Online bideen hedapenari heldu dio Errenta 2020 kanpainak, ‘Zergabidea’-ren eskutik
Online bideen hedapenari heldu dio Errenta 2020 kanpainak, ‘Zergabidea’-ren eskutik
Ogasunak 292 milioi euro itzuliko dizkie gipuzkoarrei, eta 273 milioi jaso.
COVID-19aren pandemiaren eraginez, inoizko Errenta kanpainarik telematikoena izan zen 2019koa, eta Gipuzkoako foru Ogasunak digitalizazioaren aldeko bultzada horri heldu nahi dio 2020ko Errenta kanpainan. Apirilaren 12aren eta ekainaren 30aren artean egingo da aurtengo kanpaina, eta foru erakundeak Zergabidea plataforma bihurtu nahi du protagonista: honen bitartez, zergadunek lainoaren bitartez aurkeztu ditzakete beraien aitorpenak, simulazioak egin, datuak kontsultatu, aitorpenak moldatu eta aldatu… “Seguruenik, gaur gaurkoz Ogasunak duen tresnarik ahaltsuena da Zergabidea, eta herritarren eskura dagoena gainera. Argi dago etorkizuna dela”, esan du Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak. Kanpainaren emaitzari erreparatuta, aurreikuspenen arabera 292,1 milioi euro itzuli eta 273,2 milioi euro jasoko ditu foru erakundeak. “Kanpainaren saldoa 18,9 milioi euro negatiboa da, pasa den urtekoa baino 39 milioi euro txarragoa, batez ere pandemiaren eraginez”, esan du foru arduradunak.
Perona hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Irune Yarza Ogasuneko foru zuzendaria eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera, 2020ko Errenta kanpaina aurkezteko. Egutegiari erreparatuta, autolikidazio proposamenak bihartik aurrera egongo dira sarean kontsultagarri, eta bihar bertan hasiko da hauen posta bidezko bidalketa baita ere. Apirilaren 12an hasiko da kanpaina bera, orduan irekitzen baita proposamenak onartzeko epea. Apirilaren 15ean, berriz, Zergabidearen bitartez online egiten den modalitatea hasiko da, eta egun bat beranduago bulegoetan hitzordua hartu ahalko da. Hauek apirilaren 19an irekiko dituzte ateak, eta ekainaren 30ean amaituko da kanpaina.
Perona gogoratu duenez, apirilean hasiko den kanpainak 2020 urtea zergapetzen du, “pandemiaren urtea”. “Pandemiak nabarmen eragin zion jarduera ekonomikoari, eta laguntza ezberdinak jarri ziren martxan eta neurri ezberdinak jarri genituen martxan fiskalitatearen arlotik. Honek, argi dago, nabarmen eragingo dio kanpainaren nondik norakoei. Hala ere, eta pasa den urtean egin genuen kanpainarekin alderatuta, esan dezakegu egoera epidemiologikoa gaur gaurkoz hobea dela, eta horri esker “normaltasunaren” barruan egingo dugula lan”, esan du.
Diputatuak azaldu duenez, pasa den urtean, kanpainaren lehen asteetan online egin zen kanpaina, ezinezkoa baitzen aurrez aurreko arreta ematea, eta erronka orain bide telematikoek orduan jaso zuten bultzadari jarraipena ematea dela. “Horregatik, Gipuzkoako 2020ko Errenta kanpainan ere, zatirik handienean internet bidez egingo da”, esan du. Testuinguru honetan, Zergabidea plataforman jarri du azpimarra, “seguruenik Ogasunak gaur gaurkoz duen tresnarik ahaltsuena”. “Plataforma bakarra da, irisgarria, malgua eta erabiltzeko erraza; hau da, edozein tokitatik konektatu zaitezke, bankura edo posta elektronikora sartzen zaren bezalaxe” azaldu du.
Gaineratu duenez, Zergabidean zerga ia guztien autolikidazioak aurkeztu ahal izango dira. “Estatuan, informazio guztia lainoan duen lehenengo zerga administrazioa gara, eta gaur gaurkoz bakarra”, nabarmendu du. Errentaren kasuan, 2020ko Errenta kanpaina honetan Zergabidearen bitartez etxean jaso den proposamena onartu daiteke, autolikidazio proposamena aldatu eta bertatik aurkeztu, Ogasunak zergadunari buruz duen zerga informazio deskargatu, aurreko urteetako aitorpenak kontsultatu (edozein izanda ere aurkezpen modalitatea), ordainketa moduak aukeratu, autolikidazio osagarriak aurkeztu, simulazioak egin... “Hau da, ikusten duzuen bezala, aukerak oso oso zabalak dira”, azpimarratu du.
Teknologia berrien aldeko apustuarekin batera, Peronak nabarmendu du Gipuzkoako Ogasunak aurrez aurreko arretaren aldeko baliabideen alde ere egiten jarraitzen duela. “Oraindik badaude zenbait kolektibo zerbitzu hau ezinbestekotzat dutenak; hau da, digitalizazioa bai, baina inor atzean utzi gabe”, esan du. Horregatik, aurtengo kanpainan ere ahalegin berezia egingo da aurrezko aurreko arreta mantentzeko, eta 11 bulego egongo dira irekita, lurraldeko 9 herri ezberdinetan, non 120 lagunek egingo dute lan arreta presentzialean. “Herritarrek asko baloratzen duten zerbitzua da, 10etik 9ko balorazio eskuratu ohi du asebetetze inkestetan. Kalitatezko zerbitzua da, pertsonal propioarekin ematen duguna, eta berme guztiak eskaintzen dituena”, gaineratu du.
Bide batez, foru diputatuak agerraldia aprobetxatu eta herritarrei dei egin die, kanpaina honetan aitorpena euskaraz aurkeztera. “Zerga administrazioa prest dago, internet zein telefono bidezko arreta prest dago euskaraz zerbitzua emateko. Beraz, animatzen zaituztegu pausua ematera: euskara aukeratu, eta zerbitzu bikaina hartzera”, adierazi du Peronak. Gaineratu duenez, Ogasunaren helburua da 2023 urterako 100.000 zergadun izatea Gipuzkoako zerga administrazioarekin euskaraz aritzen direnak, “eta beraz herritarrak pausua ematera animatzea besterik ez zait geratzen”.
Araudia eta aurreikuspenak
Yarzak, bere aldetik, xehetasunetan sartu da, eta gogoratu du 2020ko Errenta kanpainan dauden araudi aldaketa nagusiak azken hilabetetan COVID-19aren krisiari aurre egiteko hartu diren neurriak direla. “Hauen helburua, pandemiak gehien kaltetu dituenak babestea da”, esan du. Batzuk nabarmentze aldera, gogoratu du muga 12.000 eurotatik 14.000ra igo dela, neurriak hartu direla bi ordaintzaile dauden kasuetarako eta COVID-19arekin lotuta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek eman dituzten laguntzak salbuetsita daudela.
Aurreikuspenei erreparatuta, pasa den urtean baino 2.027 aitorpen gutxiago jasotzea espero du Ogasunak, 382.000 guztira. Modalitatearen arabera, 226.000 proposamenen bitartez aurkeztuko dira (pasa den urtean baino 665 gutxiago), 53.000 mekanizatuko bulegoetan (lehengo urtekoan baino 1.543 gehiago) eta 103.000 online, Zergabidea plataformaren bidez (aurreko urtean baino 2.905 gutxiago). Emaitzaren arabera, 259.000 aitorpen itzultzera izango dira, osoaren %67,8, eta bataz beste 1.128 euro jasoko ditu zergadun bakoitzak. Guztira, 292 milioi euro itzuliko dira. Aldiz, gainerako 123.000 aitorpenak ordaintzera izango dira, guztien %32,2, eta batez beste 2.221 euro ordainduko dituzte zergadun hauek, guztien artean 273,2 milioi euro itzuliko dituztelarik. Honenbestez, kanpainaren saldoa -18,9 milioi eurokoa izango da.
Hiru modalitate
Aitorpena aurkezteko hiru modalitateei erreparatuta, proposamenak aipatu ditu lehenengo Yarzak. Honela, esan duenez, aurten 258.334 bidali ditu Gipuzkoako foru Ogasunak zergadunen etxeetara. Hauetatik, 166.888 itzultzera dira, eta 91.446 ordaintzera. Pasa den urtean baino 620 gehiago dira (+%0,2), eta 302.996 zergaduni eragiten diote (aitorpen guztien %67,7). “Nobedade txiki bat dago: azken bi urtetan internet bidez onartu dutenei ez diegu aitorpena bidaliko, baizik eta interneten proposamena ikusteko kode bat”, adierazi du Yarzak.
Proposamena onartzeko bi bide daude, internet edo telefonoz (943113000). Aldaketekin ere onartu daiteke proposamena, sei gai hauetako bat baldin bada: etxebizitza, lokalen edo etxebizitza turistikoen alokairuen errendimenduak, ohiko etxebizitzaren alokairuaren kenkariak, dohaintzen kenkariak eta sindikatu kuotaren kenkaria. “Norberak bestelako aldaketak egitea ere posible da, Zergabidea plataformaren bidez egin baitaitezke”, esan du foru arduradunak.
Bigarren modalitatea Errenta mekanizatua da, bulegoetan aurrez aurre egiten dena. “Badaude oraindik ere aurrez aurreko arreta behar duten kolektiboak, eta batez ere beraietan pentsatuta ematen dugu zerbitzua da”, azaldu du. “Kalitatezko zerbitzua da, langileria propioarekin ematen duguna”, gaineratu du. Hitzorduak hartzeko epea apirilaren 16tik ekainaren 8ra egongo da irekita, eta telefonoz edo internetez hartu daitezke.
Azkenik, hirugarren modalitatea Zergabidea plataformaren bitartez egiten den online modalitatea da. “Pasa den urtean, pandemia zela eta, gehien hazi zen modalitatea izan zen, %13 egin baitzuen gora, eta pertsona fisikoen kasuan, %60 egin zuten gora”, gogoratu du. Diputatuak esandakoaren bat eginez, Yarzak ere esan du aurten ere bultzada honi heldu nahi diola Aldundiak, eta modalitate hau egonkortzen eta hedatzen jarraitu. Horretarako, Zergabidea da gakoa. Bertara sartzeko, klabe operatiboa, B@kQ, ziurtagiri elektronikoa edo BAK kodea beharko da. Azken hau eskuratzeko sinpleena, modu telematikoan lortu baitaiteke eta, gainera, pasa den urtean onartutako BAK kodeek balioko dute aurtengo kanpainan ere.
“Behin Zergabideara sartuta, proposamena baduzu deskargatu, aldatu eta aurkeztu dezake edozein zergadunek; aurreko aitorpenak berreskuratu daitezke; Ogasunak zutaz duen informazio fiskala kontsultatu… Ohiko aitorpenen kasuan, oso erreza da bide honetatik aitorpena aurkeztea, oso intuitiboa baita”, azaldu du Yarzak. Gainera, nabarmendu duenez, laguntzarako baliabideak (tutorialak, telefonoko arreta…) nabarmen indartu ditu foru Ogasunak, Zergabideatik aurkezten diren aitorpen kopurua sustatzen jarraitzeko. “Beraz, herritarrak animatu pausua ematera”, borobildu du zuzendariak.
Ondarearen gaineko Zerga
Azkenik, Ondarearen gaineko Zergaren kasuan, foru arduradunak esan du aurten ez dagoela araudi aldaketa nabarmenik. Modalitate bakarra dago, Zergabidearen bitartez egiten dena, eta apirilaren 15aren eta ekainaren 30aren artean egongo da kanpaina aktibo. Emaitzei dagokionean, 59,5 milioi euro jasotzea aurreikusten du foru Ogasunak, pasa den urtean baino 7,5 milioi euro gutxiago. 7.900 zergadunek aurkeztuko dute zerga honetako aitorpena, eta bataz beste 7.527 euro ordainduko dituztela aurreikusten du foru erakundeak.
Langileak
Kanpainako baliabideei dagokionean, Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordeak esan du kalitatezko zerbitzua dela Ogasunak eskaintzen duena eta, honen adierazle, pasa den urteko zerbitzu kartako emaitzak oso adierazgarriak direla. Guztira, 200 pertsona arituko dira kanpainan lanean. Esan duenez, 55.578 telefono dei jaso ziren pasa den urteko kanpainan, kontsulta konplexuak edota proposamena aldatzeko. Denak lehenengoan erantzun ziren, 105 ezik. Beste modu batera esanda, kanpainako egun bakoitzean 761 dei erantzun ziren, eta 1,4 galdu. Proposamenen eta mekanizatuko aitorpenen itzulpen epea 1,88 egunekoa izan zen (193.000 aitorpen), eta Zergabidea bidez aurkeztutako aitorpenen %99,6 10 egunen barruan ordaindu ziren.
“Pasa den urteko kanpainak proban jarri zuen Ogasuneko lan taldea, eta argi dago erantzuna oso ona izan zela. Oso eskertzekoak izan zen lan talde guztiak, zailtasunak zailtasun, erakutsi zuten jarrera eta konpromisoa”, nabarmendu du Dominguezek. Aurtengoari begira, ziur agertu da antzeko emaitza lortuko dela, “zergadunari eskaintzen zaion zerbitzuaren kalitatearen ikuspegitik bederen. “Baina hori bai, pasa den urtean hasi genuen bideari jarraipena ematera dei egin nahi nuke neuk ere, eta herritarrak animatu Zergabidea ezagutu eta probatzera. Erosoa, azkarra eta erabiltzeko erraza baita”, adierazi du.
3114