Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea N-I-eko pantaila akustikoek 4.000 beasaindarren bizi-kalitatea hobetuko dute, eta obrek segurtasuna indartuko dute istripuen kasuan

N-I-eko pantaila akustikoek 4.000 beasaindarren bizi-kalitatea hobetuko dute, eta obrek segurtasuna indartuko dute istripuen kasuan

Pantaila-lerro berriak 330 metroko luzera izango du Gasteizerako noranzkoan. Obrak dagoeneko atera dira lizitaziora eta uda honetan bertan hastekoak dira.

2023/03/14
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua


Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak, Leire Artola Beasaingo alkatearekin batera, N-I errepidean egingo diren lanak aurkeztu ditu gaur, Beasaingo tunelaren irteeraren eta Lazkaoko lotuneko irteera-adarraren artean pantaila akustikoen lineal berri bat kokatuko dutenak. Proiektuan, halaber, errepide-tarte horretako bionda metalikoen ordez hormigoizko hesiak jartzea ere aurreikusten da, eremu osoko segurtasuna indartzeko. Obrak 1.160.380 euroan (BEZa barne) atera dira lizitaziora, eta 10 hilabeteko epea dute lanak egiteko. Egitura berriak 330 metroko luzera izango du guztira, 3,50 metroko altuera duten pantaila fonoxurgatzaileek osatuta.

Errepideetako Zarataren Aurkako Ekintza Planean jasotako jarduketetako bat da, eta, diputatuak azaldu duenez, Beasainen kasua berezia da, ibilgailuen zirkulazioak sortutako zaratari trenek eragindakoa gehitzen baitzaio. Oiarbideren hitzetan, mota horretako jarduerak lehentasunezkoak dira departamentuarentzat, milaka gipuzkoarren bizitzan eragin zuzena dutelako. Beasainen, zehazki, pantaila akustikoek ingurune bereziki sentikorra babestuko dute eta 4.000 beasaindar ingururi mesede egingo die.

Era berean, Leire Artola alkateak azpimarratu du oso garrantzitsua obra honekin N-I errepidearen eta trenaren trafikoak eragindako zarata arazoak arintzea. Zaldizurretako herritarren bizi-kalitatea hobetzea izan da, kasu honetan, lehentasunezko helburua. Horretarako, udal-gobernuaren bitartekotza-lanak bere fruituak eman dituela nabarmendu du alkateak, lehenik kaltetutako bizilagunekin eta, ondoren, gaia Bide Azpiegituretako Departamentuaren eskumena izanik, foru-erakundeko arduradunekin landu delako gaia. Horregatik, Artolak Aldundiaren eta bizilagunen laguntza eskertu nahi izan du.

Obraren aspektu teknikoei dagokienez, Oiarbidek azaldu du lanek baldintza berezi batzuei aurre egin beharko dietela, inguruaren ezaugarriak kontuan hartuta, eta elkarlana eta koordinazioa ezinbestekoak izango direla. Alde batetik, trafikoa. N-I errepidea, Beasain parean, lurraldeko komunikazio- eta garraio-bide nagusietako bat da, eguneko batez besteko trafiko-intentsitatea 30.000 eta 35.000 ibilgailu artekoa izanik. Ahal den neurrian, lanegunetan Gasteizerako noranzkoan erreia moztea saihestuko dute obrek, diputatuak aurreratu duenez.

Segurtasun handiagoa

Bestalde, bigarren baldintza garrantzitsua ADIFen trenbideen inguruko lanen mugak dira, errepidearen eta trenbidearen muga horiek obraren erdiko zati batean koordinatu beharko baitira. Hala ere, obrek hobekuntza nabarmena ekarriko dute, ez bakarrik errepidearen eta trenbidearen inpaktu akustikoa murrizteko, baita zirkulazio-istripuen kasuan ingurune osoaren segurtasuna indartzeko ere. Horrela, istripuak daudenean ibilgailuei eutsiko zaiela ziurtatzeko eta pantaila akustikoen gaineko inpaktua eta horren ondoriozko trenbideen inbasioa saihesteko, egungo bionda metalikoen ordez hormigoizko hesi aurrefabrikatuak jartzea aurreikusten da, euste-maila handikoak eta lan-zabalera txikikoak.

Zarataren Aurkako Plana

Beasaingo lineal berriarekin, beste urrats bat egin da Gipuzkoako Zarataren aurkako Ekintza Planean ezarritako ibilbide-orria betetzeko. Egitura fonoxurgatzaile horien instalazioari, beraz, azken hilabeteetan Elgoibarren eta Tolosan jarri diren eta Errenterian, Zarautzen eta Andoainen instalatuko diren edo instalatzen ari diren egiturak gehituko zaizkio. Diputatuak azpimarratu duenez, ekintza-plana oso anbizio handikoa da, hainbat jarduketaren bidez gure errepideetan inpaktu akustikoa ia 3,7 kilometrotan murriztuko duen ibilbide-orria baita, eta, are garrantzitsuagoa dena, zarataren eraginpean dauden eremu horietatik gertu bizi 10.100 gipuzkoarren bizi-kalitatea hobetuko du. Planaren hedapenak 20 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten du Gipuzkoako hainbat udalerritan eta urtean 3 milioi ibilgailu baino gehiago jasaten dituzte foru-sareko errepideetan; besteak beste, N-I, AP-8 eta GI-20 errepideak, Beasain, Tolosa, Zarautz edo Errenteria parean.

  

2486