Rafaela Romerok Donostia eta Irun elkartuko dituen bidegorriaren ibilbidea aurkeztu du, zeina sei urtean egingo baita, 22 milioi eurotik gorako kostuarekin
Rafaela Romerok Donostia eta Irun elkartuko dituen bidegorriaren ibilbidea aurkeztu du, zeina sei urtean egingo baita, 22 milioi eurotik gorako kostuarekin
Rafaela Romerok Donostia eta Irun elkartuko dituen bidegorriaren ibilbidea aurkeztu du, zeina sei urtean egingo baita, 22 milioi eurotik gorako kostuarekin
Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak Donostia eta Irun elkartuko dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako bidearen informazio azterlana aurkeztu du gaur. Ia 10 kilometro luzeko azpiegitura horrek, Europako ardatza eta Atlantikoko korridorea konektatzeaz gainera, Donostialdea eta Bidasoa eskualdea ere lotuko ditu. Herritarrek luzaroan eskaturiko proiektu horrek mugikortasun erabilgarria eta segurtasuna lehenesten ditu. Lanak egiteko sei urte inguru beharko dira bidearen zortzi tarteetan, eta 22 milioi eurotik gora bideratuko dituzte.
Rafaela Romero: “Azpiegitura horretan, segurtasunari eman zaio lehentasuna, eta, garraio publikoa bezalaxe, langileek esku-eskura izango dute modu ekologikoagoan mugitzeko; hala, garraio pribatu motorizatuak pixkanaka toki egingo die aukera publiko, osasungarri, seguru eta berdeei Gipuzkoan”.
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Rafaela Romerok Donostia eta Irun arteko oinezkoen eta txirrindularien ibilbideari buruzko informazio azterlana aurkeztu du. Donostialdeak eta Bidasoa eskualdeak bat egingo dute, Atlantikoko korridorea Europako ardatzarekin lotzeko mugikortasun aktibo eta erabilgarriko azpiegitura baten bidez.
Donostialdearen eta Errenteriaren arteko lotura eginda dagoenez, gaur aurkeztutako ibilbideak zortzi zatitan banatzen ditu Errenteriako Larzabal auzotik abiatzen den trazatua, zeina 2019an inauguratutako Irungo Amuteko bidegorrira iritsiko baita 10 kilometro luzeko bidean. Ibilbide osoa egiteko, 22 milioitik gorako zenbatekoa aurreikusten da, eta orotara sei urte beharko dira, tarte bakoitzak beharko dituen prozesu guztiak batuta.
Rafaela Romero foru diputatuak azpimarratu duenez, “Gizarteak aspaldian eginiko eskari bat da Donostialdea eta Bidasoa eskualdea lotzea, Oiartzualdetik igarota. Hiru eskualdeotako biztanleak kontuan hartuta, gaur egun, 482.599 lagun konektatuko ditugu azpiegitura berriarekin; izan ere, lurraldeak konektatzen ditugu, herritarrak hurbiltzeko”.
Segurtasuna ardatz transbertsala izan da trazaduraren diseinuan, eta bost industrialde lotzea aurreikusten du; aisialdiaz aparte, beraz, mugikortasun erabilgarria bultzatzen du ibilbide horrek. “Azpiegitura horretan, segurtasunari eman zaio lehentasuna, eta, garraio publikoa bezalaxe, langileek esku-eskura izango dute modu ekologikoagoan mugitzeko; hala, garraio pribatu motorizatuak pixkanaka toki egingo die aukera publiko, osasungarri, seguru eta berdeei Gipuzkoan”.
Zortzi zatitan banatutako ibilbidea
Rafaela Romero foru diputatuak eta Ander Iturri Mugikortasuneko zuzendariak azaldu dute nola aurreikusi den azpiegituraren zortzi zatiak banatzea.
• 1. tartea. Errenteriarainoko sekzioa eginda dago, eta, beraz, lehen zatia Larzabal auzoan hasi eta Lintzirin industrialdearen hasieraraino iritsiko da. Zati hori trenbidearen azpiko pasaguneetatik igaroko da. Ezin da pasatu bidegorria bitan banatu gabe; horrenbestez, noranzko bakoitza ganga banatatik igaro behar da, eta, ondoren, tartearen azken puntuan elkartu, GI-636 errepidearen azpiko biribilgunearen alde banatatik joan ondoren.
1. tartearen luzera 595 metro da, obrak egiteko 5 hilabeteko epea aurreikusten da eta 882.000 euroko kostua du.
• 2. tartea. Bigarren zatiak Lintzirin industrialdea zeharkatuko du, eta inguru horretako kale nagusiko bi noranzkoko iparraldeko espaloitik igaroko da. Carrefour merkataritza guneko aparkaleku estaliaren irteeraren parean, gutxi gorabehera, kalea zeharkatuko du oinezkoentzako pasabideak aprobetxatuz, eta GI-636 errepidearen gaineko pasabideraino jarraituko du, industrialdearen amaieran.
2. tartearen luzera 679 metro da, obrak horiek egiteko ere 5 hilabeteko epea aurreikusten da eta 916.000 euroko kostua du.
• 3. tartea. Hirugarren tarteak Lintzirin eta Lanbarrengo poligonoak lotzen ditu. Bigarren tartearen amaierako GI-636 errepidearen gaineko pasabide horretatik abiatuta, Izoztegi bidetik jarraitzen du, harik Makarraztegi industrialdera iritsi arte. Han, zenbait ibilgailu saltoki daude. Industrialdean bertan dauden espaloiak aprobetxatzea, Peugeot saltokiaren parean biratzea eta GI-636 errepidera irtetea aurreikusten da, eta, ondoren, pasabide garai batetik igarotzea beste aldera, GI-636 errepidearekin paraleloan jarraitzeko. Erabaki horren arrazoia da aurrerago aprobetxatzea lehendik dagoen azpiko pasabide seguru bat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa, trenbidearen azpian.
3. tartearen luzera 755 metro da, obrak egiteko 9 hilabeteko epea aurreikusten da eta 1.885.000 euroko kostua du.
• 4. tartea. Proiektu honetan, etengabe bilatu da ibilbide ezin hobea izatea segurtasunaren ikuspegitik. Bizikleten eta oinezkoen ibilbidearen 4. zatiak hainbat erronka ditu ildo horretan. Lanbarren industrialdearen paraleloan igaroko da (hantxe dago inguruko beste merkataritza gune handia, Mercadona). Lehen aipatutako Aldundiaren lurzatirako sarbidea Arkotzerreka gainean dagoela aprobetxatuz, bidegorriaren trazadura ezkerreko ertzean mantenduko da, industrialdea beste aldean utzita.
4. tartearen luzera 286 metro da, obrak egiteko 3 hilabeteko epea aurreikusten da eta 638.000 euroko kostua du.
• 5. tartea. Bosgarren tarteak 2.087 metro ditu, eta ibilbidea osatzen duten zortzi tarteetatik bigarrena da luzeran. Halere, hark aurreikusten du egikaritzeko epe luzeena (15 hilabete), bai eta kostu aurreikuspen handiena ere (4.345.000 euro). Trazadura hori Lanbarren poligonoaren amaieratik Gaintxurizketa gaineraino joango da. Ibilbideak GI-636 errepidearen azpiko biribilgunea inguratuko du, zebrabideak aprobetxatuz, eta, ondoren, Iturrin industrialdera desbideratuko da, trenbidearen azpian dagoeneko prestatutako pasabide bati esker. Industrialdearen sarrerara iritsi ondotik, Itzu bideari, eta, gero, Iturrin bailarako auzo bideari jarraituz, GI-2638 errepidearekiko bidegurutzera iritsiko da —hau da, Lezoko errepidera—.
Puntu horretatik, bidegorria errepidearen galtzadari atxikita abiatzen da (LPSaren bidearekin bat). Segurtasuna bermatzeko, bereizketa bat egongo da hormigoizko hesi baten bidez.
• 6. tartea. Tarte hori Gaintxurizketa gainean hasiko da, eta amaitu, berriz, Irungo industrialdearen hasieran. Sektorerik luzeena da guztietan (2.533 metro), obrarako 10 hilabeteko epea zenbatesten da, eta exekuzio materialerako, aldiz, 2.518.000 euroko aurrekontu.
Lezoko errepidetik iritsita (GI-2638 errepidea), eta Gaintxurizketako biribilgunea inguratu ondoren, GI-636 errepidearen ondotik doan jaitsierako lehen zati bat egongo da —beti segurtasunez, hormigoizko hesi baten bidez; kontuan izanik, gainera, ibilgailu motordunentzako igotzekoa dela galtzada zati hori—. Aipatutako sektorea ez da luzeegia, jaitsieraren bigarren bihurgunean trazadurak Jaizubia auzoko auzo bidea hartzen baitu, eta harekin partekatuko du sekzioa. Puntu horretatik Jaizubia osteko biribilguneraino iritsiko da, eta GI-636 errepidea azpitik zeharkatuko du, azpiko pasabidea baliatuz. Puntu horretatik aurrera, GI-636 errepidearen ondoan dauden bi eraikin partikularretara sartzeko beste auzo bide bat aprobetxatuko da, eta, hori amaitu ondoren, Loiola errekaraino iristen da trenbidearen ezpondaren paraleloan. Handik, Irungo industrialdera sartuko da.
• 7. tartea. Azken aurreko zatiak (zazpigarren tartea) Irungo industrialdea eta Jaizubia etorbidea lotuko ditu. Kasu horretan, bizikletentzako eta oinezkoentzako bidea industrialdetik igaroko da, 963 metro luzeko ibilbide batean. Obrak egiteko epea 9 hilabetekoa izango da, eta aurreikusitako kostua, berriz, 1.135.000 eurokoa.
• 8. tartea. Zortzigarren zatiak, hasieran, Jaizubia hiribidean dagoen oinezkoentzako ibilbidea hartuko du, harik Errotaundi kalera iritsi arte. Puntu horretan, bidegorriak kalearekiko paraleloan doazen bi zuhaitz ilararen ondoko bidezidorrari jarraituko dio, eta, ondoren, GI-636 errepidearekin paraleloan jarraituko du —lehenik hipikaren ondoan eta, ondoren, Txingudi Irungo Ikastolaren ondoan—. Azken zatian, desagertu egingo da GI-636 errepidetik hurbilen dagoen zuhaitz ilara eta bidea errepideari atxikita joango da; hala, bidegorriaren sekzioa hormigoizko hesien bidez egongo da bereizita galtzadatik. Jaizubia errekaren parera iristean, ibilbideak bira egingo du, eta, erreka gainetik igaro, eta sarbideko espaloira iritsiko da. Azkenik, Amuteko bidegorriaren amaieraren ondoko goiko pasagunearekin lotuko da.
8. tartearen luzera 1.901 metro da, obrak egiteko 15 hilabeteko epea aurreikusten da eta 3.118.000 euroko kostua du.
Rafaela Romerok gogorarazi duenez, “ibilbide honen azterketak Europako ardatza korridore atlantikoarekin lotzeko konpromisoa erakusten du; duela bi urte arte, ez zegoen jasota ere erronka hori agenda politikoan. Azterketa honetan —gaineratu du— ibilbidean interesa duten eragile eta udal guztiek parte hartu dute, xehetasunak adosteko. Ezin bestela izan”.
3659