Pello Jauregi ikerlariak jasoko du 2020ko Abbadia Saria
Pello Jauregi ikerlariak jasoko du 2020ko Abbadia Saria
Euskaraldiaren “teorizatzaile” gisa Jauregik egindako ekarpena aitortu du epaimahaiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Pello Jauregi Etxaniz irakasle eta ikerlariari (Donostia, 1958) emango dio aurtengo Abbadia saria, epaimahaiak aho batez hala erabaki ostean. Hala jakinarazi du gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, zeinak, Aldundiaren izenean, ikertzaile donostiarra zoriondu duen “merezimendu osoz” jasoko duen errekonozimenduagatik. Ohitura denez, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian egingo da Abbadia Saria emateko ekitaldia, momentuan momentuko osasun eta segurtasun gomendioak jarraituz, beti ere: azaroaren 27an izango da, hain zuzen ere.
Pello Jauregi Etxaniz, Pedagogian Lizentziatua Salamancako Unibertsitatean, Hezkuntza Zientzietan Doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Kuadrilategi egitasmoaren sortzailea eta Soziolinguistika Klusterrak martxan jarritako Aldahitz ikerketaren zuzendaria, besteak beste. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea da. Euskaraldiaren antolakuntzarako inspiragarri izan zen Lasarte-Orian 2016an egindako Baietz 40 egun euskaraz herri erronkari buruz Jauregik egindako ikerketa, zeinetan jasotzen diren gizarte aktibazioari eta hizkuntza ohituren aldaketari buruzko hainbat oinarri esanguratsu.
Garbiñe Mendizabalek adierazi duenez, epaimahaiak nabarmendu nahi izan du aukera honekin Euskaraldia sortu eta forma emateko garaian ikerlari donostiarraren lanek izandako garrantzia. Hauek dira, xehetu duenez, epaimahaikideek saria emateko garaian adostutako arrazoiak:
• Euskaraldia ekimenaren teorizatzaile den aldetik, hein handi batean, euskararen hedapenerako aukerak neurtezinak sortu ditu.
• Pello Jauregik egin dituen gogoeta eta ikerketa horietatik dinamika sozial bat sortzeko gaitasuna izan du. Errepikatzeko modukoa, gainera.
• Konbinatu ditu ikerketa teorikoa eta praktika, ulermenaren gaineko ikerketan aritu baita eta hori lortzeko klaseak emateraino iritsi da.
• Bere ikerketarekin oinarri sendo bat eman dio gizarte ekimenari: ikertu, egin, neurtu eta ebaluatu; eta hiru hilabetera berriz neurtu.
Urtero bezala, artista gazte bat izango da Abbadia Sariari lotutako oroigarriaren egilea. Oraingoan, Xabier Anunzibai (1985) artista beasaindarra izan da aukeratua eta, beraz, okasiorako propio egindako artelan bat jasoko du Pello Jauregik. Bolumen, material eta formatu ezberdinekin lan egiteko joera eta jakinmina du Anunzibaik eta, muralgintzan ibilbide esanguratsua badu ere, okasio honetarako koadro itxurako konposizio bat lantzen ari da.
Anton Abbadia Saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua da 1996an, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. Beste saririk bada euskararen inguruan, baina gehienetan alor berezietakoak dira edo jende adituentzat eginak. Nolanahi ere, Abbadia Sariak esparru zabalagoa hartu nahi du: euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzeko pertsona edo elkarteen jardunaen aitorpen izan nahi du. Horrez gain, Anton Abbadiaren oroimena berrituz, sariak euskaltzaleen “biltzar txiki bat ere izan nahi luke”, gogoratu du amaitzeko Mendizabalek: “urtero, euskalgintzan ari direnen harremanak sendotu eta gogoberritu nahi genituzke sari ematearen inguruan, giro hurbil, bero eta alaian”.
Indar eta ilusio kolektibo berria
“Zalantzarik ez dago Euskaraldiarekin indar eta ilusio kolektibo berriak piztu direla gure artean. Euskal Herri osoan bezala, baita gure lurraldean ere. Euskara biziberritzeko lanean, ziur asko, azken urteotako berririk eta ekarpenik nagusietakoa izan da. Ikusi besterik ez dago, lehen edizioan, herriz herri ekimena dinamizatzeko sortutako batzordeetan herritarrek erakutsitako inplikazioa eta gogoa. Bigarren edizio honetan ere, zailtasunak zailtasun, zabala izaten ari da Euskaraldiaren inguruan sortutako mugimendua, erakundeon eta gizarteko eragileen arteko lankidetzan oinarritua”, gogoeta egin du Garbiñe Mendizabalek.
Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak azpimarratu duenez, Euskaraldiak proposatu du “hizkuntza ohiturak aldatu eta etorkizunera begira indartzeko” formula bat. Eredu horrek, besteak beste, zutabe izan ditu “esperimentazioa, elkarlana eta herri aktibazioa”. “Horietan guztietan sakontzeko eta egitasmo egingarriak plazaratzeko, ezinbestekoa da oinarri teoriko-praktiko sendoak edukitzea. Ahalegin horretan berebiziko garrantzia izan du Pello Jauregiren ekarpenak”, goraipatu du.
Amaitzeko, Garbiñe Mendizabalek eskerrak eman dizkie mahaikide guztiei, Foru Aldundiaren izenean, hautagaien merezimenduak landu eta, guztien artean, edizio honetako sariduna aukeratzeko garaian egindako lanagatik.
1858