Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ostiral honetan izango da 2deo erreferentziazko zentroaren inaugurazioa

Ostiral honetan izango da 2deo erreferentziazko zentroaren inaugurazioa

Euskarazko ikus-entzunezkoen sormena dinamizatzeko arituko da lanean laborategia, elkarlanean oinarrituta

2019/05/29

Tabakalerako 2deo laborategia, zeina Etorkizuna Eraikizen barruan sustatu baita euskarazko ikus-entzunezkoak sortzeko helburuarekin, ostiral honetan inauguratuko da, gizarteari eta sektoreko eragileei laborategiaren instalazioak eta helburuak ezagutaraztea xede izango duen ekitaldi batean. Dagokion lekuan abian jartzen den lehena da Etorkizuna Eraikizek aurreikusten dituen erreferentziazko sei zentroetatik. Imanol Lasa bozeramaileak esan du «albiste bikaina» dela, «Gipuzkoa sektore estrategikoetan indartzeko apustua bere fruituak ematen hasi baita. Legealdi berri honetan jada abian jarritako agenda politiko berria sendotuko dugu».

Laborategiak, zeinak Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren babesa ere jaso baitu, xedetzat du euskarazko ikus-entzunezkoen ekosistema sortu eta dinamizatzea, sektorearen zerbitzura egongo den ikerketa eta garapen zentro gisa. Euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa eta kontsumoa emendatzea du eginkizun nagusi, eta horretarako, sortzeko testuinguru berriak sustatzen ditu, produkzio eredu eta formatu berriekin esperimentatzen du eta zabalkunde bideak biderkatzen ditu. Betiere, «sektorea osatzen duten eragileekin elkarlanean eta herritarren partaidetza aktibatuz», azpimarratu du Lasak.

Horretarako, behatoki gisa funtzionatuko du, nazioarteko produkzio eta kontsumo joerak aztertzeko, eta negozio aukera berriak identifikatzeko, entretenimendua baino harago; proiektu eta produktu estrategikoen inkubagailua izango da, eraldaketarako gaitasunarekin; eta sektoreko enpresek eta sortzaileek izan ditzaketen aurreproiektuen sustatzaile ere izango da, zeharkako lau lan ildotan oinarritutako laguntza eskainiz: estetika, istorioa lotzeko gaitasuna, teknologiaren erabilera eta hedapena, bereziki internet, baina baita beste edozein hedabide berri ere.   

2deo laborategiak 500 metro karratu inguruko instalazioak izango ditu; horien artean, elkarrekintza sustatuko duten espazio irekiak, materiala ikusi eta editatzeko eremuak eta laborategiko langileen lan eremuak.  Espazio horiek guztiak era dinamiko eta eskalagarrian banatuko dira, unean uneko beharretara egokitu ahal izateko. Bestalde, laborategiaren ateak beti egongo dira zabalik, herritarrek noiznahi sartzeko aukera izan dezaten, nola eta zertan lan egiten den ikusteko.

Bozeramaileak gogorarazi du edukiak kontsumitzeko modua zeharo aldatu dela. «Gazteak sare sozialetara konektatuta bizi dira, eta beren gailuak erabiltzen dituzte informazioa eskuratzeko eta ongi pasatzeko, mundu osotik datozen ikus-entzunezko produktuak kontsumituz. Euskararen etorkizuna bermatu nahi badugu, ezinbestekoa da gure hizkuntzak mundu horretan ere bere lekua izatea, horrek lagunduko baitu gazteek kalean elkar komunikatzeko erabiliko duten erregistro bat izan dezaten». 

EHUk egindako azterketa bat abiapuntutzat hartuta sortu da 2deo. Izan ere, azterketa horretan ikusi zen gazteek gaztelaniazko ikus-entzunezkoak kontsumitzen dituztela, batez ere ez dutelako beste aukerarik, ez eta euskarazko edukirik ere.  Baina gazteek euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzearen aldeko jarrera erakusten dute, azterketa horren arabera. «Argi dago Gipuzkoaren etorkizuneko erronketako bat dela hau. 2deo laborategiaren helburua da hutsune hori betetzen laguntzea. Eta Tabakaleran egingo du hori, Tabakalera baita Donostiako Zinemaldia, Euskal Filmoteka eta Elias Querejeta Zine Eskola bezalako ekimenen gunea.  Ez dago abangoardiazko eraikin hau bezalakorik 2deo laborategiak bere bideari arrakastaz ekiteko».

Debagoiena

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak onetsi du Gizabidea Fundazioari 50.000 euroko dirulaguntza ematea, Gizabidea Fundazioak garatzen duen “Debagoieneko Berrikuntza Plataforma” proiektuaren finantzaketan laguntzeko. Berrikuntza sozialaren esparruan, lankidetza izaera duten prozesu komunitarioak bultzatzeaz arduratzen da. Horiekin, erantzuna ematen zaie momentuko gizarte erronkei, eta gizarteratu egiten dira kooperatibismoaren, eragile desberdinen arteko koordinazioaren eta esparru kontzeptualen sorreraren balioak, eta kooperatibek eta komunitateak berrikuntzak egitea ahalbidetuko duten prozesuak eta tresnak, horrela, Debagoiena eskualdearen eraldaketa sozioekonomikoari lagunduz.

Debagoieneko kooperatiba elkarteek “apustu sendoa egin dute ekimen honen alde eta plataforma gauzatzeko”, 1.075.000,00 eurotako aurrekontua bideratuz 2019. Urterako. “Gipuzkoa, eta, bereziki, Debagoiena, erreferentzia dira munduan kooperatiba esparruan lortu duen garapenaren ondorioz. Proiektu kooperatiboaren gaurko errealitatea enpresek sustatutako proiektu soil bat baino gehiago da, gizartearen eraldaketa proiektu bihurtu baita.  Kooperatibismoaren ibilbidearen ikuspegi integral eta eraldatzaile batetik abiatuta, beharrezkoa da momentu bakoitzeko beharrei erantzun berriak ematea, esperimentazioan oinarrituta”, azaldu du.

Foru bozeramaileak azaldu duenez, Gizabidea Fundazioak bultzatzen duen proiektua “adibide egokia” da Aldundiak Gipuzkoa mailan bultzatzen duen gobernantza kolaboratiboko eredua eskualde eskalara eramateko, “eragile desberdinen arteko elkarlanean oinarrituta, eta beti ere komunitatea eta pertsonak erdigunean jarrita”.

SZukaldatzen

Era berean, erabaki da 50.000 euroko dirulaguntza bana ematea AIE Etxetresna Elektrikoen Euskadiko Kluster Taldeari (ACEDE) eta CS Centro Stirling S.Coop-i, Szukaldatzen LAB proiektua garatzeko, Etorkizuna Eraikizen barruan. Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (EIKT) gastronomiaren esparruan sartzea da helburua, esparrua zentzu zabalean hartuta, ekosistema gastronomikoa osatzen duten eragileen eboluzioa eta lidergoa sendotzeko.

Gipuzkoak industria ehun aurreratua du sukaldaritza arloko ezagutzari lotuta, kasu batzuetan beraien sektoreetan mundu mailako liderrak diren enpresekin. Egosketaren teknologien esparruan aritzen diren enpresen kontzentrazio maila altua dauka. Testuinguru horretan, sukaldaritzaren ezagutzari lotutako kate desberdinetako eragileen arteko lankidetza bultzatu nahi da, ezagutzak, jakintza eta teknologiak uztartuz. Garaitzen ari diren lan ildoen artean daude mundu mailako sukaldaritzaren merkatuaren behaketa, joera eta ildoen monitorizazioa bezero eta eragileekin, eta soluzio digital berrien garapena.

  

1357