Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ticket BAI 2021eko urtarrilean iritsiko da Gipuzkoara, eta 1.000 zergadunekin hasiko da lanean

Ticket BAI 2021eko urtarrilean iritsiko da Gipuzkoara, eta 1.000 zergadunekin hasiko da lanean

Era mailakatuan hedatuko da 2022 amaiera bitartean, 54.000 zergadun ingurura iritsi arte; hau da, jarduera ekonomikoak dituzten guztiak

2019/12/17

Ticket BAI 2021eko urtarrilaren 1ean iritsiko da Gipuzkoara, eta 1.000 zergadun inguruko kolektibo batekin hasiko da lanean. Hurrengo hilabeteetan eta 2022ra bitartean, zerga betebehar berri hau era mailakatuan hedatuko da, euskal zerga ikuskaritza eskumeneko diren eta jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadun guztietara iritsi arte. Gipuzkoan, 54.000 inguru dira. “Ticket BAI enpresa handi eta txikietara iritsiko da, saltokietara, autonomoetara… eta honi esker Euskal Autonomi Erkidegoan egiten den jarduera ekonomiko guztia monitorizatu ahalko du zerga administrazioak”, azaldu du Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak.

            Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur, proiektu honek Gipuzkoan izango dituen ezaugarrien berri emateko. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean bultzatu duten proiektua da Ticket BAI, baina lurralde bakoitzean modu ezberdinean gauzatuko da. Praktikan, lurraldeko jarduera ekonomiko guztia Ogasunarekin konektatutako du eta, Gipuzkoan, foru erakundeak egiten den salerosketa bakoitzaren informazioa denbora errealean jasoko du. “Tresna berri honi esker, sekulako aurrera pausoa emango dugu zerga iruzurraren aurkako borrokan, iruzurgileen lehiakortasun desleiala ezabatzen lagunduko baitu. Era berean, zerga betebeharrak betetzeko kostuen murrizketa ekarriko du, eta hobetuko babestuko ditugu bezeroen eskubideak”, aldeztu du.

            Ticket BAIren etorrerak zergaduna bere fakturazio sistema egokitzera behartuko du. Horretarako, sistema hauen hornitzaileekin jarri beharko du harremanetan zergadunak, Ticket BAI ezartzeko zer behar duen ezagutzeko. Foru Ogasunak hilabeteak daramatza eragile hauekin lanean. Ticket BAI sistemaren baldintzak datorren ostegunean, hilak 19, argitaratuko dira Gipuzkoako foru Ogasunaren web orrian, eta internetera konexioa eta Ticket BAI sistema martxan jarri ahal izateko euskarria izatera behartuko du (ordenagailua, saltokietako terminala, ordenagailu pertsonala…).   

            2020ko urtarrilean argitaratuko da ezarpen egutegia, eta bertan jasoko da kolektibo bakoitzak noiz izan behar duen sistema berria ezarrita. Datorren urtean zehar, proiektua martxan jartzeko beharrezkoak diren araudi aldaketak ere egingo dira. Gainera, Larrañagak aurreratu duenez, Gipuzkoako foru Ogasunak zerga pizgarriak edo laguntzak jarriko ditu martxan, Ticket BAIren baldintzak betetzeko zergadunak egin beharko dituen inbertsioei bere ekarpena egiteko. 

Nola funtzionatzen du?

Erosle batek produktu edo zerbitzuren bat erosten duenean lurraldeko saltokiren batean, Ticket BAI sistemaren baldintzak betetzen dituen fakturazio programak fitxategi bat sortuko du, eta bertan jardueraren kontrolarentzako beharrezkoa den zerga informazio guztia jasoko da. Ogasunarekin konektatuta dagoenez, dokumentu hau foru erakundera igorriko da salmentaren tiketa atera bezain pronto. Bitartean, bezeroak jasoko duen tiketean ikusi ahal izango du saltokia Ticket BAI sisteman dagoen, kode berezi bat eta QR kodea izango baitu fakturak. Hauei esker, bezeroak faktura ondo igorrita dagoela egiaztatu ahal izango du.

            Ticket BAIk fakturak kateatzeko sistema bat darabil eta, gainera, elektronikoki sinatzen ditu fakturak, honela hauek eraldatu edo ezabatzea galaraziz. “Honi esker, erregistro informatikoen egiazkotasuna, osotasuna, trazabilitatea eta aldatu ez izatea bermatzen dugu. Hau da, behin igorri ostean, fakturak ezingo direla aldatu edo borratu ziurtatuko dugu”, azaldu du Larrañagak. “Ticket BAI martxan jartzerako orduan, inguruko herrialdeetako esperientziak izan ditugu kontutan, bai eta ELGAk egindako gomendioak ere. Alemania, Kanada, Suedia, Austria, Portugal… antzeko sistemekin dabiltza, eta esperientzia oso positiboa izaten ari da”, gaineratu du.

Estrategia integrala

Ogasuneko diputatuak gogoratu duenez, zerga iruzurraren kontrako borroka hizki larriz dator jasota Gipuzkoako Foru Aldundiaren agenda estrategikoan, eta bai aurreko legealdian zein honetan foru erakundea apustu irmoa egiten ari dela alor hau baliabide teknikoekin eta langile gehiagorekin indartzeko. Honela, gogoratu du 2015 eta 2019 urteen artean 45 lagunekin indartu zela zerga ihesaren kontrako borroka, eta Aldundiak martxan dituela Enplegu Publikoko Eskaintza prozesuak, foru Ogasunean enplegua egonkortzeko.

Teknologiaren esparruan, foru Ogasunak 2018 urtean jarri zuen martxan Berehalako Informazio Hornidura (BIH) izeneko proiektua, eta honekin enpresa handiek eta esportatzaileek beraien BEZaren fakturen datuak zuzenean Ogasun departamentuari igortzen dizkiote, modu telematikoan. “Zergadun handienekin hasi ginen eta orain Ticket BAI proiektuarekin, jarduera ekonomikoaren gainerako sektoreetan antzeko kontrola ezarriko dugu”, azaldu du foru diputatuak. Gainera, foru Ogasuna garatzen ari den Big Data proiektuetan ere jarri du azpimarra Larrañagak. Esan duenez, hauen garrantzia berebizikoa izango da, Ticket BAI sistemaren bitartez jasoko den informazio andana kudeatu ahal izateko. 
  

3493