Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Laugarren industria iraultzarako prest

Laugarren industria iraultzarako prest

Gipuzkoak, lurralde gisa, aurre egin behar dio ere 4.0 kontzeptuei egokitzeko erronkari

"Gaur egun langile kopuru bera dugu, baina bederatzi aldiz gehiago fabrikatzen dugu”. Joan den azaroan, Donostiako Kursaal Zentroan, Siemens enpresako The Digital Factory Division-eko fabrikazioko lehendakariordeak esan zuenak argi eta garbi erakusten du laugarren industria iraultzak duen garrantzia. Aldaketa sakon hau, industriaren eraldaketa digitala, gelditzeko etorri da, eta dagoeneko aldatzen ari da gure enpresetako lan, fabrikazio eta kudeaketako mekanismoak.

Basque Industry 4.0 kongresuan, zuzendari alemaniarrak esan zuena erreferentziatzat har daiteke 4.0 industriak lehiakortasun alorrean sor dezakeen aurrerapen bidean. Fabrikazio digitalaren arloan multinazional alemaniarrak duen esperientziak argi erakusten digu beraien lantegi aurreratuenetan egindako jauzi teknologikoa baliagarri izan dela enpresentzat, bai proiektu eta fabrikazio kostuen prezioak jaisteko, bai merkatura iristeko denbora murrizteko.

Gipuzkoak, lurralde gisa, aurre egin behar dio ere 4.0 kontzeptuei egokitzeko erronkari. Gure enpresak lanean ari dira tren horretara igotzeko. Hain zuzen,  enpresa horietako batzuk aurreko bagoietan kokatu dira dagoeneko eta munduko aurreratuenen artean daude, beraien prozesu eta produktuei teknologia digitalak aplikatzeari dagokionez. Izan ere, 4.0 industriak dakarren eraldaketak ez dio fabrikaziori bakarrik eragiten, hornitzailearen eta bezeroaren arteko harremana ere ukitzen baitu, eta baita ere negozio eredua, besteak beste.

Ezkutuan dauden erronkei aurre egiteko, profil profesional berriak dituzten langileak beharko dira etorkizun hurbilean, kontzeptu teknologiko berriak sartzen ari baitira dagoeneko:  fabrikazio gehigarria,  elkarlaneko robotika, visual computing, big data, zibersegurtasuna eta fabrikazio autonomoa, besteak beste. Izan ere, Adegik orain gutxi argitaratu duen egoera-inkestaren arabera, talentua erakartzeko arazoa da Gipuzkoako enpresek duten kezka nagusienetako bat. Gainera, arazo hori biztanleen zahartzearekin larriagotu daitekeenez, erakundeen eta gainerako eragile sozial eta ekonomikoen arteko estrategia artikulatu bat behar da.

Agian, erronka larriena eta premia gehien duena da, hain zuzen ere, inor ez geratzea lehen urratsetan dagoen iraultza honetatik kanpo, ez enpresarik ez pertsonarik. Lurralde industriala gara, industria da gure ekonomiaren oinarria, eta, beraz, benetako apustua egin behar dugu gure enpresen eraldaketaren alde, lehiakortasunari dagokionez nazioarteko merkatuetan aurrera egiten jarrai dezaten, 4.0 kontzeptuei egokitzeko prozesua ezinbestekoa baita testuinguru honetan.

Gipuzkoak, lurralde gisa, ahalegin guztia egin behar du eraldaketa digitalaren ibilbidea hartzeko; izan ere, enpresa txiki eta ertainek osatzen dute gure enpresa sarea. Zeregin hori ez da beti erraza, denok atzean utzi nahi dugun krisialdiaren ondoren, eta, gainera, ez dugu ahaztu behar arazo asko sortzen direla horrelako jauzi teknologiko garrantzitsuari aurre egiteko prozesuan.

Egoera horretaz ohartuta, ekonomia suspertzeko ahalegin guztia egiteko konpromisoa hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, ondorioz, abian jarri du Gipuzkoa 4.0 Fabrikazio Aurreratuko Sarea. Elkarlaneko programa aitzindari bat da, Alemanian martxan dagoen antzeko  Plattform Induestrie 4.0 programa oinarritzat hartu duena, eta helburu nagusi bat duena: alor horretako enpresa eta zentro teknologiko aurreratuenek -mundu mailako erreferentziak ditugu Gipuzkoan- 4.0 industriaren gaitasuna eta aplikazioak erakustea enpresa txiki eta ertainei. Lurraldeko enpresa guztiek 4.0 industriaren gaitasuna eta aplikazio praktikoak aurkitzeko eta ezagutzeko aukera izan dezaten, geroago beraien inguru produktiboetan aplikatu ahal izateko.

Horrela, instalazioetara  bisitaldi gidatuak eginez, atariko prestakuntza praktikoa eskainiz eta, gero, banakako jarduketak enpresekin eginez –prestakuntza bideratua, diagnostikoa, aholkularitza espezifikoa, probak eta prototipoak-, Gipuzkoa 4.0 Sarearen bitartez, fabrikazio aurreratuko kontzeptuak eta esperientziak hurbildu nahi zaizkie enpresei. Beraz, Aldundiak bere gain hartu du elkarlaneko inguruak babesteko, errazteko eta sortzeko zeregina, lurralde gisa aurrera egin dezagun.

Lerro hauetaz baliatu nahi dut eskerrak emateko, egiten ari diren lanagatik eta hartu duten konpromisoagatik, Gipuzkoa 4.0 Sarearen lehen gunea osatzen duten erreferentziazko hiru enpresa aitzindariei eta bost zentro teknologikoei. Ibarmia, Goimek (Danobat Group), ITS (Grupo Egile), Tecnalia, IK-4 Reseach Alliance (Tekniker, Lortek, Vicomtech) eta IMH-TKgune.

Gizarte gisa, beste erronka ekonomiko eta sozial batzuei ere aurre egiteko moduan gaudela uste dugu, eta uste sendo horretatik abiatu da ekimen hau. Lankidetzaren bitartez gure etorkizuneko erronkei aurre egiteko ideiari buruz ari gara. Gipuzkoa lurralde txikia da azalerari dagokionez, baina gizarteari eta ekonomiari lotutako sare aurreratua dauka eta, beraz, ezin da atzean gelditu laugarren industria iraultza honetan. Eta erronka honetan aurrera egiteko modu onena lankidetzan aritzea da, 4.0 industriaren inguruko ezagutza eta teknologia enpresa guztietara eta eragile sozio-ekonomiko guztietara iris daitezen. Gipuzkoa lurralde aitzindaria izan dadin arlo honetan mundu mailan.

  

1733