Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Proiektu berritzaileak bultzatuko ditu Aldundiak Elkar-EKINen bitartez

Proiektu berritzaileak bultzatuko ditu Aldundiak Elkar-EKINen bitartez

Lanbiderekin elkarlanean, dirulaguntza deialdi berria jarri du martxan, perfil desberdinetako Gipuzkoako eragileei zuzendua.

Elkar-EKIN Lanean estrategiaren barruan, eta Lanbide Enpleguaren Euskadiko zerbitzuarekin elkarlanean, enplegua, eta gizarteratze zein laneratzea sustatzeko dirulaguntza lerro berria jarri du martxan Foru Aldundiak, 740.000 eurorekin hornitutakoa, eta Gipuzkoako eragile desberdinei zuzendua: instituzionalak, ekonomikoak, sozialak edo hezkuntza arlokoak. Deialdiaren xede nagusia da lurraldea bere osotasunean engaiatzen jarraitzea, Gipuzkoako eredu ekonomikoa finkatzen jarraitzeko. “Eredu hori pertsonak, eta kalitatezko enpleguaren sorrera ditu helburu eta oinarri, horiek baitira gakoak gizarte kohesionatua eta inor atzean utziko ez duena izateko, eta bizi proiektu duinak bermatzeko. Kalitatezko enplegua eta gizarteratzea zein laneratzea uztartzen dituzten proiektu eta ikuspegi berritzaileak mamitu nahi ditugu”, azaldu dute aurkezpenean.

Diputatuen Kontseiluak onartu du dagoeneko deialdia, eta bihar argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, bete beharreko baldintza eta xehetasun guztiekin. Eskaerak aurkezteko epea argitalpenetik egun batera hasi, eta azaroaren 19an bukatuko da. Ondorengo lan ildoen barruan kokatzen diren proiektuen garapena bultzatuko da dirulaguntzon bitartez: ezaugarri hauek dituzten gazte taldeen enplegutasuna, gizarteratzea eta lan merkaturatzea hobetzea, 16 eta 23 urte bitartekoak, kualifikazio baxua dutenak emantzipazio prozesuetan eta gizarte babeseko sistematik atera direnak; inklusio soziolaborala lantzeko, eskualdeko zerbitzu sare integratuak sortzen laguntzea; lurraldean gizarteratze enpresak sortzea eta mantentzea bultzatzea; enplegu lagunduko jarduketak sustatzea; eta, enplegagarritasuna sustatzeari begira, gaitasunen eta ibilbide profesionalen autodiagnostikoa egiteko tresnak esperimentzatzea.

Aurreneko lan ildoen helburua da, alde batetik, sustapen publikokoak diren programetan dauden 16-23 urte bitarteko gazteei, aukeran dauden prestakuntza baliabide  guztietatik kanpo gelditzen direnei, eraginkortasunez eta kalitatez arreta ematea, oinarrizko eta zeharkako gaitasunen gaineko errefortzu prestakuntza programak antolatuz, eta, aldi berean, hezkuntza sistema publikoak eskaintzen dituen prestakuntza programetan sartzeko aukera bultzatuz. Eta, bestetik, gizarte eta eskualde kohesio handiagoa lortuko duten eskualdeko garapen estrategiei lotutako enpleguaren aktibazioa sustatzea, zaurgarritasun egoera handian eta gizarte bazterketako arriskuan dauden pertsonen alde diharduten gizarte eta lan arloko inklusiorako eskualde sareak babestuz.

 

Lurraldean gizarteratze enpresak sortzea eta mantentzea bultzatzeari dagokionez, esaterako, deialdiak laguntza emango die horien sortzea bideragarria den aztertuko duten merkatu azterketei, edo gizarteratze prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortu edo mantentzera bideratuta dauden aktibo finkoetan egiten diren inbertsioei.

Tankera askotako eragileek parte hartu ahal izango dute deialdi berri honetan: tokiko entitateak, eskualde garapeneko agentziak eta Gipuzkoan kokatzen diren gizarteratze enpresak; partaidetza edota finantzaketa publikoak dituzten gizarteratze-eremuko hirugarren sektoreko erakundeak; hezkuntza sistemako ikastetxeen sareko entitateak -Eusko Jaurlaritzako funts publikoen bidez finantzatutakoak-, entitate horien interesak ordezkatzen dituzten talde eta elkarteak, eta unibertsitateak. Guztiek ere, Gipuzkoan egoitza eduki behar dute.

Imanol Lasa eta Ainhoa Aizpuru diputatuek parte hartu dute deialdian. Sustapen Ekonomikoko diputatuak nabarmendu duenez, dirulaguntza lerro berri honek legealdi honetan Aldundiak Gipuzkoa indartzeko abiaraziko duen estrategian sakonduko du, “ekonomia aurretu batean, berdintasunean eta elkarlanean”, alegia. “Gure lehiakortasunaren faktore nagusia dira pertsonak eta beraien ezagutza. Pertsonen prestakuntzak, gaitasunak eta jarrerak eragin zuzena dute enplegagarritasunean, lan-merkatuko baldintzetan eta ekonomia ehunaren garapenean”, azaldu du. Aldi berean, datozen lau urteetan Aldundiak eta laster aurkeztuko den Kudeaketa Plan Estrategikoak izango duten lehentasunetako bati erantzuten dio deialdiak: “Gipuzkoan baldintzak sortu behar ditugu denon artean pertsonek enplegu hobe bat lortu ahal izan dezaten, eta lurraldean kalitatezko lanpostuak finkatu daitezen”.

Ildo beretik mintzatu da Ainhoa Aizpuru Proiektu Estrategikoetako diputatuak, adieraziz lehiakortasunaren aldeko apustuak eta sustapen ekonomikoko politikek “pertsona guztiak” integratu behar dituztela, eta horrek eskatzen duela “enplegu duina bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonengana hurbiltzea xede duten politikak sustatzea”. “Gizarteak babestu egin behar ditu egoera zailenetan dauden pertsonak. Babesa eta integrazioa batera garatu behar diren bi elementu dira. Kohesioa areagotu nahi dugu, eta desberdintasunak gutxitu, eta, horregatik, behar gehien dituztenak babestu eta gizarteratu behar ditugu. Horretarako bidea, ezinbestean, kalitatezko enplegua da”, esan du. Gaineratu duenez, enpleguaren bidez gizarteratzea bultzatzea da “formularik eraginkorrena garaiotan indarra irabazten ari diren diskurtso populista eta xenefoboak babesten dituzten mito faltsuei aurre egiteko”.

Elkar-EKIN Lanean

Elkar-EKIN foru programaren enplegagarritasun lerroa da Elkar-EKIN Lanean; Etorkizuna Eraikiz ekimenaren aterkipean garatzen da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoetako departamentutik kudeatzen da. Etorkizuna Eraikizen filosofia berbera jarraitzen du: gobernantza eredu ireki eta lankidetzazkoa (lankidetza publiko-pribatua) eta esperimentazioa formula gisa, kasu honetan, enpleguaren bitartez gizarte bazterkeria borrokatzeko. Kasu honetan ere, babestutako ekintzei etekin handiena ateratzeko, emaitza ona eman duten prozesuak eta garatutako jardunbide egokiak, hobetu daitezkeen arloekin batera, Aldundiaren erabakitze prozesuetara, lurraldeko enpresetara, eta politiken  tarteko eta azkeneko erabiltzaileak diren pertson, entitate eta enpresetara zabalduko dira.

 Estrategia honetan 70 eragile publiko eta pribatutik gora ari dira parte hartzen. Hauen artean dago Lanbide, heziketa arloko eragileak edo eskualdetako garapen agentziak. Egun arte, lan lerro honek oso emaitza onak izan ditu: 2016an martxan jarri zenetik, 11.000 onuradun baino gehiago izan ditu Elkar-EKIN. Bazterkeria egoera zeuden edota bazterkeria egoeran erortzeko arriskua zuten 1.950 pertsonek aurkituko dute enplegua (1.092 emakumezko eta 858 gizonezko). Hau da, gutxi gorabehera, parte hartu duten lau pertsonetatik batek aurkitu du lana ekimen honi esker. “Baina kuantitatibotik haranago, arlo kualitatiboaren garrantzia nabarmendu nahi nuke: kasu bakar bakoitza arrakasta esperientzia bat da lurraldearentzat”, erantsi du Aizpuruk.

Elkar-EKIN, horrenbestez, Aldundiak duen euskarri nagusia da gizarte bazterkeriari aurre egiteko eta gizarte desberdintasunak modu aktiboan murrizteko, ekarpena eginez Gipuzkoa Europan desberdintasun gutxieneko lurraldeen artean kokatzeko helburuari, arlo sozialean, hizkuntza arloan, zein genero arloan.

  

2272