Olanok dei egiten du egoera ekonomikoa aprobetxatzera Gipuzkoako eredu sozioekonomikoa sendotzeko
Olanok dei egiten du egoera ekonomikoa aprobetxatzera Gipuzkoako eredu sozioekonomikoa sendotzeko
Diputatu nagusiak azaldu du ekonomiaren sendotasuna urteko azken hiruhilekoaren zerga-bilketan gauzatuko dela aurreikuspenen arabera
"Gure ekonomiaren egoera egonkorra da, eta gure enpresak sendoak dira. Ongialdi ekonomikoaren une hauek aprobetxatu behar ditugu Gipuzkoako eredu sozioekonomikoan sakontzeko, horrek ahalbidetuko baitu Gipuzkoa izatea Europan desberdintasun sozial gutxien duen lurraldeetako bat». Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi du gaur lurraldeko ekonomia hazten ari dela eta, beraz, dei egin du egoerari etekina ateratzera eta "prestatzera etorkizunean izango diren aldaketei aurre egiteko".
Diputatu nagusiak agerraldia egin du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusien Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean, Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuarekin batera, Gasteizen joan den ostiralean izandako Herri Finantzen Euskal Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko. Bilera horretan aztertutako aurreikuspenen arabera, Gipuzkoak 5.002 milioi euroko zerga-bilketarekin itxiko du ekitaldia, hau da, 28 milioi euro gehiago aurrekontuetan jasotakoa baino; eta, gainera, aurreikusten da beste 135 milioi euro gehitzea datorren ekitaldian (+% 2,7).
Foru arduradunak gogorarazi du Barne Produktu Gordinak, langabezia tasak eta Gipuzkoako enpresen salmentek, beste adierazle batzuen artean, argi uzten dutela lurraldeko ekonomiak duen egoera ona eta, aurreikuspenen arabera, egoera hori urteko azken hiruhilekoaren zerga-bilketan gauzatuko dela. "Enplegua berreskuratzen jarraitzen bada eta soldatek gora egiten badute, gehitu egiten da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) bilketa; gure enpresek gehiago saltzen badute eta kontsumoa gehitu egiten bada, orduan gehitu egiten da Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) bilketa", zehaztu du Olanok, eta erantsi du bi zerga horiek zerga-bilketa osoaren % 75 baino gehiago direla.
Gaur arte urteak eman dituen emaitzei dagokienez diputatu nagusiak nabarmendu du zerga-bilketa bide onean doala diru-sarreren kapituluan, baina oztopo handi bat izan dela, hau da, itzulketak asko igo direla (+ % 9,2 abuztura arte). Olanok bi elementu hauek azpimarratu ditu: alde batetik, esportazioak asko igo dira eta, BEZan salbuetsita daudenez, zerga horri lotutako itzulketak nabarmen igo dira; bestaldetik, amatasun eta aitatasun prestazioei buruzko itzulketak, PFEZan 30 milioi euro baino gehiagokoak izan baitira. Hala ere, Olanok gogoratu du aurreikuspenek zerga-bilketaren igoera erakusten dutela ekitaldiaren amaierarako, eta adierazi du ahalegin guztia egingo duela hori horrela izan dadin.
Diputatu nagusiak azpimarratu du egungo egoera ona dela, baina, hala ere, zaila dela esatea zer gertatuko den epe ertain eta luzera, hainbat zalantza baitaude ekonomia arloan. "Gaur egungo ekonomia globala da eta, horregatik, nazioarte mailan hartzen diren erabakiek gero eta eragin handiago dute guregan. Esportazioen igoerak esan nahi du gure enpresek mundu mailan lan egiten dutela», esan du Olanok. Beraz, arreta berezia jarri du hainbat gairen inguruan: Brexit-a, Estatu Batuaren eta Txinaren arteko merkataritzaren gerra, Europako zonaldearen dezelerazioa, politika protekzionisten igoera, eta Espainiak bizi duen desgobernu egoera, besteak beste; izan ere, "elementu horiek etorkizun ekonomikoaren inguruko zalantzak sortzen dituzte".
"Mezua argia da: haizea une batetik bestera alda daiteke, eta une hau aprobetxatu behar dugu prestatzeko", ohartarazi du diputatu nagusiak. Horrela, dei egin du sustapen ekonomikoaren eta gizarte politiken sendotzearen aldeko apustu egitera, betiere Gipuzkoako eredu sozioekonomikoa indartze aldera. "Aldundiari berari dagokionez, ahalegin handia egiten ari gara gure zorpetze maila murrizteko, horrek askatasun gehiagorekin aritzeko aukera emango baitigu beste atzeraldi ekonomiko bat gertatuko balitz", esan du, eta gogoratu du foru erakundeak % 23 murriztu duela bere zorra 2015az geroztik, eta legealdi honen amaierarako azken krisiaren aurreko mailetan egotea espero dela.
Udalak Finantzatzeko Foru Fondoa
Azkenik, foru arduradunek Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren dotazioa aipatu dute, Gipuzkoako udalen finantzaketa tresna nagusia baita; izan ere, baliabide horren bitartez lortzen dute tributu itunduen bilketarengatik dagokien zatia. Olanok eta Larrañagak zehaztu dutenez, eta betiere joan den ostiralean Finantzen Euskal Kontseiluan adostutako aurreikuspenen arabera, funtsak 526 milioi euroko dotazioarekin amaituko du ekitaldia, 2018. urtean baino % 2,28 gehiago. Zifra hori egiaztatzeko, Gipuzkoako udalek itxaron egin beharko diote datorren otsaileko Finantzen Euskal Kontseiluari, orduan egingo baita ekitaldi honetako behin betiko likidazioa benetako zenbakiekin.
Beraz, 2020. urtera begira, aurreikuspenek adierazten dute udal finantziazioak igotzen jarraituko duela, foru funtsari hamar milioi euro gehituko baitzaio, ekitaldi honetako aurre likidazioari dagokionez. Horrela, baliabide horren dotazioak bere errekor historikoa gaindituko luke, 2019an nahiz 2020an, eta horrek esan nahiko luke seigarren urtez jarraian gaudela maximo historikoetan. Foru arduradunek mezu baikorra eman dute funts horren dotazioari dagokionez, baina berriro adierazi die udalei egoera ekonomikoa ona dela "iraganeko kargak arintzeko eta gure administrazioak prestatzeko, egoera aldaketa gertatuz gero, berme guztiekin erantzun ahal izateko", esan dute.
2558