Telelanaren formularekin bat egin dute Foru Aldundiko 18 langilek
Telelanaren formularekin bat egin dute Foru Aldundiko 18 langilek
Kontziliazioa eta erantzunkidetasuna bultzatzeko helburu estrategikoari erantzuten dio proiektuak
Foru Aldundiak ezarri du dagoeneko enplegatu publikoek zerbitzua emateko sistema misto bat, zeinean ohiko lan presentzialaz gain lan ez-presentziala ere izango baita, telelanaren formularen bitartez. Lehen deialdia egin da, eta 18 pertsona ari dira bere lana modalitate horren bitartez egiten. Kasu gehienetan, asteko hiru lan jardunaldi etxetik egiten dituzte, eta beste biak lanpostu fisikoan, Aldundian. Foru Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da lan jardunaren eta bizitza familiarraren kontziliazioa eta erantzunkidetasuna bultzatzea, eta ahalegin horretan kokatzen da proiektua, “funtsezko elementuak baitira berdintasuna bultzatzeko, erakundetik bertatik hasita, hau da, gu ere eredu izanez”, azaldu du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.
24 foru langilek aurkeztu zuten, guztira, egitasmo horretan parte hartzeko eskaera, eta horietatik 18 onartu ziren. Eskaerak beti egongo behar dira senitartekoren baten zaintzari lotuta, eta baldintza da eskatzaileentzat, baita ere, lan modalitate honen bidez jarduteko moduko lanpostuak izatea. Parte-hartzaileen artean, 12 emakume eta 6 gizon daude. Zergatiari dagokionez, 15 eskaera seme-alaben zaintzari lotutakoak dira, eta 3, berriz, adinekoak diren senitartekoen zaintzari. “Errealitate hori gero eta ohikoagoa da gure gizartean, biztanleriaren zahartze prozesua dela-eta”, adierazi du Diputatuak. Departamentuei dagokionez, nabarmentzekoa da Aldundia osatzen duten bederatzi departamentuetatik, sei daudela ordezkatuta parte-hartzaileen artean.
Telelana ezartzeko erabakia maiatzeko Diputatuen Kontseiluan hartu zen, baina aurretik sei hilabeteko froga pilotua egin zen. 23 langile aurkeztu ziren hautagau gisa prozesu horretarako, eta bederatzi aukeratu ziren, baldintza guztiak betetzen zituztenak, alegia. Herritarren Partaidetzako zuzendaritzak koordinatutako parte-hartze prozesu baten bitartez egin zen froga. Langileak izan ziren bere burua ebaluatu zutenak proiektuari begira, eta horren ezaugarriak zein parte-hartzaile kopurua erabaki zituztenak, bilera irekien bidez. Bilera horietan, parte hartu zuten ere telelanarekin eskarmentua duten beste erakunde eta entitateetako langileek, haien bizipenak azaltzeko.
Izaera esperimentala zuen probak. Asmoa zen kopuru mugatu batetik abiatzea, bai pertsonena, bai lanpostuena eta bai iraupenean, ondorioak atera ahal izateko, eta Aldundi osoan telelana ezartzerakoan sor litezkeen balizko ahultasunak, zailtasunak edo ezbeharrak aurreikusi ahal izateko. Prozesuaren ebaluazioa egiteko unean, “oso irakurketa baikorra” egin zuten, “bai parte hartu zuten pertsonek, eta baita haien departamentuetako arduradunek ere. Satisfakzio mailak gora egin zuen, errendimendu onari eutsiz”. Hori horrela, lan formula hori irismen handiagoarekin eta behin-betiko ezartzea erabaki zen, aukera erakunde osora zabalduz. Abian den telelan aldia urtebetekoa da, eta hori igarotzerakoan, beste deialdi bat egingo da eskaera berriak jasotzeko eta daudenak berresteko.
Etxetik lan egin ahal izateko bitartekoetan inbertsioa egin behar izan du Funtzio Publikoko zuzendaritzak, baina merezi duela eman du aditzera Lasak. “Haien ardurapean adin txikikoak, zaintza bereziak behar dituzten adineko pertsonak, edo desgaitasuna edo gaixotasun larriak dituzten senitartekoen dauzkaten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen du telelanak. Lan jardunaldi osoak etxetik egin ahal izateak erraztu egiten du bizitza pertsonala, familiarra eta lana uztartzea. Hori da gure xedeetako bat. Dagoeneko 30 enpresa ari dira kontziliazio praktika berritzaileak martxan jartzen Etorkizuna Eraikizen eskutik, baina argi geneukan hasieratik, enpresetan errealitatea berri hau finkatu nahi bagenuen, guk ere eredu izan behar genuela erakundean bertan, eta koherentzaz jokatu behar genuela”.
Ildo horretan ere, bere barne antolaketan neurri ugari hartu ditu Aldundiak berdintasunaren helburuan sakontzeko: malgutasuna ordutegietan, haur eskolaren matrikularen zati bat ordaintzea, lanpostu jakin batzuen maskulinizazioa edo feminizazioaren inguruko hausnarketa, semealaben eskolako egokitze aldirako 20 orduko poltsa bat, aitatasun eta amatasun baimenak luzatzea, senitartekoen ospitalizazioagatik ematen diren baimenen muga handitzea, edota berdintasunaren arloan formakuntza kanpainak jartzea, oraindik ere desoreka handia baitago gizonen eta emakumeen artean baimenak eskatzerakian. “Horrek erakusten du zaintzen eta etxeko lanen arloa emakumeen gainean egoten jarraitzen duela askoz neurri handiagoan. Telelanaren formula eskatu duten gehienak ere emakumezkoak dira. Beraz, argi dago bide luzea gelditzen zaigula benetako berdintasuna lortzeko”, amaitu du.1448