Sei artista grafikok Gipuzkoaren etorkizuna ilustratu dute
Sei artista grafikok Gipuzkoaren etorkizuna ilustratu dute
Gaurtik aurrera Gipuzkoa Plazan ikusgai dauden lanek lurraldearen etorkizuneko erronkak hainbat ikuspuntutatik erretratatzen dituzte
Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta Foruko Aldundiko Bozeramaila
Gipuzkoaren etorkizunari buruzko sei artista gipuzkoarren irudiak Gipuzkoa Plazan ikusgai egongo dira datozen asteetan. ‘Etorkizuna Orain’ izenburuko erakusketak panel handietan biltzen ditu Ane Arzelus, Diego Besne, Mikel Casal, Paula Estevez, Ione Larrañaga eta Maria Lopezen talentuak; hain zuzen ere, etorkizuneko erronka estrategikoak nola irudikatzen dituzten islatu nahi izan dute. Erakusketa kolektibo hau osatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Etorkizuna Eraikizek ekonomia, ongizatea eta ingurumenaren arloetan abian dituzten jarduera lerroak eta proiektuei buruzko informazioa eskaintzen da.
Eider Mendoza Gobernantzako diputatuaren hitzetan, “interesgarria eta bitxia da ikustea nola artista bakoitzak, bere ikuspuntu, ildo estetiko eta estilo pertsonaletik, orri zuri batean hainbat kontzeptu islatu dituzten, hala nola iraunkortasuna, zainketa-eredu berria, integrazioa eta kalitatezko enplegua”. Ane Arzelus, Mikel Casal eta Paula Estevezekin izandako topaketaren ostean, Mendozak gaineratu duenez, “ilustrazioak desberdinak eta originalak dira. Marrazkiak hausnartzera eta interpretatzera gonbidatzen gaituzte, “guztioi dagozkigun etorkizuneko gaiak eta erronkak lantzen baitituzte”. “Etorkizuna Eraikiz egungo eta etorkizuneko ongizatea eraikitzen eta hobetzen jarraitzen dugun hiru zutabetan oinarritzen da: ekonomia, gizarte-ongizatea eta garapen iraunkorra”, foru diputatuak gaineratu duenez.
Ione Larrañaga (Antzuola, 1993) margolari eta ilustratzaileak trantsizio ekologikoa, ingurumena eta biodibertsitatea jorratzen dituen ilustrazioa sortu du. Naturklima, Gipuzkoako Klima Aldaketarako fundazioa eta Gipuzkoa Deep Demonstration proiektu estrategikoak biltzen ditu panelak, hain zuzen ere. “Natura etengabeko mugimendua da; amaierarik ez duen aldaketa. Gu ere materia horrekin eginda gaude eta horixe bera islatu nahi nuen nire lanean”, zehaztu du Larrañagak.
Diego Besné (Donostia, 1977) arte-zuzendari, diseinatzaile grafiko eta ilustratzailearentzat, lurraldeko ehun ekonomikoan gauzatzen ari den eraldaketa- eta modernizazio-prozesu aktiboa aldamio batekin irudikatu daiteke. Bere ilustrazioa, hain zuzen ere, “aldamio bat da, Gipuzkoako ekonomiaren modernizazioa eraikitzeko oinarri den sarearen metafora gisa. Atzealdean, Gipuzkoako Foru Aldundia lantzen ari den etorkizuneko proiektuak daude, erdigunean herritarrak jarrita”, Besnek zehazten duenez. Jada martxan dauden erreferentziazko zentroen bitartez (Mubil, Ziur, Labe, Adinberri, Naturklima, Badalab, 2deo, Arantzazulab), fabrikazio aurreratua, biozientziak eta zibersegurtasuna bezalako erronkei aurre egiten ari da lurradea, baita Elkar Ekin Lanean, Gantt eta Quantum proiektu estrategikoen bidez ere.
Maria Lopez artista grafikoari (Donostia, 1980) interesatzen zaio publikoak ilustrazioa ikusten duenean, “berehalakoa edo bistakoa den erantzuna izan beharrean, irakurketa ezberdinak ateratzea eta xehetasunetan sakontzera bultzatzea”. Bere lan artistikoak, Gipuzkoako enpresa-ehunari emandako laguntzari eta ekintzailetzari buruzkoak, “emakume batek zuzentzen duen taldea ordezkatzen du. Taldeak noranzko berean egiten du lan, babes horri esker lortutako emaitzak jasotzen”, azpimarratu du Lopezek.
Ane Arzelusen arabera (Donostia, 1993), kalitatezko enpleguari buruzko bere ilustrazioak “teknologia berrien aprobetxamenduan ere jartzen du arreta, pertsonak inoiz baino gehiago bateratuz eta bizi-kalitatea sortuz kontziliazioaren, malgutasunaren eta moldagarritasunaren bidez”, Arzelus ilustratzaileak azpimarratu duenez. Esparru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundia lanean ari da Gipuzkoako talentua erakartzeko eta berreskuratzeko, baita kontziliazio arduratsua eta langileen parte-hartzea sustatzeko ere.
Paula Estevez (Donostia, 1984) marrazkilari donostiarrak Etorkizuna Eraikizekin lantzen ari den lan-eredu babestuaren eta ekonomia sozialeko eredua ilustratzen du. Bazterkeria-egoeran edo bazterkeria-egoera jasateko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea errazteko programa da Elkar Ekin Lanean. “Sortu dudan irudiak Gipuzkoa baten isla izan nahi du, non gizarte-ongizatea lehentasuna den. Askotariko gizarte kohesionatua, non etnia, erlijio eta jatorri desberdinetako herritarrak harmonian bizi diren. Lurralde horretan egunero lan egiten da desberdintasunei aurre egiteko, integrazioa erraztuz eta zailtasunak dituzten pertsonei laneratzea eskainiz. “Sortu dudan irudiaren bidez, ongizate soziala lehentasuna den Gipuzkoa erakutsi nahi izan dut. Anitza eta kohesionatua den gizartea da, etnia, erlijio eta jatorri askotako herritarrak harmonian bizi garena. Lurralde honetan, egunero egiten dugu lan desberdintasunei aurka egiteko, zailtasunak dituzten pertsonei gizarteratzea erraztea eta lan-munduratzeko aukera emanda”.
Seigarren ilustrazioa Mikel Casalek (Donostia, 1965) sortu du. Gure lurraldean lantzen ari den zainketa-eredu berria islatzen du; gero eta zainketa pertsonalizatuagoak, komunitateari lotuak eta berritzaileak. Casalen hitzetan, “gure adinekoak etxean sentiarazteko leku eta pertsona abegitsuak inguruan izatea erronka izan beharko luke. Helburu hori errealitate bihurtzeko, ahaleginak bideratzen dira".
Kamiseten zozketa
Gaurtik aurrera, Foru Aldundiak sei ilustrazioak dituzten kamiseten zozketa jarriko du abian Instagrameko @GipuzkoaTurismoa kontuan. Guztira, diseinu bakoitzeko 50 kamisetako edizio mugatu bat zozketatuko da. Parte-hartzaile bakoitzak gustokoen duen ilustrazioa aukeratu ahal izango du, eta zozketan parte hartzeko baldintzak argitalpen berean zehaztuko dira.
3171