Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Pobrezia eta bazterketari buruzko inkestak “geroz eta desberdintasun gutxiago dituen lurraldea” erakusten du

Pobrezia eta bazterketari buruzko inkestak “geroz eta desberdintasun gutxiago dituen lurraldea” erakusten du

Gini indizea puntu bat eta AROPE adierazlea hiru hamarreneko jaitsi dira Gipuzkoan.

Gipuzkoako pobrezia eta gizarte bazterketari buruzko inkestaren 3. edizioko emaitzak aurkeztu dituzte Maite Peñak, Gizarte Politiketako diputatuak, eta Joseba Zalakainek, SIIS dokumentazio eta ikerketa zentroko zuzendariak. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta SIISek burututako estatistika operazioak pobrezia, gabezia, bazterketa eta desberdinkeria egoeren hedadurari buruzko datu nagusiak adierazten ditu, eta jarraipena ematen die 2012an eta 2014an egindakoei. Diputatuak nabarmendu duenaren arabera, hirugarren inkesta honek “geroz eta kohesionatuagoa den eta desberdintasun gutxiago dituen” lurralde bat erakusten du, baina gehitu du “ekonomiaren susperraldia ez dela iritsi zailtasun handienak bizi dituzten sektoreetara, izan ere, bazterkeria egoeren kronifikazio arriskua antzeman daiteke”.

Diputatuak azpimarratu duenez, “inkestan bildutako datuek lurraldeko errealitate bat erakusten dute, eta errealitate hori hartu behar dugu oinarri aurrerantzean ere gizarte kohesioan sakonduko duten eta desberdinkeria desagerraraziko duten etorkizuneko gizarte politikak diseinatzeko”. Eta gaineratu du: “Desberdintasuna gutxitzen ari bada ere, datuek adierazten dute ekonomiaren susperraldia ez dela iritsi zailtasun handienak bizi dituzten sektoreetara, guraso bakarreko familietara, langabezian dagoen poblaziora eta haur-populaziora, esate baterako. Gutxien irabazten dutenen diru sarrerak hazi dira gutxien, eta ekonomia eta enplegua suspertzen ari badira ere, bazterketa egoera larrian bizi direnen kopurua ez da jaitsi”. Errealitate hori ikusirik, Maite Peñak gogorarazi du lanean jarraitu beharra dagoela “Elkar-Ekin bezalako politika zehatzen bidez egoera horri aurre egiteko, eta agerian uzten du horretan jarraitu behar dugula, gizarte inklusioaren alde eta kalitatezko enplegu gehiago eta hobea sortzeko aurrerapausoak ematen. Beti ere hirugarren sektorearekin batera, lurraldean gizarte bazterkeriaren aurkako borrokan oso inplikatua dagoena”.

Peñak gehitu du Gini indizea eta AROPE tasa jaitsi izana gizarte “berdinago eta kohesionatuago” baten adierazgarri dela: “Gini indizea puntu bat jaitsi da, 25,3koa da, eta horrek Gipuzkoa munduan desberdintasun gutxien duen lurraldeen artean kokatzen du, Europa iparraldeko herrialdeen gainetik, adibidez”. AROPE tasari dagokionez, jaitsiera horren nabarmena izan ez den arren, % 19,5etik % 19,2ra, diputatuak azpimarratu du datu horrek “gizarte kohesionatuago bat” erakusten duela, “pobrezia eta gizarte bazterketa arriskuan dauden geroz eta pertsona gutxiagorekin”, eta gehitu du jaitsiera horren arrazoia lan merkatuaren hobekuntza izan daitekeela.  Beste lurralde batzuekin alderatuta, AROPE tasa, Gipuzkoan, “Euskadikoaren (% 20,7) eta EBkoaren (% 22,4) azpitik dago, eta Estatukoarena (% 26,1) baino askoz beherago”.

Bazterketa eta gizarteratze egoerei dagokienez, eta 2014ko datuekin alderatuta, lau hamarreneko jaitsi da bazterketa egoera larrian dauden pertsonen kopurua (% 4,7) eta % 0,8 igo da bazterketa moderatuko egoeran dauden pertsonen kopurua (% 9,1); gizarteratze prekario egoeran dauden pertsonen kopurua % 0,4 jaitsi da (% 29,3) eta hamarreneko bat igo da, % 56,9ra,  erabateko gizarteratze egoeran dauden pertsonen kopurua. Hori horrela, Gipuzkoan erabateko gizarteratze egoerak askoz ere hedatuago daude Estatu mailan baino, % 57koa eta % 48koa dira hurrenez hurren. Gainera, inkestak adierazten du 2014 eta 2018 urteen bitartean ez dela aldaketa nabarmenik gertatu, eta bazterkeria mailaren igoera nabarmenena 2012 eta 2014 bitartean eman zela. Hala ere, diputatuak gehitu du: “Aldaketa horrek, minimoa bada ere, kronifikazio eta polarizazio arrisku bat helarazten du, eta ondorioz, gizarteratzeko politiketan azpimarra jartzearen beharra azaleratzen du”.

Diru sarreren mailari dagokionez nabarmentzekoa da batez besteko errenta baliokidea 112 euro igo dela, hilabeteko 1.533,3 eurora iritsita, pobrezia erlatiboaren atalasea edo diru sarrera baxuak pertsonako hilabetean 920 eurokoak direla, duela lau urte baino 67,6 euro gehiago, eta pobrezia larriarena 613 eurokoa, 2014an baino 45 euro gehiago. Diru sarrera maila horiek direla eta, eta Gipuzkoako biztanleriaren pobrezia egoerekin jarraituta, azpimarratzekoa da pobrezia egoera larrian dauden pertsonen kopurua ia aldatu ez den arren (37.838 pertsona, biztanleriaren % 5,3), pobrezia egoera erlatiboan edo diru sarrera baxuak dituzten pertsonen kopurua % 0,8 handitu dela (117.157 pertsona, biztanleriaren % 16,4).

Bestalde, 2014tik, pobrezia indize erlatiboak lau puntu egin du gora lanean ari diren biztanleen artean, hau da, langileen % 10,2 pobrezia erlatiboan bizi da; “horrek erakusten du lan bat izatea ez dela pobrezia egoeran edo arriskuan ez egotearen sinonimo”. Diputatuak adierazi duenez, igoera horren arrazoiak izan daitezke, besteak beste, soldata baxuenak gutxiago hazi izana, ordainsaririk txikienak jasotzen dituzten langileak lan merkatura itzuli izana, edota lanaldi partzialak areagotu izana. “Horrek guztiak argi erakusten du aurrera egin behar dugula gizarte bazterketaren, pobreziaren eta desberdinkeriaren aurkako estrategia integral, multidimentsional eta partekatu bat lortzeko”, ondorioztatu du Peñak.

Inkestaren hirugarren edizioa

Inkestak aztergai du zenbateraino zabaldu diren Gipuzkoan pobrezia, gabezia, desberdinkeria eta bazterketa, eta aztertzen du biztanleak zer nolako baldintzetan bizi diren eta pobreziak eta gizarte bazterketak nola eragiten dioten halako egoeretan dauden biztanleen ongizateari. Horiek horrela, Joseba Zalakain SIISeko zuzendariak azpimarratu du Gipuzkoa dela bazterketa eta pobrezia egoerak erregulartasunez neurtzen dituen lurralde bakarra, eta inkesta honi esker egiten duela, 1.500 familia baino gehiagoko lagin bat  hartuta. “Inkestak ikusarazten du nola eboluzionatu duten Gipuzkoako biztanleen bizi baldintzek krisiaren unerik larrienetik gaur egun arte”, nabarmendu du Zalakainek.

 

Gipuzkoako pobrezia eta gizarte bazterketari buruzko hirugarren inkestan bildutako emaitzek “bat egiten dute oro har beste iturri batzuetakoekin, hala nola Eusko Jaurlaritzaren Pobreziaren eta Gizarte-Ezberdintasunen Inkestarekin eta Cáritasen FOESSA inkestarekin”, adierazi du SIISeko zuzendariak. Inkesta honek, gainera, pobrezia, bazterketa eta desberdinkeria bezalako fenomenoak neurtzeaz gain, biztanleen bizi baldintzei lotutako beste hainbat elementu ere neurtzen ditu, besteak beste, osasuna, jarduera fisikoa, gizarte zerbitzuetarako sarbidea, enplegua, etxebizitza, partaidetza zibikoa eta boluntariotza.

 

Joseba Zalakainek intereseko zenbait datu azaldu ditu bizi baldintzei lotutako elementu horien harira, esate baterako: 25 urteko eta hortik gorako biztanleen % 10ek prestakuntza jarduerak egiten dituzte; ikasi edo lanik egin gabe dauden gazteen portzentajea % 13,6tik % 9ra jaitsi da (2012ko eta 2018ko datuak alderatuz); pobrezia tasa % 8,4koa da euskara lehen hizkuntzatzat duten biztanleen artean eta % 16,8koa, berriz, gaztelania lehen hizkuntzatzat dutenen artean; biztanleen % 68k jarduera zibiko edo politikoren batean parte hartzen du, hauteskundeetako ohiko parte-hartzea barne, eta biztanle pobreen artean % 57koa da ehuneko hori; azken urtean Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara jo duten pertsonen portzentajea % 13tik % 11ra igaro da (horietatik % 22k nazionalitate espainiarra du eta % 53k atzerrikoa; eta, azkenik, gaineratu du, diru sarrerak bermatzeko errentak eta gizarte larrialdietarako laguntzek % 43an murrizten dutela pobrezia Gipuzkoan, 30.000 familiari laguntzen baitiete pobreziatik irteten.

  

1824