Onetsi dira Oñatiko eta Errenteriako egoitzak Kabian sartzeko hitzarmenak
Onetsi dira Oñatiko eta Errenteriako egoitzak Kabian sartzeko hitzarmenak
Organismo autonomoak 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera kudeatuko ditu zentro horiek
Diputatuen Kontseiluak onetsi egin ditu Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak eta San Martin Egoitza Fundazio Publikoak, alde batetik, eta foru erakundeak, Errenteriako Udalak eta Errenteriako Jesusen Bihotza udal egoitzako Patronatuak, bestetik, sinatuko dituzten hitzarmenak. Hitzarmen horien bidez, Kabia organismo autonomoak bere gain hartuko du adinekoentzako bi egoitza horien kudeaketa, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera. Errenteriako zentroak 128 plaza eta unitate psikogeriatriko bat ditu, eta Oñatikoak, berriz, 85 plaza ditu.
Dagoeneko Kabia organismoan integratuta daude Azkoitia, Elgoibar, Villabona, Zumaia, Lasarte, Andoain, Bergara eta Ordiziako egoitzak, azkeneko biak aurten sartuta. Bestalde, kudeaketa lanak aurreratuta daude Arrasateko eta Tolosako egoitzak 2019. urtearen hasieran sartzeko; eta prozesu osoari amaiera emateko, datorren urtean zehar Eibar, Pasaia, Irun eta Hernaniko egoitzak sartuko dira. Kabiak Gipuzkoako 16 udal egoitza bilduko ditu, guztira kudeatuz: 1.505 plaza (1.336 egoitza plaza gehi eguneko zentroetako 169 plaza), Kabiako 299 langile (116 funtzionarioak eta 183 kontratupekoak), eta zerbitzu desberdinak eskaintzen dituzten 18 enpresetako 949 langile. Azken batean, kudeaketa mota desberdina duten 16 zentro. Egutegiarekin batera finantza plan bat eransten da, zeinak 115,7 milioi euroko inpaktu ekonomikoa aurreikusten duen 2017-2019 aldirako.
Imanol Lasa foru bozeramaileak ziurtatu du Kabiak finkatutako eredua erreferente bihurtuko dela Gipuzkoan adinekoei ematen zaien egoitza arretan, eta “jasangarria eta kalitatezkoa” izango dela, “emaitzetara” bideratuta egongo den kudeaketa batekin. Azpimarratu du Kabiaren eredua “denon artean” zehaztu dela, Foru Aldundiaren eta udalen eta hauen egoitzen arteko “akordioa” bilatuz 50 bilera baino gehiago eginez; horrez gain, organismoan integratuko diren egoitzen “ezagutza eta esperientzia aprobetxatu da”. “Foru Aldundiak 16 udal egoitza, bakoitza bere berezitasunekin, kudeatzea erronka handia da, baina pixkanaka betetzen ari gara hartutako konpromisoak, erantzukizunez eta errealismoz”.
Sorospen zerbitzuak
Era berean, Lasak iragarri du Foru Aldundiak erakunde arteko bilera bat antolatuko duela Gipuzkoako sorospen eta salbamendu zerbitzuen etorkizuna zehazten hasteko. “Horrela jakin ahal izango dugu zein den udal bakoitzaren jarrera, zer egin nahi den zehazki, zer eskumen dituen erakunde bakoitzak, eta zeintzuk nahi ditugun izatea, hainbat hobekuntza aztertzeaz gain”. Bozeramaileak aipatu ditu kostaldeko herrietako batzuetako osoko bilkuretan eztabaidatzen ari diren mozioak, sorosleen kudeaketa Foru Aldundiari eskualdatzeko eskatuz.
“Gai hau aztertzeko orduan -gogorarazi du-, ikuspegi eta alderdi guztiak hartu behar dira kontuan: zer zerbitzu mota eskaini nahi den, nor arduratuko den diseinuaz edo zein zeregin izango duten aurrerantzean udalek. Udalek galdera horiei eta beste batzuei erantzun beharko diete behin betiko erabaki bat hartu baino lehen, Gipuzkoako kostaldeko hondartzak oso diferenteak baitira tamaina, zerbitzu eta antolakuntzari dagokienez, eta, orain arte ere, udal bakoitzak modu diferentean kudeatu izan dituzte”.
Gaur iragarritako topaketaren helburua izango da, hain zuzen ere, “bakoitzak bere planteamenduak mahai gainean jartzea ”. Lasaren ustez, Foru Aldundiak ez dauka “inolako aurreiritzirik ez eta jarrera itxirik ere” eztabaida honetan, baina azpimarratu du gure kostaldeko hondartzak orain arte behar bezala eta modu eredugarrian kudeatu izan direla guztion ahaleginari esker, eta deigarria dela bat-bateko presa hau udalena den eskumen bat Foru Aldundiari eskualdatzeko, inolako eztabaidarik egon ez denean horren inguruan orain arte. Diputatuak gogorarazi du Foru Aldundiak diru laguntza lerro bat eskaintzen duela urtero Gipuzkoako hondartzetako sorospen zerbitzuen gastuak kudeatzeko, hondartza duten lurraldeko zortzi udaletan zerbitzuaren kostuaren zati bat ordainduz.
1994