Salaketa frankismoaren krimenen aurka
Salaketa frankismoaren krimenen aurka
Helburua “biktimen justizia eta erreparazio eskubidea defendatzea da”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak salaketa aurkeztuko du frankismoaren krimenen aurka. Bizikidetza eta Giza Eskubidetako foru zuzendariak, Maribel Vaquerok, gaur iragarri du neurria. Helburua, azaldu duenez, “egunen batean justiziarako bidea irekitzea da” Frankoren diktaduraren biktimentzat. Salaketaren oinarria frankismoak gerra garaian fusilatutako gipuzkoarrei buruzko txostena da, 980 biktima jasotzen dituena.
Vaquerok Violencia masiva, fosas comunes y derechos humanos. Perspectivas desde las ciencias forenses y sociales uda ikastaroan hartu du parte gaur, UPV/EHUko Kriminologia Institutuak antolatu eta Pako Etxeberriak zuzentzen duen kurtsoa. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak arlo honetan egiten duen lana izan du mintzagai. Foru arduradunak gogoratu du epaitegietara jotzeko erabakiak Gipuzkoako Batzar Nagusiek pasa den urteko urriaren 5eko osoko bilkuran eginiko eskariari erantzuten diola. Zehazki, Aldundiari eskatzen zitzaion “Estatu espainiarreko epaitegietan ekimenak irekitzea ahalbidetu zezala, argitzeko diktadura frankistak gure lurraldean eginiko gizateriaren aurkako krimenengandik izan ditzaken erantzukizunak”.
Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendariak adierazi duenez, eskaria jaso ostean UPV/EHUko Giza Eskubide eta Botere Publikoen Katedrara jo zuen, Gipuzkoan frankismoaren krimenen aurkako salaketak jartzeko aukerak aztertzeko. Vaquerok esan du jakitun dela Estatuko fiskaltza eta epailetzaren “jarrerek eragotzi eta geldiarazi” egiten dituztela delitu hauen aurkako neurriak. Bere ustetan, egoera hau ez da ematen “lege bideak edota arrazoiak” falta direlako, baizik eta “giza eskubideen arloko nazioarteko zuzenbidearen interpretazio mugatua ezarri delako”.
Zentzu honetan, eta betiere aipatutako Giza Eskubide eta Botere Publikoen Katedraren txostenean oinarrituz, nabarmendu du Foru Aldundiak giza eskubideen defentsa duela xede eta, hori dela eta, “beharrezkoak diren ekintzak egingo ditu zuzenbide hori hobetu dadin”. “Badakigu egungo egoeran zaila ematen duela, baina lan egitera goaz. Lege eta eskumenen aldetik mugatuta gaude agian, baina epaitegietako ekintza hauek ondo bidean jartzeko zuzenbidean eman behar den aldaketa hori gauzatzen lagundu nahi dugu”, nabarmendu du.
Modu honetan, foru erakundea bidea egiten hasiko Estatuko epaitegietan ekintza judizialak egiteko. “Salaketak jarriko ditugu ezagutzen ditugun delituengatik, horretarako jada baditugun datu baseak baliatuz. Aldi berean, eskura dauzkagun informazio baliabide eta beste motatako laguntzekin jarraituko ditugu babesten gertaera lazgarri hauen biktimentzat egia, justizia eta erreparazioa lortzeko lanean ari diren elkarteak”, esan du. Zentzu honetan, zehaztu du Aldundiaren salaketa frankismoak Guerra Zibilean fusilatu zituen gipuzkoarrei buruzko txostenean egongo dela oinarrituta. Ikerketa honek 980 biktimaren datuak jasotzen ditu, “bortxaz hil zirenak epaiketarik gabeko exekuzioetan edota bermerik gabeko epaiketen testuinguruan, edota indarkeriaz desagertu zirenen kasuak”.
1800