Azken hogei urteetan LGBTI kolektiboko 500 pertsona baino gehiago hil dituzte El Salvadorren
Azken hogei urteetan LGBTI kolektiboko 500 pertsona baino gehiago hil dituzte El Salvadorren
Gazte eta nerabeak sexu eskubideen errespetuan sentsibilizatzeko proiektua abian da
Aldundiak laguntza eman du herrialde horretako gazte eta nerabeak sexu eskubideen errespetuan sentsibilizatzeko proiektu bat sustatzeko.
San Martin: «Ezagutzera eman behar da El Salvadorreko kolektibo horrek duen ahultasun egoera larria, eta herrialde horretako nahiz Europako herritarrak kontzientziatu behar dira haien eskubideak esparru guztietan bermatzeko»
Fernando San Martín Lankidetzako zuzendariak «Gazteak indarkeriarik gabeko harremanak bizitzen, berdintasunean, inor ez bazterrera uztea sustatuz eta LGBTI pertsonekiko aniztasuna errespetatuz» izeneko proiektua aurkeztu du, Aldundiak 50.000 eurorekin finantzatua eta Euskal Fondoak prestatua; aldi berean, «Colectiva de Mujeres para el Desarrollo Local» elkarteak hartu du parte elkarlanean beste emakume talde batzuekin, lurraldeko erakunde publiko nazionalekin, eta Cuscatlán departamenduko 16 udalerrirekin. Prentsaurrekoan parte hartu du ere Wilber Castellón ikerketa taldeko zuzendariak, psikologian doktoreak.
Aldundiak 2016az geroztik finantzatzen du Euskal Fondoak El Salvadorren garatzen duen proiektua, zeinak arreta nagusia jartzen duen berdintasunaren eta genero parekotasunaren aldeko eta LGBTI pertsonen eskubideen aldeko udal kudeaketaren esparruan.
Horregatik, ikerketa bat egin da 2016 eta 2017an, ikasle nerabe eta gazteek homosexual eta lesbiana gisa identifikatzen diren pertsonekiko dituzten jarrera nagusiak identifikatzeko.
Ikerketa prozesurako itun bat ezarri zen psikologian doktorea den Wilber Castellónek zuzendutako taldea batekin, «Colectiva Feminista» taldeko kideekin.
Emaitzen arabera, sexu identitatea osatzerakoan eragina duten faktoreen inguruko sentsibilizazio eta prestakuntza prozesuak sendotu behar dira eta, halaber, aniztasunaren aldeko errespetu harremanak ezarri behar dira.
Aldundiak azterlan hau egiteko eman duen laguntza joan zen urtean onartu zen esparru estrategikoan kokatzen da. Esparru estrategiko horren xedea da Agenda 2030en irizpide eta balioak eta Garapen Jasangarriaren Helburuak txertatzea, hala nola pobreziaren aurka egitea, eta giza eskubideen, genero berdintasunaren, kultura aniztasunaren, ingurumen jasangarriaren eta tokiko erakundeak sendotzearen alde egitea.
Fernando San Martinek El Salvadorreko LGBTI kolektiboaren ahultasun egoera larria salatu du, arazo hori ezagutzera emateko beharra defendatu du, eta herrialde horretako nahiz Europako herritarrak kontzientziatzeko premia azaldu du, haien eskubideak esparru guztietan bermatze aldera. "Gaur egun, giza eskubideen alde egiteko ezinbestekoa da munduko leku askotan hain zigortua den kolektibo honen eskubideak aitortu eta defendatzea".
Proiektu orokorrak helburu hau du: eskoletako gazteen eta nerabeen sentsibilizaziorako eta gazte-heziketarako sexu- eta ugalketa eskubideen onarpenean oinarritutako prozesuak garatzea; genero-berdintasunezko hezkuntza laiko bat sustatzea; eta LGBTI pertsonengananzko praktika sexista eta diskriminatzaileak murrizteko ekintzak garatzea. Horrela, intolerantzia eta aniztasunarekiko errespetu eza bultzatzen duten esanahi kultural nagusietako zimenduak ezbaian jarri nahi dira, herrialdeko 32 udalerritan kokatutako 64 heziketa-zentroak aurreiritzirik gabeko ezaguera marko batekin hornituz.
Onuradunak 640 ikasle dira, sentsibilizazio eta heziketa jardunaldietan parte hartu dutenak; guztira 2.560 gazte eta nerabe, emakumezkoak eta gizonezkoak, 64 heziketa-zentrotan ikasten dutenak.
El Salvadorrek erronka handiei egin behar die aurre oraindik LGBTI pertsonen giza eskubide guztiak bermatzeko. Izan ere, diskriminazio jarrera ugari daude oraindik garapen sozialeko hainbat espaziotan, eta, ondorioz, sexu aniztasuneko taldeetako pertsonak bigarren mailako herritartzat jotzen dira eta segurtasun pertsonalaren eta bizitzaren kontrako ekintza baztertzaileak, jarrera iraingarriak eta egintza bortitzak jasaten dituzte.
LGBTI organizazioek hartu dute beren gain komunitate horretako kideen kontrako indarkeria egoerak monitorizatzeko eta zaintzeko ardura, eta erakunde horiek emandako datuen arabera, 1996tik 2015era, kolektibo horretako 500 pertsona baino gehiago hil zituzten El Salvadorren; kasu gehienetan indarkeria aztarnak zeuden eta hilketak ez ziren behar bezala ikertu.
Gazteen eta nerabeen sentsibilizaziorako eta gazte-heziketarako sexu- eta ugalketa eskubideen onarpenean oinarritutako prozesuen esparruan, diskriminazio eta bazterketa forma bereziak identifikatu dira, heterosexual gisa identifikatzen ez diren neska eta mutilen kontrako jarrerak, hain zuzen.
Hezkuntza eskubideari dagokionez (hezkuntza formala jaso eta amaitzeko eskubidea), «Sondeo de Percepción de los Derechos Humanos de la Población LGBTI de El Salvador» izeneko azterketan, «Comunicando y Capacitando a Mujeres Trans con VIH y sida en El Salvador (COMCAVIS Trans)» elkarteak egindakoan, agertzen denaren arabera, LGBTI pertsonen ordezkarien erdiak adierazten du diskriminazio, bazterketa, indarkeria, eta jazarpen egoerak jasan zituztela ikastetxe eta institutu nazionaletan, sexu joera edo genero identitateagatik.
Nagusiki gizonezko gay eta emakume trans-ek jasaten duten bazterketa motaren barruan daude arrazoirik gabeko txantxak, irainak, umiliazioak, kolpeak eta zigorrak jasotzea; erantzunik ez ematea beraien kezka akademikoei; kirol eta kultura jardueretan parte hartzeko aukerarik ez izatea; gizonezko gay eta emakume trans erasotzera bultzatzea (irakasleek bultzatuta ikasleek eraso egitea); jazarpen egoerak jasatea ikasle eta ikaskideen aldetik, sexu jazarpena eta bortxaketa saiakera barne. Egiaztatzen da, halaber, egoera larriagoa dela emakume trans-en kasuan, batzuetan ikasketak uztera bultzatzen baitituzte, eta, beste batzuetan, urrutiko ikasketak egitera «gainerako ikasleei kalte psikologikorik ez eragiteko». Gainera, ikerketa horretan adierazten da ukatu egiten dietela matrikula, azterketak egiteko aukera, eta ikastetxeetan sartzea, eta, kasu batzuetan, ikastetxetik kanporatzeko mehatxua ere jasotzen dutela, gurasoek ez badute «jarrera anormal hori» zuzentzen.
LGBETI kolektiboko herritarrak hezkuntza sisteman sartzea eta mantentzea zailtzen duten arrazoien inguruan Estatutako erakundeek duten pertzepzioa kontuan hartuta, alderdi baldintzatzaile batzuk daudela esan dezakegu, hauek besteak beste: pertsona horiekiko sentsibilitate falta; tolerantzia urria haien sexu orientazio eta identitatearen inguruan (MINED); normalak ez direla ustea eta beste pertsonen mesederako dela haiek gizartetik baztertzea; LGBTI pertsonek hartzen dituzten erabakien inguruko errespetu falta; eta pentsatzea eskubideak pertsona batzuentzat bakarrik direla. Hori hori guztia areagotu egiten da homofobia, lesbofobia, transfobia, eta kultura matxistaren eraginez, eta alderdi horien guztien konbinazioak autobazterketara eramaten du zalantzarik gabe.
1867