Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Prebentzio neurriak areagotu dira Tolosa, Getaria eta Zarauzko egoitza eta eguneko zentroetan

Prebentzio neurriak areagotu dira Tolosa, Getaria eta Zarauzko egoitza eta eguneko zentroetan

Aldundiak, Goierriko eta Tolosako adinekoen egoitzetako egoiliarrei eta langileei PCRa egin die, guztira 940 proba, guztiak negatiboak.

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak jakitera eman duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Tolosako, Getariako eta Zarauzko adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako talde arduradunekin koordinatuta, "Tolosako Iurreamendi eta Uzturre, eta Zarautzko Santa Ana egoitzetako irteerak aldi baterako etetea eta Uzturre eta Getariako eguneko zentroak ere aldi baterako ixtea" erabaki dela, Peñak azaldu duenez. Bestalde, diputatuaren esanetan, egoitzetako bisitak "prebentzio eta segurtasun neurri guztiak zorroztuz" egin ahal izango dira.

Diputatuak gogorarazi duenez, Iurreamendi egoitzan, pasa den astelehenetik, uztailak 6, irteerak etenda daude, bertan bizi baitira orain Ordiziako San Jose egoitzako erabiltzaile asko, birmoldaketa lanak egiten ari baitira bertan. "Tolosako eta Zarauzko zentroetan etenaldi horiek denboran luzatuko dira, eta egoera epidemiologikoak ahalbidetzen duenean berrartuko dira", azpimarratu du Maite Peñak.

Era berean, diputatuak komunikatu du Goierriko eta Tolosako egoitzetan ez dagoela COVID-19rik, erabiltzaileei eta zentroetako langileei PCR probak egin ondoren. Gipuzkoako Foru Aldundiak, DYArekin lankidetzan, 940 PCR proba egin ditu pasa den asteartean hasita, uztailaren 7an, Osasun Sailak Ordizian atzemandako COVID-19 agerraldia ezagutu ostean, eta diputatuak jakitera eman duenez “guztiak negatiboak izan dira". Probak honako zentro hauetan egin dira: Beasaingo Arangoitin, Lazkaoko Txindokin, Segurako San Juanen, Zumarragako Argixaon, Legazpiko Santikutzen, eta Tolosako Iurreamendin eta Uzturren. Maite Peñak gaineratu du datorren astetik aurrera gauza bera egingo dela Zarauzko egoitzan.

Maite Peñak gogorarazi duenez, "detekzioan eta erantzunean azkartasuna ezinbestekoak dira birusaren hedapenari aurre egiteko", eta, gaineratu duenez, "neurrien helburua da birusaren eraginen aurrean ahulenak diren pertsonen ongizatea zaintzen jarraitzea, ikusezina dena, azkar transmititzen dena eta oso gogorra adineko pertsonen artean". Halaber, diputatuak azpimarratu duenez, "osasun arloko agintariekin harremanetan jarraituko dugu eta Gipuzkoa osoko egoerari adi, neurri gehigarriak hartzeko edo/eta oraingoak egokitzeko".

  

1533