Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Pasaiako bizilagun batek lagatako ondarea eskertu du Foru Aldundiak

Pasaiako bizilagun batek lagatako ondarea eskertu du Foru Aldundiak

Bere jabetza oinordetzan utzi zion foru erakundeari, babesik gabeko adin txikikoen arreta sozialera bideratzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere hilosteko “esker onik beroena eta aitortzarik zintzoena” eskaini dio bere ondare guztia foru erakundeari laga zion gipuzkoar bati, babesgabetasun egoeran dauden haurren arretara bideratzeko. Gabriel Vicente Letamendia jauna, 1946ko ekainaren 15ean jaioa, ezkongabea eta ondorengorik gabea, bere jaioterri Pasaian hil zen 2015eko maiatzaren 12an. Testamentu irekia egin zuen, hauxe xedatuz: “Bere ondare, eskubide eta akzio guztien oinordeko ezartzen du Gipuzkoako Foru Aldundia, haur abandonatuei laguntza ematen dien departamentuan inbertitzeko”.   

Gaurko bilkuran,  herentzia –etxebizitza bat, ibilgailua eta kapital higigarria- inbentario onuraren arabera onartu du Diputatuen Kontseiluak. Herentziaren bertutez eskuratzen diren ondasunak eta eskubideak babesik gabe dauden adingabeen esparruari lotutako xedeak eta helburuak betetzera bideratuko ditu Aldundiak, oso-osorik.

Imanol Lasa foru bozeramaleak balio handia eman nahi izan dio keinu honi, eta “bihotzez” eskertu du, ahulenekiko eta Gipuzkoa osoarekiko islatzen duen “konpromisoa, zintzotasuna eta eskuzabaltasuna” azpimarratuz: “Uste dugu justizia kontua zela erabaki hau publikoki ezagutaraztea, eta konpromisoa hartzen dugu zenduaren borondatea betearazteko Politika Sozialetako departamentuaren bitartez, gure gizartean babes gutxien dutenen arreta bermatuz, profesionaltasunez eta eraginkortasunez. Foru Aldundiarengan jarri zuen konfiantzari ez diogu huts egingo”.

  

1721