SOKA, euskal dantzaren urratsetan erakusketak argazki eta filmazio ia ezezagunak eskaintzen dizkigu
SOKA, euskal dantzaren urratsetan erakusketak argazki eta filmazio ia ezezagunak eskaintzen dizkigu
SOKA, Euskal Dantzaren Urratsetan erakusketa ikusgai Koldo Mitxelenan.
- Denis Itxaso: “Dantzak kulturen eta tradizioen elkarbizitzan betetzen duen zeregina aztertzen du Soka erakusketak"
Denis Itxaso Kultura diputatuak, Pantxoa Etchegoin Euskal Kultura Erakundeko zuzendariak eta Xabier Paya Donostia 2016ko Kultur egitarauaren zuzendariak SOKA, Euskal Dantzaren Uurratsetan erakusketa ibiltaria aurkeztu dute. Erakusketa Euskal Kultura Erakundeak antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta hiriburutzaren laguntzaz, eta gaur inauguratuko da 19:30ean Koldo Mitxelena kulturunean; apirilaren 2ra arte egongo da ikusgai.
Erakusketa Hiriburutzako Elkarrizketak programaren barruan sartzen da eta euskal dantza hobeto ezagutaraztea du xede. Eszenografiaren eta erakusketaren ikuspegitik, edukiak teknologia berrietan eta multimediak eskaintzen diren aukeretan oinarritzen dira, jendearengana modu erakargarri eta didaktikoan iristeko.
Aurkezpenean Itxasok adierazi du Soka erakusketa azken urteotan dantzaren inguruan egin den zabalkunde proiekturik handienetakoa dela. “Tradizioa eta historia ditu abiapuntu, baina dantzak egungo gizartean dituen esanahi berriak ere ikertzen ditu, dantzaren bidez sortzen diren harremanak, eta dantzak kulturen eta tradizioen elkarbizitzan euskal gizartean betetzen duen zeregina” azaldu du.
Erakusketa
Soka erakusketa hiriburutzarekin batera antolatzeak balio berezia duela nabarmendu du Kultura diputatuak: “Erakusketa modu bat da harremanetan jartzeko euskal dantza, bere tradizioa, historia eta sormena hiriburutzaren balioekin (elkarbizitza, partaidetza, aniztasuna…); eta horietatik abiatuta kanpora proiektatu eta zentzu unibertsala emateko. Hiriburutzak esparru bikaina eskaintzen digu Elkarrizketa hau taula gainean jartzeko eta elkarrizketa bat pizteko, ez bakarrik dantzaren iraganari eta tradizioari buruz, baita etorkizunari buruz ere” esan du.
SOKA erakusketa ibiltariak euskal dantza hobeki ezagutaraztea du helburu. Erakusketa multimedia, lau hizkuntzatan (euskara, frantsesa, gaztelera, inglesa), 130 m²-ko eremuan, 400 ilustrazio baino gehiago daude kontsultagarri bertan (argazki bildumak eta filmak, lekukotasunak, soinu zatiak...). Besteak beste Euskadiko Filmategiko altxor batzu erakutsiak dira bai eta bertze artxibo aski ezezagun asko ere. Artxibo horiei gehitu behar zaizkie euskal dantzaren estetikaz edota alderdi sozialaz erakusketarako eginak izan diren bideo sorkuntzak. Ukipen-pantailak, formatu handiko telebistak eta kuadro numerikoak baliatuak dira edukien aberastasuna bisitarien esku uzteko.
Dantzatik euskal munduari begiratzen dio erakusketa honek. Euskal dantzaren etorkizunaz galdetzen dio ikusleari, eta horrekin gogoeta gai du iragana, plaza, eszenatokia, gizartea, boterea, agintea, borroka, iraultza, jerarkia, berdintasuna, kohesioa, etena, gatazka, transmisioa, generoa, adina, protokoloa, plazera, liturgia, festa, tradizioa, berrikuntza, erlijioa, sekularizazioa, iraupena, haustura, gozamena, bikaintasuna, arrunkeria, ohitura, kultura, euskara, dantza, soka.
Euskal dantzaren SOKA
Eskuak elkarri emanez plazaratu dira luzaz euskaldunak dantzara: sokan. Belaunaldiz belaunaldi, kultura bat, hitz egiteko hizkuntza propio bat, munduratzeko txoko bat, elkarrekin bizitzeko dantza bat transmititu dute Euskaldunek soka--dantzan.
Euskara eta euskal dantza, horiek dira Euskaldunek komunikatzeko, sentitzeko eta bizitzeko dituzten berezko lengoaiak. Hitzen bidez gorpuzten da euskara, gorputzaren bidez hitz egiten du euskal dantzak.
Euskal dantza zer den, nork dantzatu duen, nolakoa den eta zergatik XXI. mendearen hastapenean Euskaldunek molde berezi horretan dantzatzen jarraitzen duten galdetzen dio bere buruari erakusketa honek.
Zergatik ez da eten dantzaren soka zaharra Euskaldunen herrian? Nola egiten da soka-¬dantzan globalizazioaren eta komunikazioaren aroan?
1675