Nekazaritza sektorera 4.250.000 euro bideratuko ditu Aldundiak 2018an, landa garapeneko laguntzetan
Nekazaritza sektorera 4.250.000 euro bideratuko ditu Aldundiak 2018an, landa garapeneko laguntzetan
Lehen sektorearen egitura indartzeko helburua dute diru-laguntza hauek, FEADER funtsaren babesarekin
Gipuzkoako nekazaritza ustiapenen aldeko landa garapeneko urteko laguntzak onartu, eta deialdiak irekitzea erabaki du gaurko Diputatuen Kontseiluak. Lehen sektorera bideratutako bi deialdi aurkeztu ditu, hain zuzen: mendi zonaldeetan eta muga natural esanguratsuak dituzten zonaldeetan dauden nekazaritza ustiapenetako titularrei zuzendutakoa batetik, eta bestetik, nekazaritza ingurumenaren eta klimaren arloko, eta nekazaritza ekologikorako laguntza. Bien artean, 4.250.000 euro bideratuko dira guztira, Imanol Lasak jakinarazi duenez. Legealdi honetan, milioi bat euro baino gehiago handitu du foru erakundeak diru dotazioa.
Lehen sektorearen egitura indartzeko helburua dute diru-laguntza hauek, Aldundiak estrategikotzat jotzen baitu sektorea garatzea. “Gipuzkoarron jarduna eta bizimodua beti egon da nekazaritzarekin oso lotuta, eta gure lurraldearen ekonomiaren, aberastasunaren zati handi bat ere bada. Enplegua eta kalitatezko produktuak sortzen dituen sektorea da. Horregatik, Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du gure baserritarren eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jartzea”, azaldu du Lasak.
Laguntza hauek Euskal Autonomia Erkideko Landa Garapeneko 2015-2020 Programan (LGP) jasota daude. Hori horrela Landa Garapenerako Nekazaritzako Europar Funtsetik (FEADER), %75ean finantza ditzake Europar Batasunak.
Mendi nekazaritzako zonaldeetan eta muga natural esanguratsuak dituzten zonaldeetan lan egiten duten nekazariei laguntzeko, 3.000.000 bideratuko dira guztira aurten. Iaz txertatutako berritasunari jarraiki, elkarteak ere hartu dira kontuan oinarrietan. Ustiapenetako titularrei zuzendutako kalte ordain orekatzaile gisa planteatzen dira laguntza hauek, dauzkaten mugengatik. Modu honetan, balio natural handiko nekazaritza sistemak eta paisaien egoera berreskuratzen, zaintzen eta hobetzen laguntzen da, eta nekazaritzarako lurzorua eta hari lotutako ekosistemak eta paisaiak babestu. Foru bozeramaileak gogorarazi duen moduan, lehen sektoreak Gipuzkoako azaleraren %90 kudeatzen du: “Beraz, berebiziko garrantzia du Lurraldearen kontserbazioaren eta kudeaketaren ikuspegitik”. 668 onuradun eduki zituen 2017an deialdiak.
Bigarren deialdia aldiz, bi programatan banatzen da: nekazaritza ingurumena eta klimaren arloko laguntza lerroak batetik, eta bestetik, nekazaritza ekologikoarekin loturiko laguntza ildoak: “Nekazaritza habitat-ak zaindu, biodibertsitatea mantendu, bertako eta kalitatezko produktuak sustatu… hainbat alor jorratzen dira”, esplikatu du. Kasu honetan, iaz 561 onuradun eduki zituen deialdiak.
Lehendabiziko programari dagokionez, 1.075.000 euroko aurrekontua du eta neurri ezberdinak kontuan hartzen ditu: ekoizpen integratua, Euskal Herriko sagardoetarako sagarrondoen tokiko barietateak kontserbatzea, bertako abere arrazen kontserbazioa, eta erlezaintza biodibertsitatea hobetzeko, zein mendiko larreen aprobetxamendua kudeatzeko neurriak.
Nekazaritza ekologikoari dagokion programara, berriz, 150.000 euro bideratuko dira 2018an eta honetarako bi laguntza lerro zehazten dira: nekazaritza ekologikora bihurtzea, eta nekazaritza ekologikoa mantentzea. Deialdia laister argitaratuko da GAOn, eta Gipuzkoan dauden 7 Eskualde Nekazaritza Bulegoetan (ENB / OCA) aurkeztu ahal izango dira eskariak.
1548