Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Rafaela Romerok Asturiasen azaldu ditu gipuzkoako foru aldundiak zaintzaren mugikortasunaren eta genero ikuspegiaren inguruko politiketan egindako aurrerapenak

Rafaela Romerok Asturiasen azaldu ditu gipuzkoako foru aldundiak zaintzaren mugikortasunaren eta genero ikuspegiaren inguruko politiketan egindako aurrerapenak

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Genero Ikuspegiko Hirigintzaren Behatokiaren I. kongresuan parte hartu du Asturiasen, eta azpimarratu du emakumeen lidergoak Gipuzkoako mugikortasun politiketan duen garrantzia eta mugikortasun horrek zaintzarekin duen lotura.

2022/12/02
Rafaela Romero Oviedo Congreso

Genero ikuspegia Departamentuan erabakiak hartzerakoan oinarri estrategiko gisa hartzea eta MUGI sistemaren inguruko azalpena izan dira Romeroren mahai-inguruko gai nagusiak. Diputatuarekin batera izan da Asturiasko Printzerriko Azpiegitura, Mugikortasun eta Lurraldeko sailburuorde Jorge García López.

Rafaela Romero: «Gipuzkoa desberdin baterantz aurrera egiteko urratsak ematen ari gara; berdintasun, jasangarritasun eta lurralde kohesioko irizpide berrien arabera eraikitako Gipuzkoarantz. Benetan uste dut berdintasunean oinarrituta pentsatutako, diseinatutako eta antolatutako lurralde edo hiri bat hiri hobea dela, pertsona guztien beharretan pentsatzen duelako. Horregatik birplanteatu behar dugu lurraldearen antolaketa eta benetako inklusiorantz aurrera egiten jarraitu».

Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak gaur parte hartu du Genero ikuspegiko hirigintzaren Behatokiaren I. Kongresuaren hirugarren eta azken jardunaldian; «Erantzukizun partekatuko lurraldeak, berdintasuna eta espazio publikoak» izan da izenburua eta Printzerriko hiriburuan egin da.

Romerorekin batera izan da mahai-inguruan Jorge García López Asturiasko Printzerriko Azpiegitura, Mugikortasun eta Lurraldeko sailburuordea. Solasaldia erantzukizun partekatua mugikortasun politiketan integratzeko gakoen ingurukoa izan da, Inés Sánchez de Madariaga arkitekto eta Madrilgo unibertsitate politeknikoko irakaslea zela moderatzaile.

Bere parte-hartzean, foru diputatuak gogorarazi du bere aurretik departamentuaren kudeaketaz arduratu diren hiru pertsonak emakumeak izan direla, eta azpimarratu nahi izan duenez, ideologia alde batera utzita, «politika publikoa emakume batek kudeatzen duenean, eskubideak dira garaile eta desberdintasunak gutxienekora murrizten dira. Niretzat ohore handia da lan horretan jarraitzea eta emakumeen errealitatea eta premia zehatzak aintzat hartzen dituzten mugikortasun politiketan aurrera egitea».

Gipuzkoan, garraio publikoa gehienbat emakumeek erabiltzen dute, eta garraioa emakumeen behar eta erabileretara egokitzea izan da solasaldian aipatutako beste puntu gakoetariko bat. Lurraldebusen lineak erabiltzen dituztenen % 64 emakumeak direnez, Rafaela Romerok azpimarratu du «mugikortasunaren eta genero rolen ondoriozko desberdintasun sozialen arteko lotura: emakumeek gutxiago kobratzen dute eta gehiago mugitzen dira lan egiteko eta gainerakoak zaintzeko».

Mahai-inguruan hausnarketak agertu dira mugikortasun politiketan emakumeen eta gizonen beharrak parekotasunez integratzeko beharraren inguruan, betiere kontuan hartuta generoaren araberako egoera desberdinak eta politikek kasu bakoitzean izan dezaketen eragina. Ideia horren inguruan, Rafaela Romerok adierazi du beharrezkoa dela «egiturazko desberdintasunak eraldatzeko ekintzak sustatzea, kontuan izanda emakumeen epe laburrerako beharrak, lotura dutenak gehienbat zaintzaren ondoriozkoak diren mugikortasun tasa altuekin eta joan-etorrietan segurtasuna bermatzearekin».

Genero Ikuspegiko Hirigintzaren Behatokia Asturiasko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren eta Emakumearen Asturiasko Institutuaren kontsultako eta aholkularitzako organoa da, lurralde antolaketaren eta hirigintzaren esparruan genero ikuspegia txertatu dadin sustatzeko eta zaintzeko.

  

3069