Ingurumena Climate Week jardunaldietan parte hartzen ari da Klima Aldaketaren Zentroaren eredua aztertzeko
Ingurumena Climate Week jardunaldietan parte hartzen ari da Klima Aldaketaren Zentroaren eredua aztertzeko
Ingurumena Climate Week jardunaldietan parte hartzen ari da Klima Aldaketaren Zentroaren eredua aztertzeko
Ekonomia berde bat sortzea izan behar du helburu.
Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio Climate Week 2017n parte hartzen ari da egun hauetan, New Yorken. Bidaiaren helburua klima aldaketari aurre egiteko estrategiak aplikatzeko ikuspegi eta esperientziarik aurreratuenak ezagutzea da, eta, orobat, etorkizuneko Gipuzkoako Klima Aldaketaren Zentroan aplikatzeko aukerak aztertzea. Entitate hori Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz programaren barruan bultzatzen dituen proiektu estrategikoen artean dago, eta arreta jarriko dio Gipuzkoaren trantsizio energetikoari eta energia berriztagarrien garapenari.
Clime Week klima aldaketaz eta haren ondorioez hausnartzeko nazioarteko fororik garrantzitsuenetako bat da. Izan ere, politika, ekonomia eta ingurumen arloko liderrak bertan elkartzen dira, gaiari lotuta mundu mailan aplikatzen diren estrategiak eta politikak zuzenean ezagutzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Departamentuak lehen aldiz jarri du abian Gipuzkoan klima aldaketari aurre egiteko programa bat, toki mailan Klima 2050en (Klima Aldaketaren Euskal Estrategia 2050) definitutako estrategiak garatuko dituena. Jarduera horiek Gipuzkoako gizartea sentsibilizatzeko plan batekin batera doaz, eta, ildo horretan, aurten, trantsizio energetikoari buruzko jardunaldia eta “Klima aldaketa eta hondakinen kudeaketa” udako ikastaroa egin ziren. Klima aldaketari buruzko foru programaren helburua da laguntzea lehengaien eta energia fosilen kontsumoa gutxitzen, isuriak murrizten eta klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gasak (BEG) gutxitzen.
Jose Ignacio Asensiok azpimarratu du garrantzitsua dela Gipuzkoan klima aldaketaren eta energia berriztagarrien moduko gaiak aztertu eta estrategia eta ekintzak abiaraziko dituen zentro bat izatea, gai horiek lehentasunezkoak baitira ingurumen agendan. Ingurumen diputatuak nabarmendu du, bestalde, prebentzio estrategiez eta arintze politikez gain, badirela ikuspuntu ekonomikotik garrantzitsuak izan daitezkeen aukerak ere, eta, horri lotuta adierazi du “Klima Aldaketaren Zentroak Gipuzkoan ekonomia berde bat sortzea izan behar duela helburu”. Horretarako, ezinbestekoa da prebentzioa xede izango duten informazio eta sentsibilizazio politikak bilduko dituen eredu bat lortzea, hondakinen aprobetxamendua, energia berriztagarriak eta teknologia garbiak oinarri dituen sektore ekonomiko berri hori garatzeko proiektuak sustatuko eta bultzatuko dituena.
Climate Week egokiera aparta da arlo honetan aurreratuak diren herrialdeek –Danimarkak, Finlandiak eta Europako beste herrialde batzuek– abian jarritako ereduak aztertzeko, eta kontinente amerikarreko herrialde eta eskualdeetako esperientziak ere ezagutzeko. Parte hartzaileek aukera izango dute, orobat, klima aldaketaren arloan lanean ari diren nazioarteko erakunde eta entitateek eskainitako informazioaren eta aurreikuspenen berri izateko. Guztiak ere, Jose Ignacio Asensio tartean, Climate Weekaren barruan antolatu diren “Zero Emissions Summit” eta “Toward Green Schools” ekitaldietan izango dira.
1881