Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Oarsoaldeak 13 plaza gehiago izango ditu 2017an Errenteriako San Markosene zentroan

Oarsoaldeak 13 plaza gehiago izango ditu 2017an Errenteriako San Markosene zentroan

Horrela, 6 egoitza plaza bideratuko dira adineko pertsonentzako, 5 plaza desgaitasuna duten pertsonentzako eta 2 plaza eguneko zentrorako

2017/05/09

Aurtengo urtetik aurrera Oarsoaldeak 13 plaza gehiago izango ditu, Gizarte Politikako Departamentuak proposatuta Diputatuen Kontseiluak hartu duen erabakiaren arabera; izan ere, erabaki horren bitartez  aldatu egin da Gerontológico de Rentería SLrekin 2015ean sinatutako lankidetza hitzarmena, mendeko adineko pertsonentzako eta desgaitasunen bat duten pertsonentzako egoitza zerbitzuak eta eguneko zentrokoak gehitzeko xedez. Imanol Lasa Aldundiaren bozeramaileak zehaztu duenez, Aldundiak 191.165,29 euroko inbertsio gehigarria egingo du. 

Plaza berri horiek Errenteriako San Markosene zentroan eskainiko dira.  Hitzartutako zentro pribatua da, adinekoentzako egoitza eta eguneko zentroa dituena; guztira 120 plaza ditu, horietatik 77 hitzartuak eta beste 16 unitate psikogeriatrikoan. Hitzartutako 13 plaza berrietatik, 6 mendeko adineko pertsonentzako egoitza plazak izango dira –maiatzaren 1etik aurrerako ondorioekin-, 5 plaza desgaitasunen bat duten pertsonentzako -uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin-, eta 2 plaza eguneko zentrorako –urriaren 1etik aurrerako ondorioekin-.

Neurri horren bitartez erantzuna emango zaie Oarsoaldeko eskualdean dauden premiei, itxaron zerrenda arinduz. Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Maparen esparruan sartzen da neurri hori; izan ere, egun dauden eskaerak eta lehentasunak aztertu ondoren, mapa horren arabera 300 plaza berri sortuko dira 2016-2019 aldian lurralde osoan, arreta berezia emanda behar handiena duten eskualdeei:  Oarsoaldea eta Buruntzaldea. Guztira 4,3 milioi euroko inbertsioa egingo da. Halaber, bi egoitza berri egingo dira, Pasaian eta Irunen, eta lehenengoa zahartzeari eta ezintasunari arreta emango dion erreferentziazko zentroa izango da. Izaera berritzailea, esperimentala eta hezigarria duten jarduketak gauzatuko dira zentro horretan.

  

1542