Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Naturklimak «Zirkular Mentoring» jarri du abian

Naturklimak «Zirkular Mentoring» jarri du abian

Zazpi startup-ek parte hartuko dute Naturklimak ekintzailetza zirkularra sustatzeko eskaintzen duen prestakuntzaren lehen edizio honetan.

2022/02/11

4 hilabetean zehar, ekintzaile gazteek zeharkako gaien inguruan lan egingo dute, bederatzi mentorerekin, beren proiektuak ekonomia zirkularraren irizpideetan oinarrituta bizkortu ahal izateko.

 

Jose Ignacio Asensio: «Enplegu berdea lan aukera bat da gazteentzat, eta Gipuzkoak sektore hori lideratu dezake, duen gaitasun industrialagatik eta ekintzailetza ibilbideagatik».

 

David Zabala: «Prestakuntza espezifiko horren bidez, Naturklimak garatzen ari diren proiektu berriak babesten ditu, oinarri zirkularra dutenak zeharkako gaietan, hala nola finantzetan, marketinean edo negozio-tresnetan, merkatuan finkatu ahal izateko».

 

Gaur goizean, Naturklimako presidente Jose Ignacio Asensiok, Fundazioko zuzendari David Zabalak eta Impact Hub-eko ekonomia zirkularreko arduradun Nerea Gonzálezek lagunduta, «Zirkular Mentoring» programaren lehen edizioa aurkeztu du. Programaren helburua da gazte ekintzaileak prestatzea eta Gipuzkoan ekonomia berde eta zirkularreko enpresa proiektu berriak abiarazten laguntzea. Zazpi startup hautatu dira lehen edizio honetan parte hartzeko. Horren helburua da hainbat alderditan beharrezkoak diren tresnak, bitartekoak eta estrategiak eskaintzea, beren proiektu ekintzaileak merkatuan finkatzeko.

 

Prestakuntza programak 7 modulu ditu, eta horietako bakoitza arlo hauetako aditu batek emango du: berrikuntza zirkularra, prototipatze azkar zirkularra, inpaktuaren neurketa eta KPIak, merkatua eta finantzak, marketina eta brandina, pitchina eta storytellina, eta alderdi legalak eta inbertsioa. Prestakuntza programa garatuko den lau hilabeteetan zehar, parte-hartzaileek gaitasunak eskuratuko dituzte beren proiektu ekintzaileak bizkortu ahal izateko.

 

Honako zazpi enpresa hauek aukeratu dituzte Zirkular Mentoring programaren lehen edizio honetan parte hartzeko: Algaloop, Newaste, Kafea, Scrap Ad, Ekomodo, Bask, Irrisarri. Naturklimako zuzendari David Zabalak nabarmendu duenez, «sendotze maila desberdinetan dauden proiektuak dira: batzuk barne-ekintzailetzatik datoz, eta beste batzuk

 

 gazte ekintzaileek sustatutako proiektu berritzaileak dira». Naturklimako zuzendariak azpimarratu duenez, hiru enpresa Naturklimak ekonomia zirkularraren sektorean ekintzailetza bultzatzeko helburuarekin urtero sustatzen duen «Enpresa erronkak» programatik datoz.

 

Prestakuntza programan parte hartuko duten ekintzaile guztiek 35 urte baino gutxiago dituzte, eta horri dagokionez, Naturklimako presidente Jose Ignacio Asensiok nabarmendu du ekonomia berdea etorkizun handiko sektorea dela, gazteei lan aukera oso interesgarriak eskainiko dizkiena, eta lan merkatuan gero eta eskaera handiagoa duela. Horri dagokionez, Asensiok gogorarazi du ezen, Naturklimak berriki egindako azterlanaren arabera, 6.500 lanpostu daude birziklatzearen sektorean, batez bestekotik gorako kalitate estandarrekin, eta horietatik % 85 kontratu mugagabeak dira. Diputatu nagusiordeak azpimarratu du, bestalde, «Gipuzkoa ondo kokatuta dagoela ekintzailetzaren kulturan» eta «lurraldearen potentzial hori eta kultura industriala aprobetxatu egin behar direla, hazkunde ekonomiko berdearen zerbitzura jartzeko».

Asensiok nabarmendu duenez, Naturklimaren helburua da «ekonomia berde, zirkular eta jasangarri baten testuinguruan garatzeko aukera baliatu nahi duten proiektu eta enpresa guztiei laguntzea, eta bide horretan gidatzea, kalitatezko enplegua sustatzeko eta ongizate handiagoko gizarte bat lortzen laguntzeko».

  

1697