Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Rafaela Romerok GGLAren presidente kargua hartu du

Rafaela Romerok GGLAren presidente kargua hartu du

2020an 47 milioi bidaia baino gehiago egin dira MUGI sistemako zerbitzuetan; horietatik % 89 MUGI txartelarekin.

2021/02/15

Rafaela Romero Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru-diputatuak bere gain hartu du, datozen bi urteetarako, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren lehendakaritza, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari den aldetik. Eusko Jaurlaritzako ordezkari Pedro Marco ordezten du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren lehendakaritzan.

 

Erakundearen lehendakari gisa egin duen lehen agerraldian, Romero diputatuak azaldu du pandemia garaian kostuak gehitu diren arren, erabiltzaileek ez dituztela kostu erantsi horiek bere gain hartuko azken prezioan. “Nire konpromisoa da Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren operadoreen arteko adostasun-ildoari jarraipena ematea eta ildo hori indartzea, herritarren alde eta herritarrei begira. Konpromiso horri esker, bermatzen dira doako linea-aldaketak eta tarifen izozketa, baita pertsonen eta profesionalen integritatea babesten duen zerbitzu publikoa ziurtatuko duen tarifa-politika soziala sakontzeko borondatea ere”.

 

Gainera, MUGI txartela babesteko asmoa nabarmendu du Romerok, baita sistema mugikorrean MUGI ezartzeko beharrezkoa den garapen teknologiko bateratua sustatzeko eta horretan aurrera egiteko asmoa ere. “Gipuzkoarentzat behar-beharrezkoa da bidaiariek txartelak edonoiz eta edonon erosi ahal izatea eta puntu bakar batean ilarak sor daitezen saihestea, eta hori lehenbailehen gauzatzeko bidea bizkortuko dugu”.

 

Era berean, foru-diputatuak 2020ko MUGI txartelaren balantzea aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundian. Ekitaldi horretan, erabiltzaileen kopuruak behera egin du osasun-krisiaren ondorioz, baina % 65-70ean berreskuratu da.

 

Eskainitako datuen arabera, 2020an 47 milioi bidaia baino gehiago egin ziren sisteman integratutako garraio publikoko zerbitzuetan, aurreko ekitaldian baino 26 milioi gutxiago. Bidaia horien % 89 MUGI txartelarekin egin ziren, eta datu historiko hori lortu da erabiltzaile gehienak batik bat ohiko erabiltzaileak izateagatik. Ildo horretatik, nabarmentzekoa da MUGI txartelaren erabilerak gora egin duela Lurraldebusen zein Euskotrenen, % 5 inguru igo baita.

 

MUGI sareak, 2020an, hazten jarraitu zuen eta 518.143 MUGI txartel kontabilizatu ziren ekitaldiaren amaieran. Kopuru horren barruan daude egin diren 58.143 txartel berriak —horietatik 24.190 aldez aurretik MUGI txartelik izan ez zutenen eskaerak izan ziren—.Bestalde, % 28,6 gazte kolektiboko txartelak izan ziren.

 

2020an, guztira 143.065 gipuzkoarrek jaso zituzten MUGIk eskainitako hobariak. Hobari horien zenbatekoa 5.106.400 eurokoa izan zen ekitaldi horretan, eta kopuru hori oso handia da pandemiak jasandako beherakadarekin alderatuta. Horrenbestez, 2013tik, guztira 45.945.558 euro banatu dira hobarietan.

 

Azkenik, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak sistema hobetzeko aurten egingo diren berrikuntzen eta ekintzen berri eman du:

 

  • APParen bidez Dbus-erako zuzeneko kargak

Txartela aplikazioaren bidez edo web-gunearen bidez kargatzen bada, karga 15 minutu barru egongo da erabilgarri, eta saldoa zuzenean erabili ahal izango da Donostiako hiri-autobusetan gidariaren ondoko balidagailutik pasatzean.

 

  • Elkarreragingarritasuna

Aurten zubiak eraiki nahi dira Arabarekin zein Iparraldearekin. Hartara, martxoaren amaierarako, MUGI txartela erabili ahal izango da Gasteiz eta Arabako beste herri batzuk lotzen dituzten autobusetan, baita, uda baino lehen, Gasteizko hiri-autobusetan ere (TUVISA).

Europako EMOBASK proiektuaren barruan, eta urtea amaitu baino lehen, Iparraldeko garraio publikoaren sare osoan ere bidaiatu ahal izango da MUGI txartelarekin.

 

  • MUGI lurraldeko zenbait udalerritara hurbilduko da berriro

MUGIpuzkoa izeneko ekimenak harrera bikaina izan zuen 2019an bisitatutako udalerrietan; hori dela eta, 2021ean ekimenari jarraipena emango zaio, lurraldeko beste herri batzuk bisitatuz, betiere egoera sozio-sanitarioak aukera ematen badu.

  

1855