Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Parte-hartzea indartuko dute UPV/EHUko Uda Ikastaroek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik

Parte-hartzea indartuko dute UPV/EHUko Uda Ikastaroek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik

Hitzarmena sinatu dute bi eragileek eta, honi esker, elkarlaneko gobernantza oinarri duen partaidetza-eredua transferituko die foru erakundeak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UPV/EHUko Uda Ikastaroek lankidetza hitzarmena adostu dute, eta gaur goizean Donostiako Miramar jauregian sinatu dute akordioa Eider Mendoza Gobernantza diputatuak eta Itziar Alkorta ikastaroen zuzendariak. Adostasun honi esker, 2020 eta 2022 urteen artean, foru erakundeak bere partaidetza eredua transferituko die Uda Ikastaroei. Praktikan, aurten martxan jarriko den TopaGune proiektuaren bitartez gauzatuko da ekimena, eta honen bitartez Uda Ikastaroek eskaintzen dituzten jardueretan ikasleen partaidetza sustatu eta bultzatuko dira. “Pausu garrantzitsua da Gipuzkako Foru Aldundiarentzat zeren eta praktikan, Etorkizuna Eraikizek oinarri duen gobernantza eredu ireki eta elkarlanekoa Uda Ikastaroetara hedatzea ekarriko du”, esan du Gobernantzako foru diputatu den Eider Mendozak.

          UPV/EHUko Uda Ikastaroak erreferentziazko prestakuntza-jarduera eta zientzia-dibulgazioko jarduera gisa finkatu dira euskal kulturaren inguruan, eta pasa den urtean 14.000 parte hartzaile baino gehiago izan zituen (Estatu mailan, liderrak dira mota honetako egitasmoetan). Ikuspegi kualitatiboari erreparatuta ere, era askotako egiturak sustatzen dituzte mintegi hauek, herritarrek dituzten kezka nagusiei heltzen diete eta publiko oso heterogeneora iristea lortzen dute. “Azken edizioetan ahalegin berezia egin dugu ikasleen parte-hartzea sustatzeko ditugun euskarri ezberdinetan baina, hala ere, ikasleen eta irakasleen gogobetetasun-inkesten arabera, gure publikoaren zati batek parte-hartze handiagoa eskatzen digu”, esan du bere aldetik Itziar Alkortak.

          Behar horri erantzuteko, eta hitzarmen honi esker, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta batez ere Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan jaso den esperientzia, metodologia eta jakintza hedatuko du Uda Ikastaroetara. Aipatutako TopaGuneren markoan, hiru esperientzia pilotu jarriko dira martxan, ikasleek gehiago parte hartu nahi dutela adierazi duten alorretan: zahartzea (‘Belaunaldi arteko ituna: iragana, oraina eta etorkizuna’ uda ikastaroa, urriaren 29 eta 30ean egingo dena), hezkuntza (‘Erronka hezkuntzan: hibridazio-estrategiak online eta aurrez aurre ikasteko prozesuetan’ ikastaroa, uztailaren 22an egingo dena) eta iraunkortasuna (‘Garapen iraunkorretik ekonomia zirkularrera: egungo egoera eta etorkizunerako erronkak’ ikastaroa, irailaren 14 eta 15ean egingo dena).

“Hiru ikastaro hauetan Aldundiaren partaidetza eta sorkuntza metodologiak aplikatuko dira, COVID-19 gaitzak eragin duen egoerak ezartzen dituen mugak gainditzeko tresna digitalak frogatuko dira, eta egiten diren parte-hartzea ariketak neurtu eta ebaluatuko dira. Amaitzeko, jarduteko protokolo bat osatuko dugu, jasotzen dugun esperientziekin”, esan du Mendozak. Datorren urtean, berriz, beste hiru ikastarotara hedatuko da, guztira sei, eta 2022 urtean beste hiru gehitu zaizkie mintegitara, guztira bederatzi. Honela, partaidetza esperientzia hauen barne izango diren ikasle kopurua ere hazten joango da urtetik urtera: aurreikuspenen arabera, 72 izango dira aurten, 180 datorren urtean eta 270 2022an.

 

Parte-hartzeko ikastaroen egitura

Parte-hartzea indartuko duten ikastaro hauek bi zati desberdin izango dituzte: lehenengoa ikastaro klasikoa izango da, non aditu batek gai konkretu bati buruzko hitzaldiak eskainiko dituzten. Bigarren zati batean, ordea, parte-hartze saioa antolatuko da, hainbat dinamizatzaileren laguntzarekin eta hautatutako ikastaro bakoitzaren helburuen arabera egokituta. Bigarren atal hau borondatezkoa izango da. Metodologia honen aplikazioa errazteko, coworking espazioak jarriko dira Uda Ikastaroen egoitza nagusi den Miramar jauregian, ikastaroen aurreko eta ondorengo denboran eta atsedenaldietan parte hartzea sustatzeko. Parte-hartze saiorako, berriz, gela jakin bat egokituko da, hainbat elementu izango dituena partaidetza gauzatzea sustatuko dutenak (agertoki hurbila, modulagarria, partaidetza sustatzen duen antolaketa, IKT bideratzaileak…).

  

1744