ONDAREA ORAIN. Arkeologia eta arkitekturako kultur ondareari buruzko Jardunaldiak
ONDAREA ORAIN. Arkeologia eta arkitekturako kultur ondareari buruzko Jardunaldiak
Koldo Mitxelenan egingo dira maiatzaren 15, 16, 17 eta 18an
Aldundiko Kulturako Departamentuak Ondarea Orain Jardunaldiak antolatu ditu Gipuzkoan eta beste toki batzuetan arkeologia eta arkitekturako kultur ondarean egindako azken aurkikuntzen berri emateko. Aurkikuntza horiek oihartzun handia izan dute gure mugetatik kanpo eta gure ondarearen errealitatea ere astindu dute.
Jardunaldiak Koldo Mitxelena Kulturunean egingo dira maiatzaren 15, 16, 17 eta 18an arratsaldeko 19.00etan. Sarrera irekia izango da, aretoa bete arte.
Urtero egiteko asmoa dugun hitzaldi ziklo honen lehenengo edizio honetan, neandertanlen garaiko eboluzioari buruz aurkeztu diren azken teoriak ezagutuko ditu. Paleolito garaiko labar arteari buruzko azken interpretazioak azalduko dizkigute. Era beran, arkitektura garaikidearen berrikuspenaren nondik norakoak ezagutuko ditugu ondarearen ikuspegitik begiratuta, eta ikusiko dugu Gipuzkoako zurezko eraikuntza nazioarteko erreferente bihurtzen ari dela.
Guztia formatu erakargarri, dibulgatzaile eta dinamiko batean; dokumentalen ondoren solasaldi bat egongo da, arlo bakoitzeko espezialistek moderatuta; ikertzaileek, beren esperientzia pertsonaletik abiatuta, azken aurkikuntzen berri emango digute, edo atzerritik etorritako adituek kultur ondareari buruzko ikerketaren abentura erakutsiko digute.
EGITARAUA
Maiatzaren 15a.
Hitzaldia. Ondare garaikidea, kontraesana?
Iván Blasi. Europar Batasuneko Arkitektura Garaikideko Mies van der Rohe Sariaren koordinatzailea.
Mies van der Rohe fundazioa, Bartzelona
Hizkuntza: Gaztelania.
Mugimendu modernoaren arkitekturako lan gehienak material, teknologia eta programen esperimentazio modura sortu ziren. Ez zen jarraipen historikoa izango zutenik pentsatzen, uste baitzen belaunaldi berriek esperimentatzen jarraituko zutela, eta beraz, zaharkituta gelditu zena ordezten. 80ko hamarkadatik aurrera, ordea, obra horietako batzuk zuten garrantziaz jabetzen hasi zen jendea, horietako asko eraisten ari zirela ikustean. Hitzaldian Europa mailako kasuak eta eman zaizkien irtenbideak aurkeztuko dira, argi utzita ez dagoela guztientzako balio duen irtenbide orokorrik edo konponbiderik eztabaidaz gain.
Maiatzaren 16a.
Hitzaldia. Gipuzkoako zurezko eraikuntza. Sorpresak eta sorpresa (atsegin) gehiago.
Josué Susperregi. Dendrokronologia Laborategiko zuzendaria. Arkeolan fundazioa.
Ibon Telleria. Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakaslea.
Hizkuntza: euskara-gaztelania.
Alemaniako Hausforsher taldeko adituek argitaratutako aldizkariaren azken alea Pirinioetako eta Euskal Herriko zurezko arkitekturari eskainita dago. Talde horrek Gipuzkoako eraikinei buruz egindako balioespena oinarritzat hartuta, zurezko gure ondarearen adibide garrantzitsuenen nondik norakoak azalduko dituzte hizlariek. Baserriek toki nabarmena merezi dute, batez ere, kontuan izanda, azken datazioen arabera, gero eta atzerago dagoela eraikin mota berezi horren jatorria.
Maiatzaren 17a.
Dokumentala. Crépuscule Néandertalien (Neandertalen amaiera), Rob Hope. Y.N Productions, Ville de Malataverne eta Montagne TV. 2015. 52'.
Jatorrizko hizkuntza (frantsesa), azpitituluak gaztelaniaz, eta aldibereko itzulpena euskarara.
Aurkezlea: Rob Hope zuzendaria. Filmaren ondoren solasaldia egongo da.
Rodano haranaren erdialdean 23 urtez ikerketak egiten jardun ondoren, Ludovic Slimakek zuzendutako CNRS taldeak aurkikuntza ikaragarriak egin ditu, Europako aurrehistoriako biztanleei buruz genekiena erabat aldatu duena. Zeintzuk ziren neronianoak? Neandertalek sortutako gizarte berri bat edo gizaki modernoaren lehen arbasoak?
Maiatzaren 18a.
Dokumentala. Quand Homo Sapiens faisait son cinéma (Homo Sapiensak zinema egiten zuenean), Marc Azema eta Pascal Cuissot. MC4 productions. 2015, 52’.
Jatorrizko hizkuntza (frantsesa), azpitituluak gaztelaniaz, eta aldibereko itzulpena euskarara
Aurkezlea: Diego Gárate, TRACES laborategiko ikertzaile elkartua, Toulouse-Le Mirail unibertsitatea. Filmaren ondoren solasaldia egongo da.
Astakeria al da esatea zinema Paleolitoan asmatu zela, duela 20.000 urte? Arte paleolitikoko pinturen eta grabatuen irakurketa berri batek proposatzen du artista prehistorikoak haitzuloetako hormetan islatutako animalien mugimendua banatzeko gai zirela, animazio zinemaren era primitibo bat balitz bezala. Ez hori bakarrik: narrazio bat grafikoki islatzeko gaitasuna zuten, alegia, bazekiten historiak kontatzen soinuen eta irudien bidez.
1537