N-I eta A-15 errepideetan kamioientzako kanona
N-I eta A-15 errepideetan kamioientzako kanona
Eztabaidaren ondoren, Foru Arau berria, ziurrenik, urtea amaitu baino lehen onartuko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako A-15 eta N-I errepideetan salgaiak garraiatzeko ibilgailu astunentzat kanona ezartzeko Foru Arauaren aurreproiektua onartu du. Proiektu hori Batzar Nagusietan hasiko da izapidetzen, eta bertan eztabaidatuko eta onartuko da, segur aski, urtea amaitu baino lehen.
Foru arau berriaren arabera, ordainpekoak izango dira Gipuzkoan zehar igarotzen diren N-I eta A-15 errepideen ibilbide osoa osatzen duten 76,352 kilometroak, eta ez egungo 19,18 kilometroak, hiru tartetan banatuta: Etzegarate, Andoain eta Astigarraga. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera aurreko bi foru arauek jasotzen zuten diskriminazioa saihesteko diseinatu da foru arau berria, zeinak saihestu egingo baitu gure lurraldea gurutzatzen duen ezein garraiolariren eta bertako garraiolarien arteko diskriminazioa. Bide Azpiegituretako diputatuak adierazi duenez, bi errepideetako ibilbide osoa ordainpekoa izango da. “Ez dago zuzeneko edo zeharkako diskriminazioa interpretatzeko aukerarik, lotura eta mugimendu guztiei kanona ezarriko baitzaie”.
32 lotura N-Iean eta A-15ean
N-I errepideak, batez ere bere ibilbidean dauden herri ugariri zerbitzua emateak, eta ibilbidean zehar 32 lotura egoteak, zaildu egiten dute mugimendu guztien kontrola. Guztira, 4 arku gehiago eta beso bakarreko 109 arku jartzea aurreikusten da. Arku berri horiek jarriko diren errepideak egokitzeko 25,3 milioi euroko inbertsioa egingo da. “Kontserbazio arrunteko eta aparteko gastuak, egokitze eta mantentze gastuak ordaindu ondoren, bildutako diru-sarrerak N-I eta A-15 errepideetako erabiltzaileentzat onuragarriak izango diren hobekuntzetara eta gaitasun handiko errepideen bi ertzetan bizi direnen afekzioa gutxituko duten jarduketetara bideratuko direla azpimarratu du Aintzane Oiarbidek. “Jarduketa horien adibide dira egiteko dauden A-15 errepideko tuneletako obrak, 2023tik aurrera egingo direnak eta 35 milioiko aurrekontua dutenak; N-I errepidearen trazadura hobetzeko lanak, Bazkardokoa kasu Andoainen, 45 milioi eurotik gorako aurrekontua duena; edo zarata arintzeko hainbat jarduketa”.
Sistema “free-flow” teknologian oinarrituko da, AT Sistemak erabiltzen duen teknologia bera, ibilgailua gelditu gabe kobratzea ahalbidetzen duena. Multzo osoak, Etzegaraten (N-I), Andoainen (N-I) eta Astigarragan (A-15) dauden hiru arkupeekin batera, eratuko du N-I eta A-15 errepideetako etorkizuneko kobrantza dispositiboa, aste honetako Diputatuen Kontseiluak onartutako foru arauaren proiektuari jarraiki.
Lau arkupe nagusi berrietatik, hiru N-I errepidean daude, hots, Itsasondon, Tolosan eta Lasarte-Orian; eta laugarrena A-15 autobian, Oindolar tunelaren inguruan.
Arkupeek Etzegaratekoaren, Andoaingoaren eta Astigarragakoaren ezaugarri berberak izango dituzte: ia 30 metro luzeko egitura eta guztira 16 tonatik gorako pisua. Horietako bakoitzak matrikulak irakurtzeko eta ibilgailuaren jarraipena egiteko argi infragorridun 12 kamera izango ditu, 6 noranzko bakoitzean, eta 12 antena, TAG gailuak irakurtzeko eta ibilgailuak kokatzeko, 6 noranzko bakoitzean. Era berean, 6 detektagailu izango dituzte ibilgailuak bolumenaren arabera sailkatzeko; horrelako 3 egongo dira noranzko bakoitzean.
Arkupeen egiturari esker, irakurketa ekipo guztiak mantendu ahal izango dira, trafikoari eragin gabe. Horretarako, alboetatik sartzeko sistema bat, tranpol eraisgarriak eta gailuetarako jasotze garabiak erabiliko dira.
Beso bakarreko 109 arkuek TAG gailuetarako irakurgailu bat izango dute, A-15 eta N-I errepideen arteko Bazkardoko lotunean (Andoain) edo AP-8 autobidearen Oinaurreko lotune erdian (Irun) daudenen antzerakoak. Arkupe horietatik 20k A-15 autobiako udalerrien loturak, sarrerak eta irteerak kontrolatuko dituzte, eta beste 89k N-I errepidearen trazatuan daudenen sarrerak eta irteerak. Arkupeak eta beso bakarreko arkuak 32 lekutan jarriko dira Gipuzkoan N-I eta A-15 errepideen trazatuan zehar.
Kanonaren zenbatekoa
Kanonak 3,5 tona baino gehiagoko pisua duten salgaien garraioko ibilgailuei soilik eragingo die. Proiektuak 0,22 €/km-ko prezioa ezarri du 1 taldeko ibilgailu astunentzat (3,5 t baino gehiago eta 12 t baino gutxiagokoak), eta 0,28 €/km-koa, 2 taldeko ibiligailuentzat (12 t edo gehiagokoak).
Kanonaren zenbatekoak azpiegitura kostuak berreskuratzeko printzipioa oinarri hartuta ezarri dira. Zuzenean lotuta dago azpiegituraren eraikuntza eta ustiapen kostuekin, kanonaren kudeaketarekin, sarearen garapen eta hobekuntzarekin eta mantentze-lanekin, egiturazko konponketak barne direla, eta bildutako funtsak N-I eta A-15 errepideetara itzuliko dira. Horiek horrela, lortu nahi da erabilerak eragindako narriadura arintzea eta zerbitzu maila hoberenari eustea.
Gogoan izan behar da 1999/62/EE Zuzentarauari jarraiki, informazio hori Batzordeari bidali behar zaiola, nahitaezko irizpena eman dezan. Foru arau berria txosten horren mende dago.
Indarrean jarri ondoren, Gipuzkoako errepideen lehentasunezko intereseko sare osoa erabileragatiko ordainketa sistema baten mende egongo da; sare hori autobideek eta gaitasun handiko errepideek (AP-8, AP-1, A-15, N-I eta A-636) osatzen dute, eta "Gipuzkoako biribilgunea" izeneko eraztuna osatzen dute. Horrela, lurraldea zeharkatzen duten ibilgailu astun guztiek ordaindu beharko dituzte gaitasun handiko errepideak mantentzeko lanak, eta ez dira gipuzkoarren zergen kontura soilik egingo.
“Ezin da ebidentzia ukatu, eta ebidentziak dio errepideak mantentzeko eta ingurumena zaintzeko, emisio kutsagarriak murrizteko eta politika jasangarriak ezartzeko Europako politika erabileragatiko ordainketan oinarritzen dela", adierazi du Oiarbidek, eta gaineratu du Europar Batasuneko estatu gehienetan urteak daramatzatela gaitasun handiko errepideak erabiltzeagatik ordaintzen, eta Espainia ere behartuta dagoela 2024rako autobideetan eta autobietan ezartzera. Gu izan gara Europako zuzentaraua estatuan ezartzen hasi garen lehenak, eta garraiolarien erabateko gaitzespena izan dugun arren —aldi berean, Europako gainerako herrialdeetan erabileragatiko ordainketa betetzen dute—, eta epaitegietan eragozpen ugari izan aurkitu ditugun arren, ezein epaik ez du esan erabileragatiko ordainketaren politikak ezarri ezin ditugunik", azpimarratu du Bide Azpiegituretako diputatuak.
Amaitzeko, Aintzane Oiarbidek aurreratu du N-I eta A-15 errepideak foru arau berriak ezartzen duen sistemara egokitzeko lanak egiteko 12 hilabete inguru beharko direla; beraz, dena aurreikusitakoaren arabera badoa, sistema berria 2022aren amaieran edo 2023aren hasieran jarriko da indarrean.
Diputatuak gogorarazi duenez, Aldundiak, Batzar Nagusien aginduz, N-I eta A-15 errepideetan salgaien garraiorako bidesari bat ezarri zuen, gaitasun handiko errepide horien mantentze- eta hobekuntza-gastuei aurre egiteko. “Ez gaude ados epaitegien epaiekin, tokikoak ez diren garraiolarien aurkako diskriminazioa alegatuz kanona ezartzeko aukera ematen duten aurreko arauak baliogabetzat jo baitituzte, baina epaiak zehatz-mehatz beteko ditugu, Aldundiak beti egin izan duen bezala. Baina, era berean, konpromisoa hartu dugu foru arau berri bat egiteko urte amaierarako, gure betebeharra baita Gipuzkoaren interes orokorra defendatzea eta Batzar Nagusi hauen erabakia betetzea”.
Oiarbidek azaldu duenez, epaia eman arren, 6/2018 Foru Arauak indarrean jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren ediktua argitaratzeko iritsi arte, eta, arau, lege eta dekretu guztiek bezala, epaiak ez du ondoriorik izango argitaratu arte. “Hori da kobrantzari eusteko arrazoia. Oraindik ez dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren agindua jaso. Aurreratu dugun bezala, ebazpen judiziala jaso bezain laster, bete egingo dugu, GAOn argitaratuko dugu eta bidesaria kobratzeari utziko diogu”.
2106