Sendotasun ekonomikoari eutsiz itxi du urtea Gipuzkoak
Sendotasun ekonomikoari eutsiz itxi du urtea Gipuzkoak
Enpresen egoerari buruzko hileko txostenaren arabera, Gipuzkoako lan merkatuak indartsu jarraitzen du, enplegua % 1,7 eta soldatak % 6,4 igota

Gipuzkoako enpresen salmentak % 0,7 igo dira 2024an, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak egin duen hileko txostenean jasotako datuen arabera. Irune Berasaluze foru bozeramaileak azaldu duenez, “hazkunde hori barne salmenten igoerari zor zaio (+% 1,7), batez ere zerbitzuen sektorearen portaera onak bultzatuta; 2023arekin alderatuta, % 2,1eko igoerarekin itxi baitu urtea sektore honek”. Industria sektoreari dagokionez, aldaketarik ez; eraikuntzan salmentak % 3,9 jaitsi dira. “Zerbitzuen sektoreak Gipuzkoako ekonomiari bultzada eman dio, industria eta eraikuntza moteldu diren bitartean”, adierazi du Berasaluzek.
Foru bozeramaileak baloratu duenez, “ziurgabetasun ekonomikoaren testuinguruak eta Europar Batasuneko herrialde batzuek erakutsitako ahultasuna gorabehera, zuzenean eragin du Gipuzkoako esportazioen jaitsieran, baina ehun ekonomikoa sendo mantendu da barne salmenten bultzadari esker, eta horri esker enpleguaren hazkundeari eta soldaten igoerari eutsi zaio”.
Txostenak abenduko datuak jasotzen ditu. Hala, barne-salmentek portaera positiboa izan dute (+% 5,1) eta esportazioek negatiboa (-% 9,1). Hala ere, hileko balantzeak % 0,3ko igoera erakusten du salmentetan. Sektoreka, eraikuntzak izan du jaitsierarik handiena (-% 4,9), ondoren industriak (-% 0,5) eta zerbitzuen sektoreak % 1,8ko hazkundea izan du.
Bestalde, nazioarteko testuinguru ekonomikoaren zalantzen ondorioz, Gipuzkoako enpresen esportazioak % 1 murriztu dira. Beherakada horren arrazoi nagusia Europako herrialdeen jardueraren geldotzea da, EBrako esportazioak % 4 jaitsi baitira. Aitzitik, gainerako herrialdeetarako salmentak % 2,7 igo dira. “Europako gure kideen ahultasun zantzu horiek inportazioetan ere islatzen dira, EBtik datozen erosketak % 0,1 baino ez baitira hazi, eta Batasunetik kanpokoak, berriz, % 1,7”, zehaztu du Berasaluzek. Guztira, 2024an inportazioak % 0,5 hazi dira.
Enpleguari dagokionez, 2024ko datu metatuek erakusten dute Gipuzkoako lan merkatuak sendo eta hazten jarraitzen duela, eta azken hiru urteetan igoera jarraituak izan direla hilero langile kopuruan. Joera horren ondorioz, 2024an enplegua % 1,7 hazi da. Sektoreka, hazkunderik handiena industrian izan da (+% 2,1), eta, ondoren, zerbitzuen sektorean (+% 1,3). Eraikuntzan, berriz, enplegua % 0,9 jaitsi da 2023 urtearekin alderatuta.
Soldatei dagokienez, Gipuzkoako enpresek % 6,4 igo dituzte ordainsariak 2024an. Soldata-hazkunderik handiena industria-sektorean izan da (+% 7,2), ondoren zerbitzuetan (+% 6,3) eta eraikuntzan (+% 2,7). Txostenaren datuen arabera, langileen batez besteko ordainsaria % 5 igo da.
Iruzurrari aurre egiteko batzordea
Gainera, foru bozeramaileak iragarri du Iruzurraren Prebentziorako Batzordea eratu eta martxan jarri dela, Gipuzkoan Europako funtsen kudeaketa egokia bermatzeko organo gisa. Berasaluzek azaldu duenez, batzorde horrek “egon daitezkeen irregulartasunak prebenitu, atzeman, zuzendu eta zehatuko ditu, eta Europar Batasunetik datozen baliabideak gauzatzerako orduan integritatearen, gardentasunaren eta gobernu onaren printzipioak betetzen direla ziurtatuko du, Next Generation EU funtsei eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsa-ri (EGEF) dagokionez”. Bozeramaileak azpimarratu duenez, “inbertsio bakoitza Gipuzkoarako eta herritar guztien ongizaterako hobekuntza zehatz bihur dadin bermatzeko egingo da lana”. “Gure helburua da funts horiek lurraldearentzat benetako eraldaketa motorra izan daitezela bermatzea”, gaineratu du.
Iruzurra Prebenitzeko Batzordea, Aldundiko hainbat sailetako ordezkariek osatuko dute, eta barne-organo bat da, Zerga eta Finantza Politikako Zuzendaritza Nagusiak koordinatua. Batzordeak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Osotasun Sistemarekin koordinatuta lan egingo du, 2016 urtetik indarrean baititu jokabide kodeak eta etika batzorde bat foru erakundeak.
Gipuzkoan 25 proiektu finantzatzen ari dira Next Generation EU funtsekin, guztira 72,6 milioi euroko inbertsioarekin eta 54,98 milioi euroko finantzaketa onartuarekin. Proiektu horiek 2026a baino lehen gauzatu behar dira, Europar Batasunak funts hauek izango duten eragina bermatzeko ezarritako epeak bete daitezen. Gainera, EGEF funtsen (2021-2027) bidez 4 proiektu gauzatzen ari dira, guztira 40,15 milioi euroko inbertsioarekin eta 16,6 milioi euroko finantzaketarekin.
Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako proiektu garrantzitsuenen artean dago Gipuzkoako adinekoen egoitza zentroen sarea pertsona ardatz duten bizikidetza ereduetara egokitzea, 25,2 milioi euroko inbertsioarekin. Berrerabilgarriak izan daitezkeen hondakinen berrerabilpena prestatzeko zentroaren sorrera ere nabarmentzekoa da, 16 milioi euroko inbertsioarekin, baita iraupen luzeko zainketen lurralde estrategia ere, "Gipuzkoa zainketen lurraldea 2030", 4 milioi euroko inbertsioarekin.
Bestalde, EGEF funtsaren bidez proiektu estrategikoak bultzatzen ari dira Gipuzkoan, hala nola gobernu elektronikorako aplikazioak eta IKT azpiegitura aurreratu eta berritzaileak, 8,9 milioi euroko finantzaketarekin. Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Planaren garapena ere martxan dago, 11,7 milioi euroko aurrekontuarekin eta 4,8 milioi euroko finantzaketarekin. Gainera, prozesu industrialeko bero gerakinak berrerabiltzeko proiektu bat gauzatzen ari da, 4,7 milioi euroko aurrekontuarekin eta 1,9 milioi euroko finantzaketarekin; baita ubideak iragazgaiztu eta ibai-ekosistema berreskuratzeko proiektu bat, 2 milioi euroko inbertsioarekin eta 828.000 euroko finantzaketarekin.
AP-1eko bidezubia birgaitzea Arrasaten
Era berean, foru bozeramaileak iragarri du, Arrasaten, AP-1eko Arbizelaiko bidezubia (408 metro eta 6 baokoa) konpontzeko obren 1. fasearen lizitazioa egingo dela. Aurrekontua 1.331.124 eurokoa da (+BEZ), eta gauzatzeko epea 7 hilabetekoa. Berasaluzek azaldu duenez, aldizkako ikuskapenean egituran antzemandako kalteak konponduko dira, eta bigarren estribua indartuko da, taularen egungo euskarrien ordez euskarri berriak jarriz eta dauden bielak biela berriekin aldatuz. Lehen fase honetan, taulari eusten dion kaxoiaren barrualdea 31,2 metroko luzeran margotuko da, eta estributik gertu dauden galtzadaren dilatazio-junturak berrituko dira. Estribuari atxikitako pasabide bat ere egingo da, 2. faseko lanei begira taularen barrura sartzea errazteko, eta etorkizunean ikuskapen eta mantentze lanak egiteko aukera emango du. Konponketa zirkulazioa eten gabe egingo da, baina zeregin jakin batzuetan trafikoa pasabide baten bidez desbideratuko da kontrako galtzadan.
4764