Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Nazioartean erreferente diren eragileekin sarea osatu du Gipuzkoak

Nazioartean erreferente diren eragileekin sarea osatu du Gipuzkoak

'Etorkizuna Eraikiz' programaren baitan, lurraldean aplika daitezkeen esperientziak identifikatuko dira, gero inportatzeko

charlotte brogre gipuzkoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz programaren baitan, abian jarri du nazioarte mailan sareak eraikitzeko prozesua. Helburua lurraldean aplikagarri izan daitezkeen esperientziak identifikatzea da, gero inportatu ahal izateko. Era berean, Gipuzkoak nazioartean duen kokapena hobetzea ere bilatzen da. Testuinguru honetan, foru erakundeak kontaktu agenda zabala lotu du, tartean nazioartean erreferente diren eragileak Gipuzkoara ekartzea. Bihar bertan egingo da topaketa hauetako bat (atxikita duzue deialdia).

    Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an jarri zuen martxan Etorkizuna Eraikiz programa, Markel Olano diputatu nagusiak berak gidatzen duen dinamika. Ekimenaren xedea, alde batetik, lurraldeak datozen hamar urteetan izango dituen proiektu estrategikoak diseinatzea da, gizartearekin eta gizarte antolatuarekin elkarlanean. Gainera, eragile hauekin proiektu pilotu berri eta ausartak jarri nahi ditu martxan, Gipuzkoa modernizatzea ahalbidetuko duten gizarte, ekonomia eta kultura esparruetan.

    Proiektuak bi zutabe nagusi ditu: alde batetik, GipuzkoaLab, esperientzia pilotuak martxan jarriko dituen adarra gizarte, ekonomia eta kultura ikuspegitik garrantzitsu diren gaietan. Gero, arrakasta dutenak politika errealetara ekarriko dira. Bigarren zutabea Gipuzkoa Taldea da, eta Gipuzkoa 2026 Plan Estrategikoa sortzea du jomuga, lurraldeko gizarte antolatuarekin elkarlanean. Hau da, Gipuzkoa lurralde bezala non dagoen zehaztu, hartu beharreko norabidea adostu eta erabaki zer egin behar den zentzu horretan mugitzen hasteko.

    Gipuzkoa adimentsu, lehiakor, jasangarri, bateratu eta justu hau lortzeko hausnarketa eta sustapeneko prozesu partekatuan, gakoetako bat da herrialde aurreratu eta erreferente direnetatik ikastea. Horregatik, Etorkizuna Eraikiz osatzen duten egitasmo ezberdinen artean, arreta berezia jartzen da arrakasta izan duten esperientzietan eta nazioarteko foro eta sareetan kokatzen. Horrela, munduko think tank nagusienetako batzuekin harremanak ezarri dira, zehazki GipuzkoaLab lantzen ari den edota jorratuko dituen ekimenen inguruan. Testuinguru honetan kokatzen da zehazki aipatutako nazioartekotze sarea.

    Bisitariek bertatik ezagutuko dituzte lurraldeko azpiegitura, proiektu eta ekimenak espezializazioaren esparruan. Honek, aldi berean, Gipuzkoako egitasmoak mundu mailako adituekin kontrastatzea ahalbidetuko du. Helburua, aipatu bezala, lurraldearentzako interesa duten esparruetan mundu mailan erreferente diren pertsona, erakunde eta elkarteekin harreman sarea osatzea da, eta horregatik jarraipena emango zaio bisita hauetan sortutako sinergiei. 

    Horrela, bihar bertan Charlotte Brogren Suediako Vinnoba berrikuntza agentziako zuzendari nagusia heldu da Gipuzkoara. Lurraldeak eragile honekin duen erlazioa esperientzien laborategiko alor aipagarrienetako baten baitan kokatzen da: berrikuntza eta zahartze aktiboa. Berrikuntzaren esparruan, Brogren sektore arteko eta nazioartean hedatutako elkarlan ereduaren defendatzaile sutsua da. Duela gutxi emandako elkarrizketa batetan, eredu honen aldeko lana sakontzearen alde egiten zuen “ez bakarrik gure herrialdian, baizik eta mundu mailako interesguneekin ere”. Zehazki hemen kokatzen da Gipuzkoara egingo duen bisita.

    Hurrengo hitzordua urtarrilaren 30ean izango da, Suzanne Moll Danish Centre for Gender, Equality and Ethnicityko (KVINFO) zuzendariaren bisitarekin. Danish Broadcast Corporation (DBC) zuzendaritzan izandakoa da Moll, Danimarkako irrati-telebista korporazio publikoa, eta bertan lan nabarmena egin zuen genero berdintasunaren alde.

Orain arte baieztatutako bisitaren zerrenda honakoa da:

  • Charlotte Brogren. Zuzendari nagusia. Vinnova. Sweden's Innovation Agency.
  • Suzanne Moll. Zuzendaria. Danish Centre for Gender, Equality and Ethnicity (KVINFO).
  • Bizilagun sarearen aurkezpen ekitaldia.
  • Josef Schelchshorn. Chief Human Resources Officer / Board member, MAN SE & Volkswagen Truck and Bus GmBH.
  • Monique Villa. Kontseilari delegatua. Thomson Reuters Foundation.
  • Rosa García. Presidenta eta kontseilari delegatua. Siemens Spain.
  • Stephan Müchler. Presidentea eta kontseilari delegatua. Chamber of Commerce and Industry of Southern Sweden.
  • Tom Kelly. Zuzendari exekutiboa. Automation Alley, Michigan, Estatu Batuak.
  

2317