Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ostegunean jasoko du Ramon Saizarbitoriak Urrezko Domina

Ostegunean jasoko du Ramon Saizarbitoriak Urrezko Domina

Foru jauregian egingo den banaketa ekitaldian (18:00) jasoko du idazle donostiarrak Gipuzkoako bereizgarri gorena.

2016/12/09
Ramon Saizarbitoriak jasoko du aurten Urrezko Domina

Soslaia

Arrazoi asko egon daitezke Gipuzkoako bereizgarri gorena Ramon Saizarbitoriari emateko. Bizirik diren euskal idazleen artean emankorren eta jorien artean dago zalantzarik gabe; horrek berak aski esan nahi luke urrezko domina berari emateko. Euskal idazle izateko jokamolde baten aitorpena izan nahi luke, ordea, bereizgarri honek, ezer baino lehenago: euskara batuari bidea zabaldu zion kultur belaunaldi baten aitorpena.

Euskara batuaren auzia

Euskararen eredu estandarra jakintzaren, komunikazioaren, kulturaren edo gizarte bizitzaren arlo guztietan erabat finkaturik dagoenean, begirada atzera begira jarri behar genuke une batez, euskara batuaren prozesuak 1960ko eta 70eko hamarkadatan ibili behar izan zuen bide malkartsuaz jabetzeko. Ez genuke ahantzi behar eredu batuaren aurkakoak asko eta pisutsuak zirela, Euskaltzaindiaren barnetik hasita. Arantzazun 1968ko urriaren 3tik 5era egindako batzarrera iritsi aurretik, euskararentzat eredu estandar bateratu bat aldezten zuten euskaltzainek, Koldo Mitxelena buru zutela, zailtasun erraldoiak gainditu behar izan zituzten, erakunde akademikoaren barnean lehen-lehenik, baita orduko euskal kulturaren sektore sendo eta boteretsuen aurrean ere. Abertzaletasun politiko moderatuaren giroetan, berriz, euskara batuaren beharra eta eginkizun estrategikoa ez ziren ulertzen, kanpoko eragin ilun eta arrotzek menderatutako intelektual ezkertiar batzuen maniobratzat jotzen zen. Pentsamolde itxi eta zorrotzenen begietara, h letra azpikeriazko marxismo ezkutuaren ikur izatera iritsi zen. Giro nahasi eta eztabaidaz betetako hartan, 1964ko belaunaldi deitutako idazle gazte talde batek paper erabakigarri bat jokatu zuen, euskara batuaren berehalako gauzatzea eta etorkizuneko bizitza ziurtatzeko. Ramon Saizarbitoria belaunaldi hartako idazle nabarmenena izan zen, euskara batua literaturgintzarako eta, oro har, kultur egintzarako tresnatzat hartu zuten aitzindarietako bat, konpromiso intelektual argi batez gain, engaiamendu pertsonal zorrotz eta eragile bat erakutsita. Euskara batuaren ikurra kulturgintzaren esparru guztietara eta, aldi berean, euskal herri guztietara eramateko bidea ez zen, inolaz ere, bide leun bat izan. Saizarbitoriak berak kontatua da, Jarrai antzerki taldean aritu zen garaian, behin Azkoitira joan zirela antzerki lan bat jokatzera; emakume batek galdetu omen zien ea ingelesez ari ote ziren, ez baitzien hitz bakar bat ulertzen.


Euskal literatura modernoaren bideak urratzen


1969an argitaratu zuen bere lehen eleberria Ramon Saizarbitoriak, Egunero hasten delako. Gaia bera (abortua) txundigarria izateaz gain garai hartako euskal literaturan eta gizartean, Saizarbitoriaren eleberriak ordura arteko bide narratibo guztiak irauli zituen, euskal letretan ezagutu gabeko teknika narratiboak erabili zituen, Europako literatura aitzindarienaren mailan. Eztabaidatu daiteke –literatur kritikaren esparruan eztabaidatu izan den bezala– Saizarbitoriak eragina Frantziako nouveau roman-etik izan ote zuen batez ere, edo James Joyce-ren miresmenak eraman ote zuen bere lehen eleberria era horretan idaztera. Modu batera zein bestera, zalantzarik gabe esan daiteke nobela hura euskal literaturaren aro modernoaren hasiera izan zela, zentzu guztietatik begiratuta. Bide berritzaile haren jarraitutasuna izan ziren Ehun metro (1976) ezagunagoa eta, zer esanik ez Ene jesus (1976): hizkuntzaren beraren azterketa sakona da eta, aldi berean, amaren irudiari buruzko gogoeta; Samuel Becketten eta psikoanalisiaren itzala oso nabarmentzen dira. Ia hamar urte argitaratu gabe egon ondoren, 1990eko hamarkadaren bigarren erdialdean indar berrituaz itzuli zen literaturgintzara. 1995ean, Hamaika pauso eleberria argitaratu zuen, Espainiako Kritikaren Saria jaso zuena. 1996an, berriz, Bihotz bi. Gerrako kronikak argitaratu zuen. 1999an, Aberriaren alde (eta kontra) saiakera plazaratu zuen, euskararen eta euskal kulturaren egoerari buruz. Gorde nazazu lurpean (2000) kontakizunen bildumak Espainiako Kritikaren Saria eta Euskadi Saria jaso zituen. Ordutik hona argitaratutako eleberrietan (Gudari zaharraren gerra galdua, 2000. urtean; Rosetti-ren obsesioa eta Bi bihotz, hilobi bat 2001ean; Kandinskyren tradizioa, 2003an) heldutasun narratibo sendo eta indartsu bat erakutsi du Saizarbitoriak. 2012an bere idazlanik luzeena argitaratu zuen —ia 800 orrialde—, Martutene, bederatzi urte idazten eman eta gero. Elementu autobiografiko ugariekin batera, Saizarbitoriak bere eleberrietan izan dituen gai asko jasotzen ditu, era landu eta sakon batean.

Lanbidea eta bizitza profesionala

Askorentzat ezezaguna bada ere, Ramon Saizarbitoria ez daiteke idazle profesionaltzat hartu. Lanbidez soziologoa izan da erretiroa hartu arte, SIIS ikerketa-zentroko zuzendaria urte luzetan, eta gizarte zerbitzuen arloko ikerketa eta txosten ugari burutu eta zuzendu ditu.

  

1520