Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ireki da Lasarte-Oriako TEK energia komunitatean, Euskadiko ezarpen handienekoan, parte hartzeko izena emateko epea

Ireki da Lasarte-Oriako TEK energia komunitatean, Euskadiko ezarpen handienekoan, parte hartzeko izena emateko epea

Aurreikuspenen arabera, udalerriko 1.000 familia eta saltoki hornituko dira, eta, horri esker, % 30 aurreztuko dute argindarraren fakturan.

2023/01/17
TEK Lasarte

Milioi eta erdi euroko inbertsio batekin, Lasarte-Oriako energia komunitatea (TEK) izango da ia udalerri oso baten energia trantsizioa ziurtatzen duen Euskadiko lehena; horretarako, estrategikoki kokatu dira sei instalazio, udalerriko auzo guztiek autokontsumo erregimenean energia garbi eta berriztagarria eskuratu dezaketela bermatzeko.

Aurreikuspenen arabera, udalerriko 1.000 familia eta saltoki hornituko dira, eta, horri esker, % 30 aurreztuko dute argindarraren fakturan.

Eraikin publikoen estalkietan instalazioak ezartzeaz gain, proiektuak Basaundi auzoaren birgaitze energetikoari helduko dio. Horretarako, lurzati batean plaka fotovoltaikoak jarriko dira, 180 erabiltzaileri –familien eta tokiko saltokien artean– energia garbia eta berriztagarria emateko. Instalazio horrek biltegiratze bateria batzuk izango ditu, energia soberakina jasoko dutenak, gero efizienteki banatzeko.

Lasarte-Oriako TEKaren proiektua herritarrei aurkezteko, han izan dira gaur José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua; Agustín Valdivia, Lasarte-Oriako alkatea; Miguel de los Toyos, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburuordea; eta Juan Diego, Edinorreko kontseilari delegatua.

Lurraldeko energia trantsizioa sustatzeko asmoz sustatzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailburutzak eta Lasarte-Oriako Udalak proiektu hau, eta Edinorren bidez ari da koordinatzen.

Sei udal estalki instalazio fotovoltaikoetarako eta Basaundiko birgaitze energetikoa

Lasarte-Oriako TEKa martxan jartzeko inbertsioa 650.000 eurokoa izango da, Udalak doan lagatako udal eraikinetako sei estalkitan herritarren autokontsumo partekaturako plaka fotovoltaikoen instalazioa tartean dela. Horietatik  384.667 euro Next Generation funtsei esker lortu dira Euskal Energiaren Erakundeak kudeatuta, eta gainerakoa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentutik eta Lasarte-Oriako Udaletik dator. TEKak behar duen instalazioaz gain, erabiltzaileentzat aplikazio bat abian jartzeko, hedatzeko eta sortzeko prozesua ere sartzen da zenbateko horretan, halako ekimen garrantzitsu eta asmo handiko baten bikaintasun orokorra lortzeko egin beharreko jardueren adibide batzuk aipatzearren.

Plakak eremu hauetan jarriko dira: Michelin kirolgunea, Garaikoetxea Landaberri ikastola, Sasoeta ikastola, Zumaburu ikastetxe publikoa, Almacen Jardieria  eta Zabaleta frontoia. Sei instalazio horien azalera erabilgarria 4.700 m2-koa izango da orotara, eta 1.476 plaka ezarriko dira bertan, energia % 100 berriztagarri eta deskarbonizatuko 545 kW inguruko potentzia emateko. Hala, fakturan % 30eko aurrezpen ekonomikoa lortuko dute milatik gora bizilagunek eta saltoki txikik.

Sei instalazio horiek estrategikoki aukeratu dira udalerriko auzoak 500 m-ko ekintza eremu batean egon daitezen, eta ziurtatu dadin udalerriko auzo eta eremu guztiek dutela autokontsumo erregimenean energia garbi eta berriztagarria lortzeko aukera.

Hiria berroneratzeko asmo handiko programa bat ere jasotzen du Lasarte-Oriako TEKak, besteak beste, bizitegi eraikinetako birgaitze, irisgarritasun eta energia efizientziako jarduketak harturik barnean. Basaundiren birgaitzeaz Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila arduratuko da, 850.000 euroko inbertsio batekin.

Iñaki Arriolak zuzendutako Sailak beste 850.000 euro inbertituko ditu udal lurzoruan instalazio bat eraikitzeko, 1.100 m2-ko eremu batean 266 eguzki plaka hartuko dituena eta 120 kW-ko potentzia emateko gaitasuna izango duena. Udalerriko etxe eta saltokien artean, 180 bat erabiltzaileri ekarriko die onura. Era berean, gehiegizko energia bildu eta biltegiratu ahal izateko bateria batzuk instalatuko dira, baliabide hori ahalik eta hobekien optimizatzeko.

Bi ekimen horiek uztartuta udalerriko 1.000 familia eta saltoki hornituko direla aurreikusten da, eta fakturan % 30eko aurreztuko dutela kalkulatzen.

Lasarte-Oriako TEKa izango da, hala, EAEn ezarpen handiena duen energia komunitatea. Biztanleriaren zati handi bat hornituko du energiaz autokontsumo formatuan, eta autokontsumo kolektiboaren murrizketari etekina ateratzeko aukera eskainiko die, hornidura konbentzionalaren bidezko elektrizitate eskaria txikituz, baita erosketa mankomunatua egiteko aukera ere, hari esker tarifa hobea lortzen baita elektrizitate merkatuko batez besteko prezioen aldean.

Agustin Valdiviak, Lasarte-Oriako alkateak, eskerrak eman nahi izan dizkie Ingurumeneko diputatuari eta Lurralde Plangintzako sailburuordeari, bai haien laguntza ekonomiko eta teknikoarengatik, eta bai gure herrira etortzeagatik ere, lasarte-oriatarrentzat hain garrantzitsua den energia komunitatearen proiektu enblematikoa aurkeztera. «Zalantzarik gabe, aukera paregabea da energia berriztagarrien trenera igotzeko, eta, horrela, gure karbono aztarna murrizteko. Lasarte-Oriako herritarrek klima aldaketaren aurkako borrokan parte hartu behar dute, eta energia komunitate hau aukera bikaina da, eguzki energiaren aldeko apustu irmoa egiten duelako».

Asensio foru diputatuak azpimarratu duenez, «energia eskubide sozial bat da eta eredu berri bat behar du, etxeak ahaldunduko dituena, sistema energetikoaren erdigunean jarrita, energia garbia eskuratzeko aukera eta fakturan dirua aurrezteko beharrezko diren tresnak emanda. TEKen bidez, energia demokratizatzeko aurrerapausoak ematen dira, baita erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoko kultura baterantz ere, efizienteagoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa. Horrenbestez, inguru honetan bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetuko da». Diputatuak komunitate horretan parte hartzera animatu ditu herritarrak; izan ere, dagoeneko badira martxan dauden komunitate batzuen adibideak, hala nola Zumarragan eta Larraulen, eta esperientzia oso ona ari da izaten: «aurreztutako dirua, isuri gabeko CO2 emisioak, energia efizientzia handiagoa eta energiaren demokratizazioa».

Miguel de los Toyosek, bestalde, honako hau nabarmendu du: «autokontsumoko energia komunitateak herritarren parte hartze aktiborako ate irekia dira, eta komunitatearen beraren onura azpimarratzen dute. Horrela, neurri handi batean, beren jasangarritasuna bermatzen dute, ingurumenaren, gizartearen zein ekonomiaren ikuspegitik».

De los Toyosek gogorarazi du zein garrantzitsua eta beharrezkoa den Lasarte-Orian egindako urratsa eta zein handia den Euskadiren energia mendekotasuna, % 90etik gorakoa. «Horri konponbidea eman behar diogu –adierazi du–. Premiazkoa da geure energia sortzea ahalbidetuko diguten neurriak hartzea, jasangarritasunaren ikuspegitik, energia garbi eta berriztagarriaren alde eginez. Baina, horretarako, beharrezkoa da herritar guztien konpromisoa eta politika publikoak bat etortzea, maila guztietan».

  

3556