Suhiltzaileen Zerbitzuak 2.115 esku-hartze egin zituen iragan urtean
Suhiltzaileen Zerbitzuak 2.115 esku-hartze egin zituen iragan urtean
Erdia baino zertxobait gehiago, %54, erreskateak eta salbamenduak izan ziren; heren bat berriz, %34, suteak
Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuak larrialdiko 2.115 esku-hartze egin zituen 2016an, urtean zehar gertatutako 1.911 ezbeharretan. Erdia baino zertxobait gehiago, % 54, erreskateak eta salbamenduak izan ziren; heren bat, %34, suteak izan ziren; eta gainerakoak, berriz, laguntza teknikoak (%4) eta alarma faltsuak (%8). Hala ondorioztatzen du gaur Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, eta Arkaitz Orbegozo zerbitzuburuak aurkeztu duten memoria estatistikoak,
Suteei dagokienez, ezbeharren kopurua guztira 652 izan zen. Horietatik, gehienak etxebizitzatan gertatutako hiriko sute txikiak izan ziren. Hala ere, 54 sute industrial ere izan ziren, fabrika, lantegi edo biltegietan; 37 landa eraikin edo baserrietan gertatu ziren; 72 baso edo landaredi suteak izan ziren; eta 106 garraioarekin lotutakoak.
Erregistratutako datuek erakusten dutenez, suteen %57 egunez gertatu ziren, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara. Hala ere, larrienak gauez gertatzen dira, sutea detektatzerako denbora gehiago igaro ohi baita, eta horrek sutea libreki zabaltzea errazten baitu, kalte handiagoak eraginez. “Gainera, ikusi da asteburuko egunetan sute gehiago egoten direla. Hain zuzen ere, larunbata da lurraldean sute kopuru gehien gertatzen den asteko eguna”, jakinarazi du Orbegozok.
1608