Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mundu kooperatiboa izan du ardatz Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunak Gipuzkoan egin duen bigarren egunak

Mundu kooperatiboa izan du ardatz Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunak Gipuzkoan egin duen bigarren egunak

Danobat Group, Eroski eta Mondragon Korporazioa bisitatu ditu ekonomistak

Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olano eta Mondragoneko presidente den Iñigo Ucinek Mondragon Korporazioko zenbait enpresa bisitatu dituzte gaur, Joseph Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunarekin batera. Bisitan zehar, lurraldeko ekonomia sozialeko eragile nagusienetako batzuk ezagutu ditu ekonomista estatubatuarrak, hala nola, Danobat Group, Eroski edota Mondragoneko egoitza nagusia.

Stiglitz Gipuzkoan da egunotan, Foru Aldundiak eta Ekonomisten Euskal Elkargoak antolatzen duten Gipuzkoa Talks (G-Talk) hitzaldi zikloan parte hartzeko. Marko honetan, hitzaldia eskaini zuen atzo Donostiako Kursaalean 700 entzuleren aurrean, ekonomiaren etorkizuna eta gizarte ezberdintasunaren aurkako borroka izan zituelarik hizpide. Ekitaldi hau Ekonomisten Euskal Elkargoak antolatzen duen Ekonomisten Foroaren parte ere bazen.

Gaurko egunean, interes handiz bisitatu ditu Stiglitzek konpainia ezberdinak, eta txalotu egin du Gipuzkoak ekonomia sozialaren alorrean duen garapen maila. Zehazki, lurraldeak ia 900 enpresa ditu antolaketa eta modalitate juridiko hau dutenak, eta ekoizpen sektore guztietan dute presentzia.

Jardunaldia Elgoibarren hasi da, Danobat Group enpresara egin duten bisitiarekin. Bertan, Xabier Alzaba, Danobateko zuzendaria; Antxon Lopez, konpainiako Berrikuntza zuzendaria; eta Nerea Aranguren, IK4-Idekoko zuzendariak egin diete ongietorria foru ordezkaritza eta Stiglitzi. Elgoibarreko konpainia Mondragoneko makina-erreminta dibisioa da, eta teknologia altuko eta goi-mailako eskari teknikoak dituzten bezeroetan dago espezializatuta. Enpresak 260 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtero, eta 1.300 pertsonak osatzen dute, bost kontinentetan zehar hedatuta.

Danobat Group bisitatu ostean, ordezkaritza Arrasatera joan da, Eroskik herri honetan dituen azpiegiturak ezagutzeko. Mondragoneko distribuzio enpresa da hau, Estatu mailan alor honetako talderik garrantzitsuenetakoa. Agustin Markalde, Mondragoneko presidenteordea eta Eroskiko presidenteak, eta Mikel Larrea, Eroskiko idazkari nagusiak egin diete harrera Olano, Ucin eta Stiglitzi. Eroskik Elorrion (Bizkaia) du egoitza nagusia eta gaur egun 33.000 langile ditu, hauetatik 11.000 bazkideak direlarik. Bere azpiegitura sareak 1.800 denda baino gehiagok osatzen dute.

Bisita sorta Arrasaten bertan amaitu da, Mondragoneko egoitza nagusian. Bertan, Olano eta Stiglitzek kooperatiba taldeko ordezkariekin lan bilera egin dute. Parte hartu dute Iñigo Ucin, Mondragoneko presidenteak; Oskar Goitia, presidenteordeak; Belen Kortabarria, finantza zuzendariak; Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko (MU) errektoreak; eta Lander Beloki, Enpresagintzako fakultateko dekanoak.

“Kooperatibak gure ekonomiaren berezitasun nagusienetakoa dira, eta Gipuzkoa mundu mailako erreferentea da alor honetan”, gogoratu du diputatu nagusiak bisitetan zehar. “Foru Aldundian, guztion artean etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko erronka ezarri diogu geure buruari, eta Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez ari gara honetan lanean. Kooperatiben balioek eta enpresak beraiek ere protagonistak izango dira etorkizuneko Gipuzkoa horretan”, azpimarratu du diputatu nagusiak.  

  

3054