategia turistikoa azaldu du. Estrategia horren oinarria da "turismo jasangarri baten alde egitea, non lehentasuna ematen baitzaio ingurumena eta tokiko kultura errespetatzeari eta zaintzeari, baita gipuzkoarren ongizateari ere; euskal kulturaren ezagutza sustatuko duen turismoa, lurraldeko bertako agentzia eta gidariekin lankidetzan arituko dena, eta ekonomia indartzen lagunduko duena". Halaber, azpimarratu du turismo-fluxuen kudeaketa "jarduera deslokalizatu eta desestazionalizateagatik pasa behar dela nahitaez”, turismo-industriak sortzen dituen onura ekonomikoak lurralde osoan modu "bidezkoagoan eta orekatuagoan" banatzeko, "familia gehiagorengana iritsiz".


Gastronomia elementu bereizgarri gisa
Tenerifeko Turismo kontseilariak interesa agertu du Gipuzkoak gastronomia lurraldeko elementu bereizgarria izan dadin egin duen lanaren inguruan, Kanarietan lan horretan ari baitira orain.
Ildo horretan, diputatuak gastronomiak Gipuzkoako turismo-posizionamenduan duen funtsezko zeregina azpimarratu du, eta sektoreak bere elaborazioen kalitatea zaintzeko egiten duen lan eskerga nabarmendu du, hurbiltasuneko lehengaiei lehentasuna emanez eta, horrela, lehen sektorearen ekonomian eraginez.
Bestalde, Tenerifeko Turismo, Kanpo Ekintza eta Harreman Instituzionaletako kontseilari Lope Alfonsok adierazi duenez, "turismo-sektoreak mundu mailan dituen erronka handiak, hala nola digitalizazioa, jasangarritasuna eta turismoa ongizatea sortuko duen eta lurraldean errotuko den industria lehiakor bihurtzea, dira gizarteak eskatzen dizkigun egitekoetako batzuk. Tenerife estatuko eta nazioarteko turismoaren erreferentzia da. Uhartea helmuga turistiko liderra da, jasangarritasunaren eta kalitatearen alde egiten duena, lurraldean aberastasuna eta enplegua sortuz; horregatik, ezagutza beste eredu turistiko arrakastatsu batzuekin partekatzeak, hala nola Gipuzkoarekin, beste errealitate batzuk ezagutzen eta lankidetza publiko-pribatua sustatzen laguntzen digu". 
 

  

4476