Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Sortu eta urtebetera, San Sebastian Region marka erabat finkatuta dago eta eskualde guztiak hartzen ditu

Sortu eta urtebetera, San Sebastian Region marka erabat finkatuta dago eta eskualde guztiak hartzen ditu

Gida turistiko berriak lurraldeko bost turismo marka berri hartzen ditu: Donostia, Euskal Kostaldea, Sagardoaren lurraldea, Inaziotar lurraldea eta Landa paradisua

Kultura eta Turismo foru diputatu Denis Itxasok, Turismo sailburuorde Isabel Muela eta eskualdeetako turismo arduradunak ondoan zituela, San Sebastian Region markan biltzen den eskaintza turistikoa aurkeztu du Sevaturren, eta eskaintza horren euskarri garrantzitsuena, 2017/2018ko turismo gida berria.

100.000 ale argitaratu dira, horietatik 42.000, gaztelaniaz; 9.000, euskaraz; 23.000, frantsesez; eta 26.000, ingelesez.

Aurtengo gidaren berrikuntza da lurraldea eremutan banatu dela, baina ez egungo banaketaren arabera, San Sebastian Region estrategian eta aurkeztu berri den webgunean erabiltzen ari diren marka berrien arabera baizik. Banaketa berri hori helmuga turistikoa eta bertako baliabideak kontuan izanik egin da, bost gai nagusi oinarritzat hartuta; eta gai horiek, era berean, hitz jakin batzuk sarean duten kokapenaren arabera diseinatu dira. Bost gai zabalak edo markak hauek dira:Euskal kostaldea”, “Sagardoaren lurraldea”, “Landa paradisua”, “Inaziotar lurraldea” eta Donostia. Hori guztia gauzatu ahal izateko, eskualdeetako agentzien lankidetza izan dugu, bai eta parte hartu nahi izan duten entitate eta elkarte guztiena ere (Geoparkea eta sagardotegiak, kasu).

Gainera, kulturaren esparrua zabaldu da eta garrantzia handiagoa eman zaie Balenciaga museoari eta Albaolari, eta atal berezi bat sartu da museo, festa eta jaialdiei buruz -San Telmo, Balenciaga, Albaola-, Gipuzkoako kultur esparru bizia paisaia edo aparteko gastronomia bezain garrantzitsua baita.

Aurten ehun urte betetzen direnez Balenciagak Donostian lehen denda ireki zuela, besteak beste, Balenciagaren bezero garrantzitsuenetako baten, Rachel L. Mellon estatubatuarraren, ondareari buruzko erakusketa monografikoa aurkeztuko da:  “Collecting elegance. Rachel L. Mellon’s legacy”. Monsieur Hubert de Givenchyren zuzendaritzapean, eta Eloy Martinez de la Pera eta Igor Uria Zubizarreta komisario direla, Mellon andreak Getariako museoari dohaintzan eman zion bilduma zabaleko 150 pieza jarriko dira ikusgai maiatzetik aurrera. Erakusketa Parisen aurkeztu da dagoeneko, eta Madrilen ere aurkeztuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Turismo Departamentuaren turismo sustapenaren estrategiaren barruan, Cristobal Balenciaga San Sebastian Region markaren kultur erakargarri bihurtuta. Londresko Victoria&Albert museoak ere, mundu mailan arte eta diseinuari eskainitako museo nagusietakoa denak, erakusketa bat programatuko du jostunaren obraren beste ikuspegi bat eskaintzeko.

Gastronomiari buruzko atala ere zabaldu egin da eta lehentasunezko tokia eskaini zaie sagardotegiei, izan ere, aurten sagardotegien sustapen kanpaina berezi bat egitekoa da Foru Aldundia.  

Denis Itxasok gogorarazi du hemen bertan aurkeztu zela duela urtebete San Sebastian Region Gipuzkoako marka turistiko berria. Urtebete igaro da harrezkero, eta marka erabat finkatuta dago eta eskualdeek berek aitortzen dutenez, oso erabilgarria izan da eskualdeak ezagutarazteko. Markaz gain, duela ia urtebete bulegoa ireki zen Donostian eta horrek lurraldea gehiago ezagutarazten lagundu du.

Marka berriaren helburua zen Donostiara iristen diren bisitariei Gipuzkoak -kostaldean zein barrualdean- eskaintzen dizkien altxorrak ezagutzeko ikusmina piztea. “Horrela, turismo fluxuak orekatuak izatea eta lurralde osora zabaltzea lortu nahi dugu; azken finean, turismoa gizarte guztiarentzat onuragarria izatea, Donostia masifikatu gabe, eta turistak urte sasoi guztietan erakartzea, hainbat plan eskainita, eta, hartara, batez besteko egonaldiak luzatzea".

Gida berri hau San Sebastian Region markaren bulegoan, Gipuzkoako gainerako turismo bulegoetan, eta lurraldeko hotel eta nekazaritza turismoko ostatuetan egongo da eskura.

Gipuzkoak SEVATUR Turismo Azokaren 15. edizioan bost erakusmahaiez osatutako 50 m2-ko erakustokia izango du aurten, lehen aipatu dugun eremu bakoitzeko bana. Erakusmahaietan eskualdeetako teknikariak egongo dira, eta horrela, informazio pertsonalizatua eta lehen eskukoa eskainiko zaie bertaratzen direnei. Pantaila batean Turismo Zuzendaritzak azken hilabeteotan egin dituen bideoak egongo dira ikusgai. Oraindik orain Alba`s history izeneko bideoa aurkeztu da, non kontatzen den Donostiako Zinemaldira datorren neska gazte baten bisita, gure inguruko beste toki batzuk ezagutzeko aprobetxatzen baitu bidaia, besteak beste, Kursaal, Tabakalera, San Telmo museoa, Balenciaga museoa, eta Bilboko Guggenheim museoa.

  

1680