Pasaitarren proposamenak jaso ditu Foru Aldundiak 2018ko aurrekontuetan txertatzeko
Pasaitarren proposamenak jaso ditu Foru Aldundiak 2018ko aurrekontuetan txertatzeko
Karpa jarri du Euskadi Etorbidean, bere jardueraren inguruan kontuak eman, eta herritarren eskaerak bertatik bertara entzuteko
Foru Aldundiaren aurrekontu irekien ekimenak Pasaian izan du hirugarren geltokia. Horren bitartez, gipuzkoar guztiek parte hartu ahal dute Foru Aldundiaren 2018ko aurrekontuen osaketan. Pasaitarren lehentasunak eta proposamenak jaso, aztertu eta aurrekontuetan txertatzeko helburuarekin, karpa Euskadi Etorbidean egon da, Ziriza eraikin parean. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua eta Joseba Muxika Herritarren Partaidetzako zuzendaria bertan izan dira gaur, herritarrekin tratu zuzenean. Lasak baikor baloratu du ekimena egiten ari den: “Herrritarren beharrei pultsua hartu, eta haien iradokizunak pertsonalki jaso eta entzun nahi ditugu. Aldundia zertan aritzen den azaldu nahi dugu xehetasun guztiekin, datuen bitartez esplikatuz nolako garrantzia duen Aldundiak Gipuzkoaren egunerokoan, jendea parte hartzera animatuz. Oso pozik gaude orain arte eduki dugun erantzunarekin”, adierazi du.
Karpa 10:00etatik 19:00etara egon da zabalik eta hainbat lagun gerturatu dira. Arretarako teknikariak izan dira bertan, parte hartzeko interesa dutenei Aldundiaren aurrekontuen edukia azaltzeko, laguntza eskaintzeko, zalantzak argitzeko, eta proposamenen bilketa sustatzeko. Gainera, Lasak topaketa egin du Pasaiako Itsas Arrantza BHIko lanbide heziketako moduluko ikasleekin: “Aurtengo aurrekontu irekietan ahalegin berezia egin nahi dugu Aldundiaren jarduera gazteenei gerturatzeko, askotan ez baitute ezagutzen erakundeak egiten duena eta bere funtzioak, eta baita beraien kezka eta eskaerak jasotzeko ere, aurrez aurre. Oso bilera aberasgarriak izaten ari dira, guri ere kokatzeko balio digutelako”.
Topaketa horren barruan, hainbat galdera luzatu dizkiote Diputatuari, horietako asko Pasaiaren biziberritze prozesuari buruzkoak, ez bakarrik ekonomiaren eta hirigintzaren ikuspegitik, baita kultur eskaintza eta azpiegituren gabeziaz ere. Halaber, hizpide izan dituzte etxebizitza politika, emanzipatzeko zailtasunak, eredu ekonomikoa, zergen kudeaketa, errepideak, behar handia dutenen pertsonen arreta, edo lan merkatuaren egoera. Lasak eskertu egin ditu haien interesa eta prestutasuna, “ekarpenak helarazterakoan, eta baita guri kritikak egiterakoan ere. Gure konpromisoa da jasotako guztiei erantzuna ematea”.
Diputatuak gogorarazi duenez, karpara joateko aukerarik ez daukatenek ere, norbanakoak edo kolektiboak izan, beraien proposamenak aurkez ditzakete ekainaren 30era arte, etxez etxe banatutako esku orria bete eta Gipuzkoa Plazan –beheko solairua- kokatutako herritarren arretarako eta informaziorako gunean entregatuz. Internet bidez ere parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean. Proposamenak bidaltzeaz gain, bi aukera ematen zaizkie herritarrei: haientzat Gipuzkoaren etorkizuneko erronka nagusia zein den zehaztea, eta Aldundiak zein arlotan inbertitzea nahiko luketen adieraztea. 16 urtetik gora edukitzea da baldintza bakarra.
Proposamen guztiek erantzuna edukiko dute memoria batean, arrazoituko duena zeintzuk onartzen diren, zeintzuk ez, eta zergatiak. Parte-hartzaile guztiei helaraziko zaie memoria 2018ko urtarrilean. Horrez gain, aurrekontuetarako onartutako eskaera edo proiektuak nola gauzatzen diren jarraitu ahal izango da.
Aurrekontu irekien karpa herriz herri ibiliko da, Gipuzkoako 37 udalerritan guztira, maiatza eta ekaina bitartean. Bihar, Irunen txanda izango da. Partaidetza@gipuzkoa.eus posta elektronikoan, eta 943 113960 telefonoan, proposamenak bidaltzeko epea zabalik dagoen bitartean, interesa duten guztiek informazioa eta aholkularitza jaso ahal izango dute horiek prestatzeko
1455