Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Suhiltzaileentzako 25 plazako lan eskaintza publikoaren azterketak egin dira gaur Ficoban

Suhiltzaileentzako 25 plazako lan eskaintza publikoaren azterketak egin dira gaur Ficoban

363 lagun aurkeztu dira probetara, oinarritan ezarritako baldintzak betetzen zituztenen %66

2017/05/25

Foru Aldundiak urte askoan egindako lehen Lan Eskaintza Publiko masiboa martxan da dagoeneko. Suhiltzaileentzako 25 plaza betetzeko lehiaketa-oposaketaren azterketa teorikoa egin da gaur Ficoba azoka gunen, eta 363 lagun aurkeztu dira guztira, oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen zituztenen %66, gutxi gora behera.  LEP horri esker, Aldundiak behin betiko bete ahal izango ditu, langile propioekin, suhiltzaile taldean zeuden hutsune estrukturalak, eta horrek onurak ekarriko ditu “estrategikoa” den Prebentziorako, Suteak Itzaltzeko, eta Salbamenduko foru zerbitzuaren egonkortasunean, kalitatean eta funtzionamenduan: “Bitartekoekin indartzen ari gara zerbitzua, bai giza baliabideekin, eta baita material eta antolamendu baliabideekin ere”, adierazi du Lasak. Ildo berean, LEParen aurretik, sarjentuen 13 plaza eta kaboen 5 plaza bete dira, kasu honetan barne promozioaren bitartez.

Azterketara aurkeztu direnek bete beharreko baldintzen artean, euskarazko 1. Perfila, eta C+E gida baimena daude. Oposizioaldian honako lau ariketa hauek egin beharko dira: ezagutza teorikoen eta kontu teoriko-praktikoen gaineko proba –gaur egindakoa-; proba fisikoak; proba psikoteknikoak, eta lanbide probak –azken hau borondatezkoa eta ez baztertzailea da, aurreko hirurak ez bezala-.

Formakuntza osagarria aintzat hartu da eta, Aldundiak legealdi honetan antolatutako lan poltsetan egindakoari jarraiki, eskarmentua ere baloratuko da suhiltzaile gisa, tokiko, foru edo autonomia administrazioan. Berritasunen artean, proba fisikoen baremazioan sakondu da sexuka, beste administrazioetan egin dena, eta EHU-UPV bezalako entitateek egindako azterketak kontuan oinarri gisa hartuta, historikoki maskulinizatutako sektorea honetan berdintasuna bultzatze aldera. Gaur egun Aldundiak dituen 156 suhiltzaileetatik, 3 baino ez dira emakumezkoak. Zazpi emakumezkok parte hartu dute gaurko proban.

Prozesua gainditzen dutenek, gehienezko 12 hilabeteko formakuntza eta praktika epea edukiko dute. Prozedura honetatik sortzen diren komunikazio eta jakinarazpenak Foru Aldundiaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratzen dira, www.gfaegoitza.eus helbide elektronikoan. Edonola ere, modu informatiboan, interesatuen esku jarri da prozesuaren informazio sistematizatua www.gipuzkoa.eus/enplegu-publikoa helbidean. Oinarriak, onartuen eta baztertuen zerrendak, ariketak egiteko egunak eta lortutako kalifikazioak kontsultatu ahal dira, besteak beste.

Lehen LEPa urteetan

2006an egin zuen Aldundiak bere azken LEP handia –7.708 eskaera aurkeztu ziren 193 plazarako-. Suhiltzaileentzako plazen azken eskaintza, berriz, 2008an egin zuen. Aurreko legealdian, enplegu eskaintza anekdotikoa izan zen, lau urteetan bost plaza baino ez baitziren atera. Oraingo honetan, aldiz, suhiltzaileen 25 plazataz gain, hemendik gutxira Ogasuneko teknikarien eskaintza publikoari dagozkion oinarriak onartuko dira, zerga iruzurraren aurkako borroka inspektore plaza berriekin sendotzea ahalbidetuko duena. “Eta honen ondotik ere, AOT edota gizarte politika arloetan ere LEPak egitea da gure asmoa. Aldundiaren etorkizuneko oinarriak jartzen ari gara”, nabarmendu du Lasak, gogoraraziz prozesi hori ezinbestekoa dela jubilazioek utziko dituzten hutsuneak betetzeko –hurrengo 6-8 urteetan langileen erdiak hartuko dute erretiroa-.

Gaineratu duenez, legealdia erdira iritsiko den honetan, Aldundia aurreko urteetako geldialdia gainditzen ari da “alor honetan ere”, enplegu publikoko eskaintzaren aldeko apustua eginez, “belaunaldi aldaketa gauzatzeko, ematen dugun zerbitzua modernizatu eta profil eta gaitasun berriak txertatzeko, eta interinitatea murrizteko tresna gisa. Administrazio publiko indartsu batean sinisten dugu, gizartearen behar eta exijentzia berrietara egokituko dena”.

Suhiltzaileen LEPa, azken bi urteetan estatuko aurrekontuek ezarritako erreposizio tasak aprobetxatuz egin da: 8 plaza 2015ko aurrekontuen barruan, eta 17 2016koetatik. Efikazia, efizientzia eta ekonomiari lotutako arrazoiak kontuan hartuta, Aldundiak komenigarritzat jo du aipatutako lanpostuak metatzea, hautapen prozesuak batera garatze aldera.   

  

1910