Singular Dendak marka, Gipuzkoako merkataritza bereizteko
Singular Dendak marka, Gipuzkoako merkataritza bereizteko
Lurraldeko establezimenduen profesionalizazioa eta bereizitasuna indartzeko hitzarmena
Gipuzkoako Aldundiak eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioak Singular Dendak sustatzeko lankidetza hitzarmena berritu dute. Singular Dendak kalitate zigilu bat da, Gipuzkoako merkataritzaren profesionalizazio, bereizitasuna eta kokapena sustatu nahi dituena. Foru erakundeak 150.000 euro bideratzen ditu urtero programa honetara. Egun 32 dendak dute zigilua lurralde osoan, eta indarberritze honen helburua da zigilua duten establezimendu kopurua ehunetik gora joatea.
Antton Tomasena Sustapen Ekonomikoko foru zuzendariak eta Iñaki Martinez Peñalba Merkatarien Federazioko lehendakariak ekimen hau aurkeztu dute gaur Donostiako Hawaii dendan, 2016an Sigular Dendak ekimenera batu den establezimenduetako bat. Biek programaren aldeko balantze bat egin dute, eta txalotu egin diete programara atxiki diren dendei profesionalizazio, bereizitasun eta kokapen hobe baten bila. Establezimendu honetako arduradunak, Diego Morok, egitasmoaren onuren berri eman die komunikabideei.
Zentzu horretan, hitzarmena berritu ondoren, helburua denda kopurua handitzea izango da, eta, baita ere, sektore gehiago batzea Gipuzkoako merkataritzaren bereizitasun eredu horretara.
Singular Dendak-ek helburu du bezeroari erosketa-esperientzia berezi bat ematea, tratu pertsonalizatuarekin eta xehetasunak zainduz. Hori dela eta, merkataritza hobetzeko prozesuetan oinarritzen da, eta bertan ari diren pertsona guztiak inplikatzen ditu, emaitzak lortzeko, bai bakarka, bai taldean. Aldi berean enpresen arteko lankidetza sustatzen da, eta merkataritzaren balioespen soziala hobetzen da.
Marka honen bidez, dendek hobekuntza prozesu bat ezartzen dute, hasierako diagnosi batetik abiatuta, bezeroari ematen zaion arreta eta laguntzan, salmenta puntuan eta komunikazioan. Ondoren, ekintza plan bat ezartzen da, profesionalizazioan, bereizitasunean, kokapenean eta komunikazioan sakontzeko.
2202