Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Sagardotarako sagarrondoak landatzeko 295.000 euro

Sagardotarako sagarrondoak landatzeko 295.000 euro

2020ko dirulaguntza eskaerak aurkezteko epea zabalik da otsailaren 13ra bitarte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak, lurraldean sagardorako sagarrondoak landatu, zaindu, hobetu eta garatzeko dirulaguntzen 2020ko deialdia onartu berri du. Aurtengoan, 295.000 euro bideratuko dira Gipuzkoako nekazariei eta sagardogileei bertako sagardo naturala egiteko prozesuan diruz laguntzeko helburuarekin. Laguntzak aurkezteko epea zabalik dago otsailaren 13ra bitarte eta eskatzaile bakoitzeko, urtean eskaera bakarra onartuko da. Diru laguntzak eskatzeko irizpideak eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eskuragarri daude Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak  azpimarratu duenez “txakolinarekin eta gaztarekin batera, Gipuzkoako produktu izarretako bat da sagardoa, bere balore kultural, gastronomiko eta ekonomikoa dela-eta”. Sagardoaren ekoizpenean bertako sagarraren faltaz jabetuta, Aldundiak 300.000 euroko dirulaguntza berria jarri zuen martxan 2016an. Laguntza horiek sagardogile elkarteekin elkarlanean diseinatu eta martxan jarri ziren, eta geroztik urtero errepikatu dira, ekoizpena jatorrizko deituradun Euskal Sagardoa egitera bideratzen delarik. “Emaitza bikainak” ematen ari da deialdia. 2018. Urtean, esaterako, 10.921 sagarrondoren landaketa babestera iritsi zen.  Aldundiaren helburua, legealdi amaierarako, Gipuzkoa bertako sagarrarekin bere burua hornitzera iritsi ahal izatea da.

Lehenengo sektorea sustatzeak duen garrantzia azpimarratu du Diputatuak, haren errentagarritasuna eta etorkizuneko jasangarritasuna hobetuko duten neurriak eta ekimenak abiaraziz, lankidetzan. Duela 3 urte ia ez zegoen sagastirik Gipuzkoan, eta sagardo gehiena kanpotik ekarritako sagarrekin ekoizten zen. “Hala ere, sagardogintza tarte honetan asko aldatu da eta, Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren, sagardo elkarteen eta sagar elkarteen elkarlanari esker, gaur egun, Gipuzkoan ekoizturiko sagardoaren % 33 bertako sagarrarekin eginda dago, eta Euskal Sagardoa jatorrizko deitura duen sagardoa da, “kalitate handikoa”.

Lasak ziurtatu duenez, Aldundiak sagardogintzaren sektorea sustatzen jarraituko du, dirulaguntza lerroari jarraipena emanez. Sagardoa  bertako sagarrarekin ekoiztearen onurak nabarmendu ditu, bai prozesu guztiaren kalitate kontrola gauzatzeko, bai lehiakortasun handiagoa izateko eta baita kilometro 0ren aldeko apustuarekin jarraitzeko ere. “Horrela, sagardoaren berezko esentzia, gure kultura eta gure paisaia mantentzen ditugu. Horrez gain, lehen sagarra erostean kanpora zioan inbertsio ekonomikoa, orain Gipuzkoan bertan geratzen da. Azken finean, balore publikoa sortzen dugu.”

Egun, sagardoa, lurraldeko edarien industriaren % 15,7a da botilako sagardoari dagokionez, eta 15 milioi euro mugitzen dituen negozioa da. Denera, sagardoarekin loturiko 74 establezimendu daude. Euskadiko sagarraren ekoizpenaren % 91 hemen ekoizten da, beraz, Gipuzkoa “sagardoaren lurralde nagusia” dela esan daiteke.

  

2299