Oarsoaldea eskualdea, aukerez jositako itsasoa Donostiatik gertu-gertuan
Oarsoaldea eskualdea, aukerez jositako itsasoa Donostiatik gertu-gertuan
Oarsoaldeak bere turismo-eskaintza aurkeztuko du Explore San Sebastian Region turismo bulegoan.
Larunbatean turismo bulegoaren aurrean Albaola Itsas Faktoriako arotzek San Juan baleontziaren pieza bat landuko dute jendaurrean
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo eta Kirol Sailak “Eskualdeen txokoa” programa jarri du martxan Explore San Sebastian Region turismo bulegoan. Helburua, Gipuzkoako eskualdeetako herri eta baliabide turistikoak ezagutzera ematea da, hiriburuko turismo sektoreari, Donostiarrei eta orokorrean Gipuzkoarrei zein Explore San Sebastian Region turismo bulegora gerturatzen diren turistei. Ekimen hau aurtengo urtarrilean jarri zen martxan eta, hilabetero, Gipuzkoako eskualde batek bere eskaintza turistikoa aurkezten du aipatutako turismo bulegoan. Horiek horrela, irailaren 21etik 29ra Oarsoaldea eskualdearen txanda izango da, eta aste guztian zehar Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako eskaintza turistikoa zabalduko da bertan.
Horretarako, Oarsoaldea eskualdeak irailaren 21ean emango dio hasiera bere asteari Explore San Sebastian Region bulegoan, hiriburuko eta lurraldeko sektore turistikoari zuzenduriko aurkezpen batekin. Larunbatean, hilak 23, turismo bulegoaren aurrean Albaola Itsas Faktoriako arotzek San Juan baleontziaren pieza bat landuko dute jendaurrean eta aste guztian zehar Oarsoaldeko eskaintza turistikoak protagonismo berezia izango du “Eskualdeen txokoan”.
Horrez gain, eskualdean garrantzi handiko ekitaldiak aurreikusiak ditugula eta, hauei emango zaie protagonismo berezia. Epe laburreko agendan Errenteriako “Atlantikaldia jaialdia” daukagu, kultur topagune eta musika jaialdia. Izan ere, aurten irailaren 21etik 24ra ospatzen da eta publiko mota guztiei zuzendutako jarduera ugari daude egitarauan, esaterako Kukai Dantzaren Adiskideak ikuskizuna, Alpha Blondy & The Solar System eta Amparanoia eta taldeen kontzertuak. Epe luzerako agendan berriz “Pasaiako Itsas Jaialdia” daukagu, 2018ko maiatzean Pasaiako badian egingo den itsasontzi tradizionalen topaketa. Bertan, besteak beste Hermione ontzia ikusi ahal izango da, Lafayette markesak XVIII. mendean Ameriketara joateko erabili zuen ontzia.
Oarsoaldea eskualdea Explore San Sebastian Region turismo bulegoan
Oarsoaldea Donostiatik 5 minutura dago. Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia herriek osatzen dute, herri bakoitzak oraindik bere esentzia gordetzen du eta kontrastez beteriko paisaiak eskaintzen dituzte. Aiako Harria Parke Naturalaren babesean eta Pasaiako Badia bitxiaren ur ertzean, herri hauetan lanbide tradizionalak eta abangoardiako gastronomia uztartzen dira.
Eskualdearen azaleraren zati handiena berdegunea da. Bisitariak disfruta ditzakeen paisaia batzuk hauek dira: Aiako Harria Parke Naturala, San Marko gotorlekua edo Jaizkibel eta Ulia mendiak.
Zonaldean era askotako gastronomia egiten da; herrietan, sagardotegi tradizionaletan, mendian galdutako baserrietan edota pintxo-taberna ugarietan, eskaintza benetan aberatsa da. Toki gutxitan biltzen dira hemen bezala leku berean hainbat jatetxe ospetsu. Batzuk hain ezagunak diren Michelin izarrak ere badituzte.
Oarsoaldea eskualdeak, Donostiatik oso gertu estrategikoki kokaturik, ostatu eskaintza zabala du eta baita urte osoko agenda kultural aberatsa ere. Honekin batera, irisgarritasun ona dauka eta aukera ezberdinak eskaintzen ditu: garraio publikoa, bidegorriak (azpimarratzekoa da Arditurriko Bide Berdea), oinez eta bizikletaz egiteko hainbat bide, erakargarrienetako bat Donostia eta Pasaia elkartuz Ulia mendian barrena doan bidea izanik.
Herri guztiek dituzte interesgune eta zerbitzu turistikoak, bakarrak eta euren artean osagarriak. Pasaiari dagokionez, Victor Hugo liluratua gelditu zen herri honekin, eden distiratsu ttipi hau deitu ziolarik. Bertan ezinbestekoa da Victor Hugo etxea, Mater atunontzi tradizionala eta Albaola Itsas Faktoria bisitatzea. Azken honetan XVI. mendeko baleontziaren erreplika ari dira eraikitzen zuzenean eta jendaurrean.
Pasaiako badiaren ertz batean eta Jaizkibel mendiaren oinetan aurkitzen da Lezo. Hirigune historikoan Santo Kristo basilika da nagusi, aspaldiko garaietatik ospetsua bertako Kristo bizargabea dela eta. Basilika inguratzen hainbat kale txiki, armarridun harrizko etxez beteak.
Aiako Harria Parke Naturalaz inguraturik, Oiartzun natura hutsa da. Aukera polit bat Bide Berdean zehar paseatzea da, Parke Naturalean barneratuz Arditurriko meategietan amaitzen delarik. Azken hauek erromatar garaitik ustiatuak izan dira eta egun bisitatu egin daitezke. Bide honetan aurkitzen dira beste 2 museo berezi: Luberri- museo geologikoa eta Soinuenea- herri musikaren txokoa.
Amaitzeko, Errenteriak Multzo Monumentala izendaturiko hirigune historikoa du. Bertan erdi aroko aztarnak ikusten dira, eta baita berriki bere ateak zabaldu dituen Jantziaren Zentroa ere. San Marko gotorleku ikusgarriak babestuta, Euskal Kostaldeko begiratoki naturala, 40 km-tik gora dauka mendi-ibilbideetan eta hainbat altxor natural ere bai, hala nola Aizpitarteko haitzuloak edota Añarbe baso-erreserba besteak beste.
4064