Sagardotarako bertako sagar ekoizpena sustatzeko 295.000 euro
Sagardotarako bertako sagar ekoizpena sustatzeko 295.000 euro
2021eko laguntza-eskaerak aurkezteko epea zabalik da martxoaren 5era bitarte.
Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak, lurraldean sagardorako sagarrondoak landatu, zaindu, hobetu eta garatzeko dirulaguntzen 2021eko deialdia onartu berri du. Aurten 295.000 euro bideratuko dira sagardogileei sagardo naturala ekoizten laguntzeko. Hala eskatzen duten ekoizle guztiengana iristea da helburua, eta, beraz, aurrekontuetan partida gehigarri bat aurreikusi da deialdi honetarako, hasierako zuzkidura handitu behar izanez gero. Laguntzak eskatzeko epea martxoaren 5era arte dago zabalik. Deialdirako baldintza guztiak eta aurkeztu beharreko agiriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean daude eskuragarri.
Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak azpimarratu duenez, "Sagardoa Gipuzkoako produktu nagusietako bat da, txakolinarekin eta gaztarekin batera, bere balio kultural, gastronomiko eta ekonomikoagatik". Sagardoa egiteko tokiko sagarraren gabezia konpontzeko, eta ekoizleen eskariari erantzunez, Aldundiak urtean 300.000 euroko deialdia jarri zuen abian 2016an sagarrondoak landatzeko. Programa hori sektoreko elkarte eta eragileekin batera diseinatu zen. Ordutik urtero ematen da, emaitza aipagarriak lortuz. Sagarra Euskal Sagardoa jatorri-deiturako sagardoa egiteko erabiltzen da. Iaz, adibidez, 26,81 hektarea sagarrondo landatzen lagundu zen. Aldundiaren helburua da Gipuzkoa tokiko sagarraz hornitzeko gertu egotea legegintzaldi hau amaitu baino lehen.
Larrañagaren hitzetan, Aldundiak sagardoaren sektorea bultzatzen jarraituko du, "laguntza ildo horri jarraipena emanez eta sektorearen jarduera egoera berezi honetan mantentzeko ekimen berriak martxan jarriz. Badakigu une zail hauetan laguntzak beharrezkoak direla, eta, horregatik, Aldundiak jarraipen zehatza egingo die pandemia horrek eragindako ondorio negatiboei, berehala jardun ahal izateko eta laguntza-plan eraginkorrak eskaintzeko, jarduera horren eta, oro har, lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko. Pandemiak agerian utzi du zein garrantzitsua den lehen sektore indartsu eta dinamikoa izatea, kalitatezko elikagaiak eta lehengaiak emateko gai dena ".
COVID-19ak sagardogintzan duen eragina arintzeko, Aldundiak aurtengo deialdia aurreratu du, produktoreengana ahalik eta lasterren irits dadin. Bestalde, Foru Aldundiak krisiak azpisektore kaltetuenetan duen eragina arintzeko abian jarri duen Erreskate Planaren barruan, 323.336 euro eman dira laguntzak eskatu zituzten 52 sagardogileen artean.
Larrañagak azpimarratu du sagardotegiak ahalegin handia egiten ari direla beren jarduera osasun-murrizketetara egokitzeko eta osasuna bermatzeko, protokolo guztiak betez, eta sagardoa kontsumitzeko deia egin die herritarrei, sektoreari laguntzeko: "Bertako sagardoa kontsumitzen dugunean, gure sagardo-sektorearen ekoizpen jasangarria eta kalitatezkoa bultzatzen ari gara, bai eta jarduera horrek enpleguaren ikuspegitik dakartzan onura guztiak ere. Aktibo ekonomiko, soziala eta kulturala da, besteak beste”. eta Gipuzkoan 74 sagardotegi daude. Euskadiko sagar-ekoizpenaren % 90 baino gehiago, 10.000 tona, gure lurraldean egiten da.
2374