Gipuzkoak Aste Santuaren izaera turistikoa aldarrikatzen du
Gipuzkoak Aste Santuaren izaera turistikoa aldarrikatzen du
Azkoitia, Hondarribia eta Segurak bere kultur eskaintza anitza azaldu dute
Denis Itxaso: “Ekimen hauek, kultura eskaintzeaz gain, turismoa sustatzen dute, eta lurraldeak egun duen eskaintza anitza osatu”.
Denis Itxaso Kultura eta Turismoko diputatuak aurkeztu ditu, Azkoitia, Hondarribia eta Segurako alkateekin batera −Javier Zubizarreta, Txomin Sagarzazu eta Eñaut Telleria, hurrenez hurren−, Aste Santuari begira antolatu diren ekimenak eta horri lotutako turismo-aurreikuspena.
Itxasok adierazi du Gipuzkoak Aste Santuko kultura-tradizio luzea duela. Zehazki, ospakizun hori oso berezia eta ezaguna da Azkoitian, Hondarribian eta Seguran, bertan prozesioak, bisita tematiko gidatuak eta bestelako emanaldiak egiten baitira. “Ekimen hauek, kultura eskaintzeaz gain, turismoa sustatzen dute, eta lurraldeak egun duen eskaintza anitza osatu”.
Turismo-aurreikuspenari dagokionez, Itxasok azaldu du aurreko urteko aurreikuspenaren antzekoa izango dela; desestazionalizazio-indizeak gora doaz (2016an zehar % 5 hazi zen bisitari kopurua goi-denboraldian eta % 12 behe-denboraldian) eta goi-denboraldiko datuak egonkortzen doaz urtez urte.
Okupazio maila % 83-84 ingurukoa izan zen 2016an eta atzerriko bisitari kopurua hazi egin zen. Aste Santuan Estatutik datozen turistak izan ohi dira gehiengoa, baina 2016an hasi zen nabarmen hazten atzerriko bisitari kopurua, % 11 ere hazi zen.
Azkoitia
Azkoitian Aste Santuak duen interes historiko, turistiko eta erlijiosoa ukaezina dela adierazi du bertako alkateak. Duen izaera herrikoiak eta antolakuntzan parte hartzen duten 300 boluntarioek jatorria XVI. mendean duten irudikapen liturgikoak tradiziozko hitzordu bihurtzen dituzte.
Ostiral Santu eguneko bi prozesioak aipatzekoak dira. Arratsaldekoa Jesusen Nekaldi eta Heriotzarena da. 13 pauso ateratzen dira eta 18:00etan hasten da. Gauekoa, 21:30ean ateratzen da, Hilobirako Prozesio Santua. Armatuen lantzen soinua nahasten da Chopinen hileta-martxaren doinuarekin eta Aldalur konpositore azkoitiarraren “Agur” malenkoniatsuarekin. Ehunka azkoitiarrek hartzen dute parte desfilean kandelak eskuetan hartuta. San Frantziskoko ermitara joaten dira Ama Doloretakoari abestera.
Aurten emakume talde batek eramango du “Jesus gurutzea bizkarrean daramala” irudia. Iaz atera ziren estrainekoz emakumeak pausua eramateko baina proba gisa tarte batean bakarrik eraman zuten. Aste Santuko ospakizunen osagarri, Azkoitiko Udalak bisita gidatuak antolatu ditu herriko ondare historiko, artistiko zein kulturala balioan jartzeko. Ondorengo bisitak egin daitezke: -“Andre Mari Jasokundearen Eliza Nagusia eta Aste Santuko irudiak”; “Azkoitiko gune historikoa, Multzo Monumental izendatua”; “ Intsausti Jauregia. Zalduntxoen Azkoitia”, eta “Azkoitiko Inaziotar guneak”.
Segura
Aste Santuko prozesioek, ostegun eta ostiral santukoek, bizirik diraute Seguran. Penitenteek, nazarenoek, soldadu erromatarrek, musikariek eta gainerako pertsonaiek Segurako parrokian gordetako irudi artistikoak kalez kale erakusten dituzte desfile ikusgarri batean. Gurutzea da pasorik pisutsuena, 287 kilorekin eta Gurutzearen tamaina 3 metrokoa izanik, 6 lagunen artean eramaten dute.
XVII. mendetik, belaunaldiz belaunaldi transmititu den ohitura bat da. Apirilaren 13an eta 14an, ostegun santuko eta ostiral santuko prozesioetan adin guztietako hirurehundik gora herritarrek parte hartuko dute. Prozesioak 18:15ean hasiko dira.
Baina prozesioak ez ezik, Seguran Aste Santuan beste hainbat ekitaldi antolatuko dituzte. Apirilaren 9an, Erramu igandean, erramu bedeinkatzea eta meza nagusia Sorkundetar komentuan izango da 11:00etan. Ostegun santuan azken afariko meza parrokian 17:00etan egingo dute, eta ostiralean Santa Engrazitik Sorkundetar komenturaino joango den gurutze bidea 8:00etan eta Jaunaren nekaldiaren ospakizuna eta gurutzetik jaistea parrokian 16:30ean. Azkenik, larunbat santuan eta Pazko egunean meza santua Sorkundetar komentuan izango da, 21:30ean eta 11:00etan, hurrenez hurren.
Segura Multzo monumentala izendaturik dago eta Erdi Aroko xarma mantentzen du bere ingurune naturalarekin batera. Hitzordua hartuta, mota ezberdinetako bisita gidatuak egiteko aukera eskaintzen du: Ardixarra etxean bertan, Euskal Herrian bakarra den Erdi Aroko Interpretazio Zentroa dago eta XVI. mendean, hiriguneetan aurki zitezkeen etxe-tailerra bisitatu daiteke. Herri kaskoa ere benetan berezia dauka (langile etxeak, jauregiak, harresiko sarrerako ateak eta beste hainbat toki ezagutzeko), Karkabatik pasatzea abentura hutsa da (Erdi Aroko ezaugarri morfologikoen ispilu den kale estua), eliza berriz katedral itxurakoa (gotiko estilokoa, bere erretaula monumentu historiko artistiko izendatuta dago) eta abar. Berrikuntza gisa, bisita gidatu finkoak ezarri dira banaka edo talde txikietan, hitzordua hartu gabe datozen horientzat.
Hondarribia
Hondarribiak ere oso berezian ospatzen du Aste Santua. “Ostiral Santuko prozesioa eta igandeko ‘Ttopara’ edo berpizteaz gain, Hondarribiak jarduera eskaintza zabal bat eskaintzen du, eliz musika zikloa, argazki lehiaketa, Pazko Asteleheneko ekitaldiak Guadalupen, bisita gidatuak Alde Zaharretik… “Gure herrira etortzeko gonbitea luzatzen dizuegu” esan du Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak.
Aipatzeko modukoak:
- Ostiral Santuko prozesioa, arratsaldeko 17:00etan, apirilaren 14an. Alde Zahar historikoan egiten da, Parrokiatik irten eta kaleetatik zehar.
- Igandean apirilaren 16an goizeko 10:30ean Ttopara edo piztuera Alde Zaharreko Parrokia nagusian. Biek antzinako erritualak gordetzen dituzte, eta bietan herritarren parte hartzea oso garrantzitsua da.
- Eliz Musika zikloa, 35 urtez jarraian Hondarribiko Eskifaia abesbatzak antolatua, aurten Hondarribia, Errenteria, Gran Canaria eta Txekiar Errepublikako taldeak. Aste buru honetan, txekiarrek eta hondarribiarrek eskainiko dituzte bere emanaldiak 19:30ean Alde Zaharreko Parrokian, larunbata eta igandean.
Izaera erlijiosotik kanpo, aipatzekoak dira:
- Aste Santuko argazki lehiaketa bi urtean behin antolatzen du Udalak. Aurten, iazko lanen erakusketa egongo da ARMA PLAZAko erakusketa gela berrituan, egunero 10:00etatik 17:00etara.
- Pazko Astelehenean Guadalupen egiten den erromeria, elikadura azoka, trikitilariekin, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariekin, herri kirola eta sokamuturrarekin.
- Arte azoka igande goizetan Kirol Kaiko eremuan.
Aipamen berezia bisita gidatuei, ARMA PLAZA Fundazioak antolatuta. Alde Zaharra, Eliza Nagusia, eta tren berdearen bidez, Guadalupeko Gotorlekua ere ikusi ahal izango dira. Iazko datuek diote, Aste Santuan ARMA PLAZAko turismo puntutik 3.269 pertsona igaro zirela, %72 estatukoak, %17 euskaldunak eta %7 frantziarrak.
1977