Ogasuneko 56 langile karrerako funtzionario izendatu ditu Diputatuen Kontseiluak
Ogasuneko 56 langile karrerako funtzionario izendatu ditu Diputatuen Kontseiluak
27 goi mailako teknikari, 18 erdi mailako teknikari eta 11 zerga agente kategoria honetara iritsi dira, hautaketa prozesua eta praktikaldia gaindituta
Eider Mendoza Foruko Aldundiko bozeramaila
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak 56 lagun karrerako funtzionario izendatu ditu gaurko saioan. Langile hauek guztiek Ogasun eta Finantza departamentuan egingo dute lan: 27 Ogasuneko goi mailako teknikari, 18 Ogasuneko erdi mailako teknikari eta 11 zerga agente. “Langile hauekin, nabarmen indartzen dugu etxe honentzako hain estrategikoa den atala, Ogasunarena hain zuzen ere”, azaldu du Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak, EPE prozesua aurrera eramatea posible egin duten guztiei eskerrak emanez eta karrerako funtzionario berriei zorte ona opaz.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, azken Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko, eta bertan egin du iragarpena. Gogoratu duenez, hiru deialdi hauen hautaketa prozesuak 2019ko irailaren 3an onartu ziren Diputatuen Kontseiluan. “Pandemia tarteko izan genuen baina, hala ere, eta zorionez, prozesu hauek aurrera eramatea lortu dugu”, nabarmendu du. 2022ko ekainaren 11n izendatu ziren praktiketako funtzionario bezala, eta uztailaren 1etik aurrera egon dira kategoria horretan lanean. “Orain, praktikaldia amaituta, karrerako funtzionario bezala izendatzen ditugu. Hala izango dira datorren otsailaren 1etik aurrera”, esan du foru arduradunak.
“Guretzat, erakunde bezala, bereziki pozgarria da izendapen hauek egin izana eta hautaketa prozesu hau modu egokian eta arrakastatsuan osatu izana. Aurrerapauso garrantzitsua da Ogasunarentzat funtzio publikoaren ikuspegitik, enplegua egonkortzen baitu eta garai berrietara hobeto egokitzen lagunduko diguten profil berriak inkorporatu baitira”, azaldu du Mendozak. “Askotan esan ohi dugun bezala, administrazio publiko ia guztiek erronka latza dugu begi bistan, belaunaldi aldaketa, daudenen ezagutza mantentzea eta profil berriak erakartzea bezalako alorrak uztartu behar baititugu. Gaur bukatutzat ematen ditugun hiru prozesu hauek norabide horretan doaz”, azpimarratu du foru arduradunak.
Elduaingo zeharbidea
Bestalde, gaur onartu da baita ere GI-2130 “Tolosa-Leitza” errepidean, Elduaingo zeharbidean, autobus geralekuaren eta 8,100 eta 8,160 kilometro puntuen arteko bihurgunearen inguruan bide segurtasuna hobetzeko proiektua. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 137.235,01 eurokoa da, eta obra planean aurreikusitako egikaritze epea hamabi astekoa da. “Esku hartze txikia da, baina garrantzitsua herriarentzat”, azaldu du Mendozak. Sakondu duenez, GI-2130 “Tolosa-Leitza” errepideko Elduaingo zeharbideko 8,000 kilometro puntuan dagoen bihurguneak erradio txikia du, eta, aldi berean, estua da. Ezaugarri horiek direla-eta, ibilgailu astunek zailtasunak dituzte zirkulazioan kontrako
noranzkoko ibilgailuak gurutzatzen dituztenean. Bestalde, Tolosarako autobus geltokia Udalaren parean dagoen erreian dago eta ez du erabiltzaileei ostatu emateko tokirik.
Hau guztia dela eta, esku hartzean aurreikusi da bihurgunearen hobekuntza, barruko aldean gainzabalera bat sortuz, eta horri esker, zirkulazio-erreiak handitu daitezke, bihurgunea 13,5 metroko erradioa izatetik 15 metrora igaroz. Era berean, autobus geltoki berriak 15,5 metro luze eta 2 metro zabal den espaloi batez osatutako plataforma bat izango du, autobusetako erabiltzaileei ostatu eman ahal izateko. Horretarako, horma txiki bat eraiki beharko da, dauden lurrak biltzeko. Bide segurtasuna hobetu egingo da, Udaletxetik autobus geltokiraino zebrabide bat jarriko delako eta, horrekin batera, abiadura-muga 50 km/h-tik 30 km/h-ra murriztuko delako. “Honek guztiak eragin positiboa izango du herriko biztanleengan. Herriz herri, herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea xede duten ekintzak sustatzen jarraitzen dugu”, borobildu du Mendozak.
3223