Lurraldeko turismo eragileekin bilera egin dute foru arduradunek
Lurraldeko turismo eragileekin bilera egin dute foru arduradunek
Foru arduradunek lurraldeko turismo ordezkarien beharrak entzun dituzte dituzte gaurko bileran.
Gipuzkoako ekonomiaren eragile eta sektore ezberdinekin hasitako lan eta lankidetza dinamikaren barruan, Foru Aldundia Gipuzkoako turismo jardueraren ordezkariekin bildu da gaur. Markel Olano diputatu nagusia, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua, eta Iker Goiria Turismo zuzendaria izan dira erakundearen ordezkari; sektorearen aldetik, berriz, Elena Estomba Gipuzkoako Hotelak elkarteko presidentea; Idoia Ezkurdia Nekatur nekazalturismoa elkarteko arduraduna; Kino Martinez Gipuzkoako ostalaritza elkarteko idazkari nagusia; Asier Pereda Aparture apartamentu turistikoen elkarteko arduraduna; Lore Uranga, ATRAE elkarteko arduraduna (agentziak eta hartzaileak); Ekaitz Zubelzu, Aktiba Euskadiko turismo aktiboko enpresen elkartekoa; eta Ana Intxausti, turismo gidarien elkartekoa.
Bi ardatz izan ditu topaketak: batetik, Covid-19k turismoan duen eraginaren diagnostikoa egin da. Sektorea kezkatuta agertu da jarduera "bat-batean gelditu" delako, eta diru-sarrerak lortzeko Aste Santua bezalako data garrantzitsuak hartuko dituelako geldialdiak, eta horrek enpresa-ekimen askoren iraupena zalantzan jartzen duelako. Bestetik, foru arduradunek lehen eskutik entzun dituzte sektorearen proposamenak, behar horiekin lotuta daudenak, eta bi aldeek aztertu dituzte krisi honi heltzeko eta zailtasun gehien igarotzen ari diren enpresa eta profesionalei laguntzeko balizko neurriak.
Imanol Lasa diputatuak, beste behin ere, lehentasuna enpresa txiki eta ertainetan eta profesional autonomoetan kokatu du. "Turismoaren eta bere egitura ekonomikoaren kasuan, negozio eta ekimen txikien presentzia ia handiagoa da; beraz, elkarlanean jarraitu behar dugu egoera hori iraultzeko", adierazi du. Jarduera hori "bereziki kaltebera" bihurtzen duten beste bi faktore aipatu ditu. "Lehenengoa da jarduera erabat geldiarazi dela, beste ezein kasutan ez bezala, konfinamenduaren eta mugen itxieraren ondorioz. Bigarrena, balaztada hori urte hasieran iritsi dela, une txarra, enpresa askok ez dutelako oraindik koltxoi eta gihar ekonomiko nahikorik horrelako egoera bat pasatzeko", azaldu du.
Ildo horretan, likideziaren beharra aipatu du, "eztabaida-puntu nagusi" gisa, eta sektoreko arduradunei jakinarazi dizkie Aldundiak eta administrazioek dagoeneko hartu dituzten neurriak: neurri fiskalak, aurreikuspenen arabera 300 milioiko eragina izango dutenak; jarduera ekonomikoa bultzatzearekin lotutako dirulaguntza programetan bete beharreko baldintzak malgutzea; Elkargik berariazko mailegu lerro bat abian jartzea; garapen-agentziekin batera online plataforma bat sortzea, dirulaguntzak errazago eskuratzeko; eta krisiaren ondorioz bertan behera geratzen diren ekitaldi, azoka edo jarduerak finantzatzeko Aldundiak hartutako konpromisoak betetzea.
Lasak gogorarazi du jarduera turistikoa "hazkunde betean" dagoela Gipuzkoan, BPGaren % 7tik gorako ekarpenarekin; eta sektoreari bere babesa agertzearekin batera, baikortasun mezua igorri du: "Gure lurraldea erreferentziazko nazioarteko helmuga gisa finkatu da, eta ziur gaude berriro ere horrela izango dela egoera hau amaitzen denean. Baliteke susperraldia beste jarduera batzuetan baino azkarragoa izatea. Baina, bitartean, sektoreari arnasa eman behar diogu ondorioak hain gogorrak izaten ari diren une hauetan", ondorioztatu du.
Bihar lehen sektorearekin
Aste honetan hainbat eragile ekonomikorekin hasitako bilera-sortaren barruan kokatzen da topaketa, Covid-19k Gipuzkoako sektore ekonomikoen jardueran duen eraginaren jarraipen zehatza eta jarraitua egiteko, eta jasaten ari diren zailtasun zehatzei modu partekatuan aurre egiteko. Joan den astean jarraipen ekonomikorako organoa martxan jarri ondoren, ikuspegi orokorrago batekin, foru erakundeak mahai tekniko espezifikoak sortzeari ekingo dio orain, sektore bakoitzaren errealitate zehatzari heldu eta horri erantzungo dioten neurriak martxan jartzeko asmoz. Mahai horiek jarraipena izango dute krisi egoera luzatzen den bitartean. Bihar, osteguna, lehen sektorearen txanda izango da, eta bertako eragileekin bilduko da Aldundia.
2071