Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Tolosaldeko antolamendu-planaren sinadurak azpiegitura berrietarako atea irekitzen du

Tolosaldeko antolamendu-planaren sinadurak azpiegitura berrietarako atea irekitzen du

Plan honek Gipuzkoan udalerri gehien duen eskualdean du eragina, eta, hura prestatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean jardun du 28 udalerrirekin; onesteko zegoen azken LPPa zen, eta bi hamarkada zeramatzan geldirik, adostasunik ez zegoelako.

Erakundeen arteko lankidetzari esker, aurrera atera ahal izan da Tolosaldeko Lurralde Plan Partzialaren (LPP) onespena, Gipuzkoako lurraldean egiteke dagoen planetako azkena. Bere 6 funtzio-arloetako bati dagokionez, Tolosaldeko proiektuak 28 udalerriren antolamendua jaso du; 45.000 biztanle inguru ditu. Duela bi hamarkada baino gehiago hasi zen prestatzen, eta, haren onespenaren bidez, besteak beste eskualderako bi eragiketa estrategiko garatu ahalko dira: Villabona-Anoeta korridorea eta Tolosa-Ibarrako hegoaldeko zona; haien bidez, hiri-garapen mistoa egin ahalko da, ekonomiako, egoitzako eta ekipamendu berrietako jarduerarekin.

 

Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak erakundeen arteko lankidetza-lanaren balioa nabarmendu du; izan ere, haren bidez, azkenean proiektua itxi da, eta, adierazi duenez, “oso pozik gaude urteetan zehar geldirik egon den proiektua amaitzen laguntzeagatik”. “LPP hau onesteko zegoen eta premiazkoa zen; haren bidez, datozen urteotan, Tolosaldeko herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetu ahalko dira”, esan du.

 

 

 

 

 

2016an Donostialdeko LPPa onetsi ondoren, Tolosaldea zen lurralde-antolamenduaren jarraibideak ezartzeko zeuden sei funtzio-arloetako azkena. 2005ean eta 2006an, Debagoieneko, Debabarreneko eta Urola Kostako planak onetsi ziren, hurrenez hurren, eta, 2009an, Goierrialdekoa.

 

Lurralde Plan Partzialak eskualde bateko edo funtzio-arlo bateko garapena antolatzeko irizpideak proposatu eta ezartzeko tresnak dira, eta, gainera, ondoren Tolosaldeko LPPk eskualdeko udalerrietako hirigintza-plangintza orokorra idazteko jarraibideak zehazten ditu.

 

Tolosaldeak gainerako eskualdeek baino biztanle gutxiago ditu -45.000 biztanle-, eta, hala ere, arautu beharreko udalerri-kopuru handiena duen arloa da: 28 udalerri, guztira. Planean haiekin guztiekin ezarritakoaren inguruko akordioaren ondoren, eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketako Zuzendaritzak, gaur, Lurralde Plan Partzial hau izapidetzen amaitu du, onarpen formalaren ondorioz.

  

1881